Alex Txikon Thalay Sagar (6.904m) mendiaren ipar-mendebaldeko ertzpeko 300 metroko hormatzarraren oinarrian da

Bizkaie! 2015-09-08 10:35

Alex Txikon buru dauen taldea heldu da azkenean Thalay Sagar (6.904m) mendiaren ipar-mendebaldeko ertzpeko 300 metroko hormatzarraren oinarrira. Puntu horretara arte, 2004. urtean Stephan Siegrist eskalatzaile alemaniarrak eta haren kideek zabaldutako bide beretik egin dabe gora.

Aurreikusi ebena baino mantsoago ibili izan badira be, Alex Txikon buru dauen taldea heldu da azkenean Thalay Sagar (6.904m) mendiaren ipar-mendebaldeko ertzpeko 300 metroko hormatzarraren oinarrira. Puntu horretara arte, baieztatu deuskuenaren arabera, 2004. urtean Stephan Siegrist eskalatzaile alemaniarrak eta haren kideek zabaldutako bide beretik egin dabe gora; aurrerantzean, ostera, bariante barri batetik jarraituko dabe: Orain gure eskumarantz egingo dogu –mendebalderantz–, eurek ezkerrerantz jo eben. Paretean beste hiru bat egun beharko dituela kalkulau dabe, hormea ekipetako; ondoren, tontorreranzko azken 500 metroei helduko deutsee alpetar estiloan.

Irailaren 1ean, oraindino Ekaitz eta Daniele barik (gogoratu biek Gangotrira bajatzea erabagi ebela altuerearen ondoriozko ondoeza osatzeko eta irailaren 3rako espero zala bueltan izatea), eskalatzaileek lehenengo Kanpalekua lekualdatu eben oso-osorik. Bina saiotan, 5.100 metrotik 5.300 metrora igon eben guztia. Aurrerantzean, abiapuntu eta atseden-toki aurreratuagoa izango eben korridorean gora hormearen oinarrirantz metroak irabazten ibili bitartean.

Holan, hilaren 2an, 5.800 metrora heltzea lortu eben. Eguenean, Txikon izan ezik, ganerako soka kideek Behe Kanpalekuranzko bidea hartu eben Maiz eta Nardiren erreleboa baetorrela jakinik. Edozelan be, eguraldi txarrak bi eguneko geldialdia egitera behartu zituan Txikon, Nardi eta Maiz.

Irailaren 5ean, lanari ekin eutsien baina 5.850 m. baino harago igoterik ez eben lortu. Domekakoa, barriz, saio emonkorragoa izan zan, holan azaldu euskun Txikonek komunikazino aukera labur batean: 230 metro soka jarri dogu 6.050 metrora arte, hormearen oinarrira heldu gara. Hasierako luzeak edur gainean izan dira, azkenekoak, ostera, terreno mistoan. Asko gozau dogu, eta aurreko egunotan baino askoz gehiago eskalau eta aurreratu izanaren sensazinoagaz itzuli gara 1go Kanpalekura.

Hilaren 7an, Felix Criadok, Txus Lizarragak eta Ekaitz Maizek, Alex Txikon nekaezinagaz batera, material gehiago igon dabe aitatu puntura, hau da, Thalay Sagar (6.904 m.) mendiaren ipar-mendebaldeko ertzpera, 300 metroko hatxezko hormatzarraren oinarrira. Paretean beste hiru bat egun beharko dituela kalkulau dabe, hormea ekipetako; ondoren, gailurreranzko azken 500 metroei helduko deutsee alpetar estiloan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu