Ander Lipus: 'Oso hur dagoz arrakastea eta arrastaka ibiltea'

Koldo Isusi Zuazo 2015-03-23 10:07   Barriketan

 Antzerkigilea

Iñigo Ibarra Lizundia (Markina, 1971) jarri eutsien gurasoek baina Ander Lipus izen artistikoa hartu eban aurrerago. Madrilgo William Layton Antzerki Laborategian egin zituan lehen ikasketak. Bilbora itzulita, beste artista batzuekaz Mina espazioa sortu eban eta bere ibilbidea antzerki ikerketa eta esperimentazinora bideratu. 1998an, Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu eta aktore eta zuzendari lanetan ibili zan. Antzerki antropologian aditua, zenbait ikastaro eta antzerki eskoletan irakasle izan da. 2007an, Artedrama Arte Eszenikoen Plataformea sortu eban, eta 2012an, proiektu personalak bideratzeko, Huts Teatroa konpainia. Azken urteotan makinatxu bat lan sortu eta antzezten ikusi dogu eta sariak be jaso izan ditu. Telebistan, irratian, musikan, zineman, gidoigintzan, zutabegile... Eta oraintsu Sarrionaindiaren berbakaz osotutako Gosariak disko-liburuan be parte hartu dau.

Antzerkigintzeagaz lotuta, laster, martiaren 27an, antzerkiaren nazinoarteko eguna ospatuko da eta aurrerago, apirilaren 6tik 11ra, Aulestin izango da hitzordua Artedrama Euskal Laborategiaren X. urteurrenagaz; makinatxu bat kontu, beraz, Lipus jn.agaz jorratzeko.


1.- Artedrama Euskal Laborategiaren X. urteurrena izango da aurten, apirilaren 6tik 11ra, arte eszenikoetan euskeraz lan egiten dabenentzako topagunea. Aulestiko lehen topaketak antolatu zenduezanetik hona ze gorabehera nabarmenduko zeunke?

Artedrama Euskal Laborategiaren jardunari erreparauta, gauzarik ederra da badagozala euskeraz irakasteko, euskeraz esperientziak zabaltzeko jente aditua eta urtez urte barritzen joan diran ikasleak; hori sano pozgarria da. Arte eszenikoen arloan badago jakinmina eta ikasteko eta topaketa horreetan jentea batzeko potentziala.

Ganerakoan, urtez urte herrira begira egiten diran antzezlanei jagokenez, Aulestiko herritarrak ez eze, eskualdeko zein hortik kanpoko jentea be erakarri dogu urteotan. Euskereari, sorkuntzeari eta antzerkiari eskaintzen jakon arnasgune barria da.


2.- X. urteurrenerako ekitaldi berezirik atondu dozue?

Beti gustau jaku Iparraldeko zeozer ekartea Aulestira. Aurten, barikuan, apirilaren 10ean, Hazparneko Telesforo Monzonek idatzitako Hazparneko anderea eskainiko dau Lapurdiko Iduzkilore taldeak.

Horrezaz gan, antzerki amateurrari be lekua egiten deutsagu eta aurten, Aldatzen Laguntzen donostiarrak etorriko dira Amets zirkoa salgai izeneko lanagaz.

Hortik gora, euskal antzerkia eta hasibarriak diran proiektuak laguntzeko ekimena dan Zubi proiektuan irabazle izandako Lauka Teatroa taldeak be Xabier Mendigurenen Amodioaren ziega lana ekarriko dau.

Bestetik, aurten Donostia Saria irabazi dauen Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak lana be ikusgai izango da Aulestiko topaguneko azken egunean.


3.- Hitzordua Aulestin izaten da urtero. Zergaitik Aulestin?

Aulesti izan zan herri bat kasu egin euskuna, belarria ipini eben. Sarritan, proiektu artistikoakaz laguntzino eske zoazenean, beste alde batera begiratzen dabe, arte eszenikoei ez deutsee baliorik edo funtzinorik ikusten eta gure kasuan, orain 10 urte Aulestin hasieratik belarria ipini eben, entzun egin euskuen eta prest egon ziran guk eskatutako azpiegiturak eta horniduteko. Holan hasi ginan eta ordutik indartzen joan dan jarrerea izan da eta apurka apurka beste erakunde batzuk be erakarten joan gara, berbarako, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea.


4.- Aurten be tailerrak eta antzerki emonaldiak izango dira Aulestin. Sei ikastaro eta sei irakasle. Ze gai landuko dozue aurten? Zein da izena emoten dauenaren perfila?

Urtero-urtero irakasle edo profesionalak entzutetsuak ekarteko aukerea izan dogu eta aurtengo irakasleen perfila oso interesgarria da; batetik, jantza mundutik datorren Ignacio Montero, goizetan izango da geugaz eta beragaz gorputzaren erabilerea landuko dogu; Miren Alcala, Dejabu Panpin Laborategikoa be geure artean izango da, Gure Bide Galduak, Azken Portua eta orain martxan dagoan Arrastoak lanetan hartzen dau eta objetuak tresna lez erabilita sormen munduan sartuko gaitu, horreek gure irudimenari zer esaten deutsien entzun eta beren mobimentuen dinamikak aztertuz.

Belen Cruzek, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, 1998tik interpretazinoko klaseak emoten dituanak, barriz, lan egiteko sistemak, inprobisazinoa eta abar jorratuko ditu. Josu Florentinok begiradari jarriko deutso atentzinoa, inprobisazinoaren kontzientziari, jolasaren arrakasta edo porrotari. Orain 10 urte ikasle izan genduan gurean eta aurten, ostera, irakasle izango dogu. Maite Arresek lehen egunean ipuin kontaketa batzuk egingo ditu eta ikastaroan, barriz, yogearen munduan sartuko gara, gure gorputza luzatzeaz gan, emozinoen eta pentsamenduen arteko orekea ezartzeko. Ikastaroen saltsan, neu be sartuko naz eta nire teknikak eta antzerkiaren ikuspuntuak azalduko dodaz.

