Bermeoko egurrezko itsasontzi bat salbetako deia egin dabe

Bizkaie! 2015-08-24 11:38

Gure Itxarkundia itsasontzia asteon bertan desegitera bialdu nahi dabenez, Bermeoko herritar talde batek preminazko deia egin dau, ontzia konserbau eta ondare legez gordeteko. Aditu batzuek eta Bermeoko Udaleko oposizinoko talde politikoek be bat egin dabe eskariagaz. Izan be, Gure Itxarkundia Bermeon geratzen dan egurrezko azkenengo arrantza-ontzia da. Udalari edo beste erakunde batzuei eskatu deutsie ontziaren ardurea hartzeko. Jaubeak ontzia doban lagateko prest ei dagoz.

Gure Itxarkundia itsasontzia asteon bertan desegitera bialdu nahi dabenez, Bermeoko herritar talde batek preminazko deia egin dau, ontzia konserbau eta ondare legez gordeteko. Aditu batzuek eta Bermeoko Udaleko oposizinoko talde politikoek be bat egin dabe eskariagaz. Izan be, Gure Itxarkundia Bermeon geratzen dan egurrezko azkenengo arrantza-ontzia da. Udalari eskatu edo beste erakunde batzuei eskatu deutsie ontziaren ardurea hartzeko. Jaubeak ontzia doban lagateko prest ei dagoz.

Bermeoko ontziolan bertan eregi zan Gure Itxarkundia 1992an, bajurako arrantzan jarduteko. 40 metro luze eta sei zabal da. Bermeon eregitako egurrezko azkenengo itsasontzia izan zan. Zaharkituta geratu danez, armadoreak ontzia erretirau egin dau eta egunotan dira berau desegiteko.

Gure Itxarkundia desegitea Bermeoko eta euskal kostaldeko ondarerako galera handia litzatekeelakoan, herritar talde batek oharra plazaratu dau eta eskaria egin deutse erakunde publikoei, ontziaren ardurea hartu deien. Bermeoko herritar batzuek eta aditu talde batek sinatu dabe idatzia eta Bermeoko Udaleko oposizinoko hiru talde politikoek babestu dabe. Gure Itxarkundia konpontzea ez litzatekeela larregizko gastua izango dinoe, oraindino egoera nahiko onean dagoalako.

Preminazko eskaria egin dabe, itsasontzia egunotan desegiteko asmoa dago eta. Itsas Agintaritzara be jo dabe. Lekeition Ondarzabal ontziagaz jazotakoa errepetiduterik ez dabe nahi. Barku hori hondatu egin zan, mantenimendu falteagaitik. Ontziaren ardurea hartuko leuken erakunderen bat agertu ezkero, jaubetzea doban emoteko prest ei dagoz Gure Itxarkundiaren jaubeak, ondarearen zabalkunderako erabiliko bada.

Gure Itxarkundia mantenidutea lortu ezkero, barkuari ze erabilera emon pentsau beharko litzatekeela dinoe. Itsas-ibilaldiak egiteko zein turismorako erabili leitekela azpimarratu dabe. Dana dala, oraingoz erakunde publiko bakar batek be ez dau Gure Itxarkundiaren ardurea hartzeko asmorik agertu. Bermeoko Udalak dino, 2003tik Ortube arrantza-ontzia daukala bere ardurapean eta horrek burukomin ugari eragiten deutsazala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu