Alex Txikon barriro ahaleginduko da Nanga Parbat neguan igoten

Bizkaie! 2015-10-07 12:32

Orain arte inork be lortu bakoa egiteko zorian egon ziran Alex Txikon eta bere kideak igazko neguan: Nanga Parbat mendia (8.126 m) neguko denporaldian igotea. Azkanengo uneko huts baten erruz ez eben tontorreraino heltzerik euki. Aurtengo neguan, 2016aren hasieran hain zuzen, barriro ahaleginduko dira. Txikonegaz batera, igazko sokakide Ali Sadpara eta Daniele Nardi doaz, baita Janusz Golab eta Ferran Latorre be.

Orain arte inork be lortu bakoa egiteko zorian egon ziran Alex Txikon eta bere kideak igazko neguan: Nanga Parbat mendia (8.126 m) neguko denporaldian igotea. Azkanengo uneko huts baten erruz ez eben tontorreraino heltzerik euki. Aurtengo neguan, 2016aren hasieran hain zuzen, barriro ahaleginduko dira. Txikonegaz batera, igazko sokakide Ali Sadpara eta Daniele Nardi doaz, baita Janusz Golab eta Ferran Latorre be. Abendu amaieran joango dira Pakistan aldera eta espedizinoa hile bi ingurukoa izatea aurrikusi dabe.

Alex Txikonek berak azaldu dauenez, Nanga Parbat mendiaren Diamir isuraldetik egingo dabe gorako bidea, Kinshofer izeneko bide batetik. Oraingo honetan, bi barik, lau kide izango ditu alboan, danak goi mailako alpinistak. Igaz lemoarragaz joandako Ali Sadpara pakistandarra eta Daniele Nardi italiarra barriro egongo dira abentura honetan. Ferran Latorre kataluniarra eta Janusz Golab poloniarra batu jakez oraingoan.

Neguko espedizinoak ohikoak baino gogorragoak eta aurrikusten gatxagoak izaten dira Himalaia eta Karakorum aldean. Izan be, eguraldi aproposerako tarte gitxiago egoten da eta ez da erraza baldintza egokiak topetea. Era berean, edur gehiago egoten da aldatzetan eta hotz izugarria egiten dau. Hartara, hile biko espedizinoa izan leitekelakoan dagoz Txikon eta kideak. Aurtengo abendu amaieran joango dira Pakistanera eta zezeilean amaitzea espero dabe.

Nanga Parbat (8.126 m) eta K2 (8.611 m) neguan igon bako zortzimilako mendi bakarrak dira gaur egun. Biak Karakorum mendilerroan dagoz. Nanga Parbat munduko mendirik altuenen zerrendan bederatzigarrena da eta arriskutsuenetako bat be bada. Azpi-azpian Indo ibaiaren arroa dago, 7.000 metro beherago. Tontorraren ingurua harri eta izotzezko gandor luze bat da. Hiru isurialde nagusi daukaz eta Txikonen espedizinoak Diamir izenekotik igongo dau.

Igazko lana hobetzera doala ziurtau dau Alex Txikonek. Izan be, igazko neguan, Nanga Parbaten egon ziran Sadpara, Nardi eta bera. Tontorrera heltzear egon ziran hirurak baina altureak Sadparari buruan eragin eutsan eta bidea galdu eban (pakistandarra zan bidea ondoen ezagutzen ebana). Okerreko bidetik atzera eta aurrera ibili eta gero, kanpamendura bueltau behar izan eben. Une larria izan zan, Sadpararen egoerea gero eta txarragoa zalako. Estu eta larri, baina pakistandarra onik bajatu ahal izan eben eta ondo osatu zan gero.

Helburua lortu barik be, pozik geratu zan Alex Txikon. Neguan beste inor ez da egon eurak hirurak baino gorago Nanga Parbaten. Aurtengo neguan barriro helduko deutsie erronkeari, esperientzia eta inguruaren ezagutza hobeagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu