'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloak hartuko dau Bidebarrietako liburutegia zemendiko eguenetan

Bizkaie! 2015-11-04 11:07

Emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena nabarmentzeko antolatu dau zikloa Bilboko Udalak, EHUgaz alkarlanean. Bosgarren edizinoa da aurtengoa. Lau berbaldi egongo dira, zemendiko lau eguenetan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. 'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloko lehenengo hitzordua hilaren 5ean izango da, medikuntzan doktorea dan Elena Aldasororen eskutik.

Medikuntzearen arloko ikerketa zientifikoak emakumeei zenbaterainoko onurea eta kaltea egiten deutsen aztertuko dau Elena Aldasorok zikloko lehenengo berbaldian. Izan be, botikak probetako eta gaixotasunak ezagutzeko azterlanetan arrak erabilten dira emeak baino askoz gehiago eta, hortaz, ataratako ondorioak egokiak dira gizonentzat, baina ez derrigorrez emakumeentzat. Elena Aldasoro medikuntzan doktorea da eta Jaurlaritzako Osasun Saileko ikerlaria, beraz gaia hurretik ezagutzen dau.

Hurrengo hitzordua zemendiaren 12an izango da. CSIC ikerketa zentroko Flora de Pablok sexuaren garrantzia aztertuko dau. Bere esanetan, emakume izateak baldintzatu egiten dau gaur egun ibilbide zientifikoa. Emakume ikertzaileek daukiezan erronkez berba egingo dau.

Hilaren 19an, ostera, Maria Josefa Yzuel izango da protagonistea. 50 urtetik gorako ibilbidea bete dau Yzuelek ikerketa zientifikoaren alorrean. Solasaldi formatuan egingo da saioa eta EHUko Javier San Martin izango da moderatzailea.

Zikloa amaitzeko, hilaren 26an, Gotzone Barandika doktoreak Rosalind Franklin (1920-1958) aurkeztuko deutse entzuleei. DNAren egiturea ezagutzeko ezinbesteko lana egin eban Franklinek 20. mendearen erdialdean, baina sasoi haretan ez eban merezidutako errekonozimendurik jaso.

Berbaldi guztiak iluntzeko 19:30ean hasiko dira. Sartzea libre eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu