Irailean eta urrian Deustuko Unibersidadeko sifoia bisitau ahal izango da

Bizkaie! 2015-09-10 12:55

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta AZTI Teknologia zentroak alkarren artean antolatu daben Itsasadarraren magia – 35 urte bizia sortuz egitasmoak ekimen barria jarriko dau martxan irailean. Ekimen horren bitartez, herritarrek Unibersidadeko Sifoia izenez ezagutzen dana bisitau ahal izango dabe, Bizkaiko saneamendu sareko lur azpiko instalazino berezienetakoa.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta AZTI Teknologia zentroak alkarren artean antolatu daben Itsasadarraren magia – 35 urte bizia sortuz egitasmoak ekimen barria jarriko dau martxan irail honetan. Ekimen horren bitartez, herritarrek Unibersidadeko Sifoia izenez ezagutzen dana bisitau ahal izango dabe, Bizkaiko saneamendu sareko lur azpiko instalazino berezienetakoa eta ikusgarrienetakoa.

Unibersidadeko Sifoia, Ur Partzuergoak Bilboko Deustua auzoan eregitako azpiegiturea da, Itsasadarraren eskuinaldetik Galindoko (Sestao) EDAR izenekora bitarteko hondakin urak jasoteko. 1997tik martxan dagoan azpiegitura horren helburu nagusia Itsasadarren alde batetik besterako ur joan-etorri hori posible egitea da, araztegira egin beharreko bidean. Putzu horretaraino 300.000 biztanle baino gehiagoren ur zikinak heltzen dira egunero.

Izan be, 2000. urtetik Bilbok hondakin ur guztiak jaso eta tratau egiten ditu eta, ondorioz, ez dago isurketa kutsagarririk; etxeetako eta industriako ur zikin guztiak kilometroak beteten dituen kolektoreen eta intertzeptoreen bitartez bideratzen dira Galindoko araztegiraino. Sifoia, ubidearen azpian hatxean zulatutako galeria batek lotutako bi putzu bertikal handik osotzen dabe. Putzuen maila aldaketak sifoi efektua eragiten dau, eta horrek hodi handien bitartez bultzatzen ditu urak. Horrezaz gan, instalazinoak usainak tratetako eta garbitzeko sistema modernoa be badauka, eta horri esker urigunean sor daitekeen edozein eragin negatibo indarrik barik ixten dau.

Ibilbide gidatua Ur Partzuergoaren instalazino honetan abiatuko da. Horren eraikin nagusia kale mailan dago, Botika Zaharrean. Bisitaria Bilboko lur-azpira bajatu ahal izango da, eta itsasadarraren beste aldean azalerara urten ondoren, Arte Eder Museoaren ondoan, Itsas Museoraino ibilalditxua egingo da, Itsasadarraren Magia erakusketea bisitetako, hori be aditu baten laguntzinoagaz. Aurretik izena emon ostean dobakoa izango dan ekimena datorren zapatuan, hilaren 19an eta 26an eta urriaren 3an eta 10ean izango da, goizeko 11:00etatik aurrera, eta aurreikusitako iraupena bi ordu eta erdikoa izango da.

Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, eta talde bakotxean 20 persona baino ez dira joango; era berean, parte hartzeko gomendatzen dan gitxieneko edadea 7 urtekoa da. Beste alde batetik, industria instalazinoa danez, eta puntu batzuetan eskailerak eta maila aldaketak dituanez, oinetako erosoak eroatea gomendatzen da. Ibilbide osoa ez dago egokituta urritasun fisikoa daben personentzat. Izen emotea bihartik aurrera egin ahal izango da, 946870402 telefono zenbakiaren bitartez.

Beste alde batetik, domeka guztietan, datorren urriaren 25era arte, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bisita gidatua eskainiko dau Itsasadarraren magia osotzen daben elementu eta material guztiak ezagutzeko. Museoan egingo dan ibilbide gidatua eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta ez dau museoaren sarrereari gehitu beharreko kosturik izango, baina kasu honetan be plazak mugatuak izango dira.

Horrezaz gan, datorren barikuan hasiko dira barriro Itsasadarraren ingurumen egoera egokia egiaztatzeko itsasontziz egingo diran ibilbideak, aldian behin egiten diran ingurumen zainketa lanak azalduko dituan AZTIko ikerlari batek gidatuta. Ia 400 lagunek hartu dabe parte bagilean eta garagarrilean egindako sei ibilaldietan, eta oso modu positiboan balorau dabe ekimena eta ibilaldian jasotako azalpenak. Irailean hiru urteera egingo dira, eta urrian beste bi.


Goitik beherako aldaketea

Maiatzaren 28an zabaldu zan Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz erakusketea. Hasteko kolektore handiaren etxurea dauen egiturea ikusiko dabe bisitariek eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan be, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazino-prozesu handia abiarazo eban, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazinoan eta industria siderurgikoan oinarrituta. 

Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estaduko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zan. Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziran. 1900. eta 1975. urteen artean, populazinoa laukoiztu egin zan. Ezelako antolakuntzarik bako uri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltearen ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziran ubidera, aurretik ezelako tratamendurik emon barik, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziran egunero, eta, ondorioz, oxigenorik bako estolda bihurtu zan.

Bilbo Metropolitarraren Osoko Saneamendu Planaren helburu nagusietakoa Bilboko Itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzea izan zan, hain zuzen be, eta horretarako % 60ko oxigenazinoa ezarri zan uren kalidadearen estandar moduan. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 80ko hamarkadearen hasieran jarri eban martxan programa hori, EAEn egindako ingurumen proiekturik garrantzitsuena, 1.000 miloe eurotik gorako inbersinoagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu