'Jentilak Diman' ikuskizuna apirilaren 25ean

Bizkaie! 2015-04-23 12:28

Diman eta inguruetan mitologia aberastasun handia dagoala gogoan hartuta, aberastasun hori eguneratu, herrian eta inguruetan ezagutarazo eta belaunaldi barrietara jai moldean transmitiduteko gogoz, Txumuluxueta kultur alkarteak ekitaldi bi antolatuko ditu apirilaren 25ean.

Diman eta inguruetan mitologia aberastasun handia dagoala gogoan hartuta, aberastasun hori eguneratu, herrian eta inguruetan ezagutarazo eta belaunaldi barrietara jai moldean transmitiduteko gogoz, Txumuluxueta kultur alkarteak ekitaldi bi antolatuko ditu apirilaren 25ean, barikuan: arratsalde-iluntzean lehenengoa, Ibilbide mitologikoa deitu dabena, Jentilzubi, Baltzolako kobazuloak eta Axlorretik zehar. Bigarrena Jentilak Diman Ikuskizuna, kalejira bategaz hasiko da eta herri-antzerkia, jantzak, abestiak eta proiekzino audiobisuala buztartuko ditu; ikuskizuna herriko frontoian izango da gaueko 22:00etatik aurrera.

Dimak mitologia aberastasun handia dauka. Euskal Herrian ezaguna dan Jentilzubi izeneko zubi natural ospetsua, Baltzolako kobazuloetan kokatzen diran ipuin mitologikoak eta Petralanda sorginen akelarre lekua, besteak beste, gordeten ditu bere lur-zabaleran. Kultura aberastasun hau eguneratu, herrian eta inguruetan ezagutarazo eta belaunaldi barrietara jai moldean transmitiduteko gogoz, ikuskizunak antolatu ditue, jentilak iturri bihurtuz.

Antolaketa lanetan dabilen Txumuluxueta kultur alkarteak jakitera emon dauen legez, apirilaren 25ean, zapatuz, ospatuko da ikuskizuna. Ikuskizun honek zati bi izango ditu, biak egun berean egingo diralarik: lehenengoa, arratsalde-iluntzean egingo dan Ibilaldi mitologikoa da eta bigarrena, Jentilak Diman Ikuskizuna deitua gauean egingo da. Holan, arratsaldetik gauera arte herrian jentilen kontuakaz gozetako aukerea emongo jake herrira hurreratzen diran guztiei. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko dan Ibilaldi mitologikoa paisaje mitologikoetan zehar gauzatuko da eta kilometro bi inguruko mendi ibilbidea izango dau. Ez da ibilbide gatxa izango, baina mendiko erropakaz joatea gomendatzen dabe. Ibilbidean zehar jentilei eta sorginei buruzko azalpenak eta ipuin mitologikoak izango ditue entzungai, eta aldi berean antzezpen txiki batzuk be izango ditue ikusgai eta entzungai bertaratzen diran guztiek. Ibilbidean zehar bost geldialdi antolatu ditue Jentilzubi, Baltzolako kobak eta Axlor harpeko indusketa arkeologikoen inguruetan zehar, geldialdi bakotxean pasarte mitologikoen aurkezpenak egingo diralarik. Mendi ibilbidean indusketa arkeologikoak be gogoan izango ditue, Barandiaran eta oraintsu hil dan Lydia Zapataren lanak gogoratuz. Ibilbide mitologikoan zehar hogeita hamar lagunek hartuko dabe parte, antolatzaileek azaldu dabenez.


Jentilak Diman ikuskizuna

Gaueko 22:00etan hasita herriko frontoian egingo dan ekitaldiari Jentilak Diman izena jarri deutsie. Ekitaldiak mueta askotako ekintzak eskainiko ditu: musikea, jantzak, antzerkia... Ekintzotako partaide guztiek gaueko 22:00etan hasiko dan kalejiran hartuko dabe parte; bertan izango dira jentilak Basajaun buru dabela, harritzarrak garraiatzen, kristinauak, sorginak eta ganerako personaia mitologikoak. Kalejiran herria zeharkatu ondoren frontoira helduko dira eta jarraian izango da ikuskizuna. Kalejiran 300 lagun inguruk hartuko dabela parte emon dabe jakitera antolatzaileek; argiz, zarataz, jantzaz eta bestelakoz horniduta izango da. Ondoren, frontoian ikuskizunak jarraitu egingo dau. Hemen herri antzerkia, jantza klasikoa eta barritzaileak eta musikea buztartuko ditue ordubete inguru iraungo dauen ekitaldian; danetara, 60 lagun inguruk hartuko dabe parte. Antolatzaileek adierazo legez, ikuskizunean zehar parte hartuko daben guztiak herritarrak dira: zuzendari, gidoilari, errealizadore, antzezleak, kantariak, musikariak, jantzariak... danak herriko jentea izango dira.

Aspaldi hasi zituen ikuskizuna atontzeko lanak. Herrian ikusmin handia sortu dau ikuskizunaren gaiak eta honezkero 8 hile inguru daroez gauzak atontzen, aktoreakaz entseguak egiten, erropak aukeratzen, dekorazinoak sortzen, jantzak ikasten eta abar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu