'Loreak' euskerazko filma, Oscarra eskuratzeko hautagai

Bizkaie! 2015-09-08 13:41   Barriak

Espainiako Zinema Akademiak 88. Oscar sarietan, ingelesezkoa ez dan film onenaren kategorian, zein film aurkeztuko dauen aukeratzeko lehen hautaketea egin dau: Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariena, euskerazko lana, Magical Girl Donostiako igazko Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea eta Felices 140 Gracia Querejetaren lana.

Espainiako Zinema Akademiak 88. Oscar sarietan zein film aurkeztuko dauen aukeratzeko lehen hautaketea egin dau, eta gaur emon dabe hiru finalisten barri Jesus Castro eta Adriana Ugarte aktoreek: Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariena, euskerazko lana, Magical Girl Donostiako igazko Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea eta Felices 140 Gracia Querejetaren lana; hiru horreetako bat izango da Espainiako Akademiaren izenean 2016ko Oscarretarako lehian, ingelesezkoa ez dan film onenaren kategorian.

Irailaren 29an iragarriko dabe, Antonio Resines Akademiako presidenteak aurreratu dauenez, hiru film horreetako zein bialduko deutsien Hollywoodeko Akademiari, AEBko zinemearen sari handietarako hautagaien artean aintzat hartu daian.

Loreak 2014. urtean Jon Garaño eta Jose Maria Goenagak idatzi eta zuzendutako euskal filma da. Igazko Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean izan zan, historia osoan euskerazko bigarren filma izanik; lehenengoa Ke arteko egunak izan zan 1989an.

Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren filmak ibilbide oparo egin dau eta sari ugari eskuratu ditu, besteak beste, Siberiako Zinema Jaialdiko filmik onenaren saria, pelikula latino onenarena Palm Springseko zinemaldian edota Espainiako film onenaren Sant Jordi saria;  Goya sarietarako be izendapen bi jaso zituan, tartean film onenarena. Laster Edinburgoko Zinema Espainiarraren jaialdian be egongo da, 80 egunean filmagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu