Zazpi film labur, Bilbo filmazinorako gune lez sustatzeko

Bizkaie! 2015-06-24 18:43   Barriak

Film laburren egileak zazpi zinemagile bilbotar –berton jaiotakoak edo bilbotartuak– izango dira, Pedro Olea, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Luis Marías, Imanol Uribe eta Alaitz Arenzanak eta María Ibarretxek osotzen daben Sra. Polaroiska taldea.

Malloako hilerri zaharra, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreko industria hondakinak edo Los Caños pasealekua lako oso txoko bilbotarrak izango dira datozen asteetan zazpi film labur filmetako eszenatokiak. Film laburren egileak zazpi zinemagile bilbotar –berton jaiotakoak edo bilbotartuak– izango dira, Pedro Olea, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Luis Marías, Imanol Uribe eta Alaitz Arenzanak eta María Ibarretxek osotzen daben Sra. Polaroiska taldea.

Bilbao – Bizkaia. EXTERIOR – DÍA izena daroan filma, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak – Zinebik eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao - Bizkaia Film izenekoak, sustatzen dabe, urian denpora gehien daroan jaialdiaren nortasun ezaugarria dan film laburrari balioa emoteko eta, aldi berean, uria eta bertako gune publikoak, batez be, erakusleiho izateko leku egoki lez erakusteko asmoz, mueta guztietako ikus-entzunezko produktuak filmetako. Filma Campos Antzokian estreinauko da zemendiaren 19an, zemendiaren 13an hasiko dan 57. Zinebiren barruan.

Bilbao – Bizkaia. EXTERIOR – DÍA, Bilbo, bere ingurunea eta espazioak, nazinoartean zinemearen eta ikus-entzunezkoen industriaren eszenatoki lez sustatzeko asmoz sortutako film laburrez osotuta dagoan film luzea da. Horretarako, zazpi zinemagile batu dira, batzuk beteranoagoak, besteak gazteagoak, denporan zehar askotan filmau dan eta orain goitik behera eraldatuta dagoan uriagaz daben loturearen zazpi begirada personal emoteko. Zazpiek euren esfortzua bateratuko dabe, oso ikuspuntu anitzetatik filmautako uriaren erretratua osotzeko, Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motor barria izan daitekeenaren uri espazioen katalogoa osotzeko.

Kontuak kontu, datorren astegoienean Bilboko kaleak, Javier Rebollok zuzenduko dauen El amigo imaginario lanaren eszenatokia izango dira: Martin eta Bego bikote krisialdian dagoz bete-betean, eta mutilak, tartean maitale bat dagoala atzemongo dau. Istorio horren bitartez, uriaren modernotasun zentro barrietako baten inguruak ezagutu ahal izango doguz: Euskadi plazea, baita Elkano edo Máximo Aguirre kaleak eta Arte Eder Museoa be.

Izan be, oso desbardinak diran generoko klabeak, fikzinozko erregistroak eta baliabide estilistikoak erabiliz, talde egitasmo horrek, Itsasadarra, Ibaieder parkea, Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra, Uribitarte Pasealekua… lako lekuak beste modu batera ikusteko aukerea emongo dau, eta baita uriaren zortzi barrutiak osotzen dituen auzoetako txoko bereziak be.

Zazpi filmaketa lanak datozen asteetan egingo dira, eta irailean amaitu. Oso anitzak diran gaien artean, Pedro Olea fantasiazko generoagaz ausartuko da, zonbiei buruzko film laburragaz. Holan, Zombi Eguna lanean, Sabino Arana, Juan Crisóstomo de Arriaga edo Miguel de Unamuno altzatuko ditu euren hilobietatik, besteak beste. Enrique Urbizu zuzendariari jagokonez, Casilda Iturrizar parkeko urmael idilikoa hilketa latz baten eszenatoki bilakatuko dau Los fantasmas del parque lanean.

Egitasmoa osotzen daben lanak, Mikel Ruedaren Caimán, Luis Maríasen Amatxu maitea –joan dan astegoienean Abusuko parkean filmautakoa–, Imanol Uriberen La confesión eta Sra. Polaroiskaren Los ocho pecados capitales dira. Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe dira Sra. Polaroiska. Talde horren lana zinema esperimentalaren, arte-ekintzaren, sorkuntza eszenikoaren eta koreografiaren inguruan egituratzen da. 16 milimetrotan filmautako lehenengo lanagaz Infojuve 2003 saria irabazi eben. Ordutik aurrera, euren lanak arte zentroetan eta jaialdietan erakusten ditue. Oraingo honetan, euren erregistro personala erabiliz, pekatu kapitalak filmau nahi ditue Bilboko zortzi txokotan, ohiko pekatuei tristurearen bizioa gehituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu