Zinebi 57k Aitor Mazo zanari emongo deutso Ohorezko Mikeldia
2015-10-21 15:26 ZinemeaBilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 57. edizinoak bilbotar eta antzezle handiari esango deutso agur, baina, batez be, bere ibilbide luzean beragaz lanean ibili diran lankide askok eta askok gogoratu dabenez, talentuz betetako eta bere lanbideagaz maitemindutako umore bikaineko lagun handiari esango deutso agur.
Zemendiaren 13tik 20ra 57. edizinoa ospatuko dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (ZINEBI) hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emongo deutso orain denpora gitxi hildako Aitor Mazo antzezleari. Saria, ohikoa danez, Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, zemendiaren 13an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera,egingo dan Zinebi 57ren inaugurazino ekitaldian emongo da.
Zinebi 57k, joan dan maiatzean hil zan Aitor Mazo antzezle bilbotar handiari emongo deutso bere Ohorezko Mikeldietako bat. Sari hori bilbotar guztien maitasunaren eta jaialdiak goitik beherako antzezle baten lanaren aurrean dauen aintzatespenaren adierazpena da. Erregistro dramatikoen aniztasun handia eta antzezle legez izan dauen izakera indartsua adierazgarriak izan dira Aitorren ibilbide osoan.
1961ean, Santutxu auzoan jaio zan Aitor Mazok fotogenia eta aldakortasun handiko fisikoa izan eban, eta horrek mueta guztietako lanak egiteko aukerea emon eutson antzerkiko antzezle, eta gure herrialdeko zinema zuzendari onenen esanetara eta telebista saio handienetan ibilitako ezinbesteko antzezle legez. Gazterik izan eban antzerkirako bokazinoaren ondorioz Maskarada taldean sartu zan, eta hori izan zan bere benetako eskolea, gaztelaniaz zein euskeraz. Izan be, heriotzeak Tanttaka konpainiagaz lanean ebilela harrapau eban. Konpainia horregaz bira batean egoan, Alfredo Sanzolen La calma mágica lanagaz.
Zinemako antzezle legez egin zituan lehenengo lanak A los cuatro vientos (José Antonio Zorrilla, 1987) eta Vacas (Julio Médem, 1992) izan ziran, eta horreen ondoren bigarren mailako antzezle lanak be egin zituan Gonzalo Suárezen (La reina anónima, 1992), Luis García Berlangaren (Todos a la cárcel, 1993), Enrique Urbizuren (Cachito, 1995) edo Juanma Bajo Ulloaren (Airbag, 1997) filmatan. Azken lan hori oso garrantzitsua izan zan haren karreran.
Aitor Mazoren filmografiak beste lan askogaz jarraitu eban, Álex de la Iglesiaren (La comunidad, 2000), Emilio Martínez Lázaroren (La voz de su amo, 2001), Manuel Gutiérrez Aragónen (Visionarios, 2001), Francesc Bellmunten (Lisístrata, 2002), Miguel Courtoisen (El lobo, 2004), Daniela Fejermanen (Siete minutos, 2009), Ernesto del Ríoren (Valeria descalza, 2011) eta Pablo Maloren (Lasa y Zabala, 2014) esanetara; 2014. urtean, Emilio Martínez Lázaroren Ocho apellidos vascos lanean be hartu eban parte, parroko lotsabako samar eta maitakorrarena eginez.
Aitor Mazok gidoilari eta zuzendari lana be egin eban Patxo Tellería lankide eta lagunagaz La máquina de pintar nubes (2009), Versión Española-ALMA Film Luzeen Lehenengo Gidoi Lehiaketearen saria irabaziz, eta Bypass (2012) lanetan. Horrezaz gan, hainbat film laburretan be hartu eban parte, horreen artean zineman egindako bere azken lana izan danean, Zinebi 57rako aukeratutako Artificial (David P. Sañudo, 2015). Film hori jaialdiaren inaugurazino ekitaldian ikusi ahal izango da, euskal zinemeari eskainitako lehiaketa barruko sekzino ofizialean.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 57. edizinoak bilbotar eta antzezle handiari esango deutso agur, baina, batez be, bere ibilbide luzean beragaz lanean ibili diran lankide askok eta askok gogoratu dabenez, talentuz betetako eta bere lanbideagaz maitemindutako umore bikaineko lagun handiari esango deutso agur.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!