Burdinbidearen Euskal Museoak bere 21. urteurrena ospatuko dau zapatuan
2015-10-07 14:23Burdinbidearen Euskal Museoak bere 21. urtemugea ospatuko dau datorren zapatuan, urriaren 10ean. Egun berezia atondu dau Azpeitiko museoak, eta lurrunezko trakzinozko bost ibilgailu abian jarriko ditu, Azpeititik Lasaorako linean bidaiarien hiru zirkulazino eskainiz.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoan Euskotren soziedade publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak bere 21. urtemugea ospatuko dau datorren zapatuan, urriaren 10ean. Egun berezia atondu dau Azpeitiko museoak, eta lurrunezko trakzinozko bost ibilgailu abian jarriko ditu, Azpeititik Lasaorako linean bidaiarien hiru zirkulazino eskainiz, baita bestelako mobimentu batzuk be museoaren trenbide zabalgunean. Era berean, zapatuan bertan, Portugaleko Trenbideen Allan 301 diesel-elektriko automotore batek zirkulauko dau.
Museoko arduradunek jakinarazo dabenez, zapatuan, 11:30ean, 1853ko Allan 301 diesel-elektriko automoreak (Portugaleko trenbideak) urtengo dau; 12:30ean, 1913ko Portugal lurrunezko tren-makineak; 17:00etan, 1888ko Zugastieta lurrunezko tren-makineak; eta 18:00etan, barriz, 1898ko Aurrera lurruneko tren-makineak.
Horrezaz gan, egun osoan zehar, Azpeitiko museora doazen bisitariek Burdinbidearen Nafarroako Lagunen Alkarteak gidatutako modelogintzako tren baten erakusketaz gozetako aukerea izango dabe. Era berean, Artxandako Funikularraren lehen mendeurrenaren aldi baterako oroitzapenezko erakusketea inaugurauko da. Gainera, domekan, urriaren 11ean, lurrunezko tren batek urtengo dau museotik 12:30ean.
Jardunaldi honetan Museoaren ordutegia goizeko 10:30etik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30era izango da. Azpeitia eta Lasao arteko lurrun trakzinoko zirkulazinoen joan-etorriko txartelak 6 euro balio ditu. Prezio horren barruan Museorako sarrerea be sartzen da.
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetako bat dauka, mueta askotako ibilgailuakaz: lurrunezko eta diesel-elektriko tren-makinak, automotoreak eta bagoi mueta desbardinak. Era berean, Euskadiko makina tresna multzorik osotuena eskaintzen dau, Urolako Trenbidearen antxinako tailer mekanikoaren bidez. Horrezaz gan, XIX. mende amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat dauka, baita munduko trenbide erlojuen bildumarik onenetakoa be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!