Ikasleen perfilari jagokonez, gitxi gorabehera 14 bat izaten dira, zorionez Euskal Herriko bazter guztietatik etorritakoak; batzuk antzerki amateurrean dabilzanak izaten dira, beste batzuk zeozelako esperientzia dabenak baina zeozertan sakondu gura izaten dabenak, esperientziak edota proiektuak ezagutzeko asmoz hurreratzen diranak... Edadean be ez dago mugarik, 20-30 urte bitartekoak izaten dira gehienak.


5.- Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna be badator, martiaren 27an izango da. Igaz Brett Baileyk idatzitako nazinoarteko mezuan nabarmendutako idea bat izan zan gizarte bat, gizatalde bat dagoan lekuan antzerkia edo antzezpenak dagozala... Zein da zure eretxia?

Bat nator. Antzerkia mundu zabaleko bazter guztietan dagoan adierazpen mueta bat da eta herri bakotxak bere erara adierazoten ditu momentuan momentuko gaiak, gizartearen ispilu da antzerkia.


6.- Aurtengo mezua idazteko ardurea zeurea balitz ze idea adierazoko zeunke?

(Barre algarea) Espero dot holako ardurarik ez izatea, era apalagoan nabil beharrean baina zeozer nabarmentzekotan, gauza txikien aldarrikapena egingo neuke, gauza handiak lortzeko nahitaezkoa dalako gauza txikiei be jagoken garrantzia emotea.


7.- Publikoari gorroto eta Hamlet antzezlanakaz bira luzeak egin eta sariak be jaso ostean, Arrastoak, Azken portua eta Idazlea zeu zara lanak antzezten zabizie orain. Antzerkigintzeak emoten dau bizimodua aterateko beste?

Bai. Nik neuk behintzat denpora libre gitxi daukat. Orain Etxekoak izeneko obra bat atontzen nabil, ensaioakaz eta buru-belarri gabilz eta ezustekorik ezean zemendian estreinauko dogu. Gure sorkuntza prozesuak nahikoa luzeak izaten dira, batez be, dana egiten dogulako eta orain momentuan sorkuntza prozesu askotan nabil: Iparraldeko Iduzkilore taldekoakaz be kolaboretan nabil, Aulestiko Topaketak be ezerezetik ez dira ateraten eta Aulestiko eskolako umeakaz be egongo naz.


8.- Antzerkiaren munduan zer da garrantzitsuagoa antzezleak bere energia transmitidutea ala antzezlearen eta iluslearen arteko komunikazinoa? Ala beste aukeraren bat nabarmenduko zeunke?

Niretzat publikoa sagradua da, publikorik barik ez dago teatrorik. Aktoreak bikain egin leike bere lana, asko sentidu eta berbarako oholtzan negar asko egin arren, publikoari sentimendu hori transmitiduten jakin behar da. Aktoreak transmisoreak gara, zeozelan tresna gara transmitidu nahi doguzan sentimenduak edo sentsazinoak publikoari helarazoteko. Gure ofizioa humiltasun handikoa da edo izan beharko leuke, sentimenduak gugandik pasetan dira baina ez dira gugan geratzen, zeozertxu bai, akaso, baina personaien bitartez, sentimenduak publikoari transmitidutea da gure lana.


9.- Euskerazko antzerkigintzan urteak daroazuz eta barrutik zelan ikusten dozu egoerea oro har?

Egia da antzerkia prekariedadean edo bizi dala, gorabehera handiko jardunbidea dala gurea, komunikabide zein erakundeen aldetik kultureari eta arte eszenikoei emoten jaken garrantzia ez da izaten nahikoa eta, beraz, burruka horretan gabilz; baina maite dogun gauzea da eta gure esku be badago ahal dogun neurrian aurrera egin eta ahal danik eta ondoen hartu ze bestela ezingo geunke ofizio honetan segidu. Batzuetan arrakastearen bitsetan egoten gara eta beste batzuetan, barriz, arrastaka. Oso hur dagoz arrakastea eta arrastaka ibiltea.


10.- Euskal sortzaile barriei bultzadea emoteko konpromisoagaz Zubi abiarazo zenduen orain pare bat urte. Zelan dago kontua?

Oraintsu, Leioako Kultur Maratilaren barruan estreinau genduan Lauka Teatroa taldearen Amodioaren ziega antzezlana. Durangoko San Agustinen be eskaini dabe, etxean, egia esateko ze lau kide dituan taldean hiru durangarrak dira. Honik aurrera Euskal Herrian zehar eskainiko ditue emonaldiak, Baigorrin, Iruritan eta sortuko diran beste herri batzuetan.

Zubi ekimen horretan, laster zabalduko da hirugarren deialdia eta jenteak hor izango dau aukerea.


11.- Euskal Herriko Antzerkizale Alkartearen (EHAZE) helburu nagusia euskerazko antzerkigintzaren eskakizunei erantzuteagaz batera, euskal gizartegintzan eta kulturgintzan antzerkizaleen ahalegina bideratzea da. Edozelan be, ibilbide laburreko alkartea da. Gaur egun euskal antzerkigintzea osasuntsu ikusten dozu?

Bai. Jentea badabil eta publikoa be badago. Ahalegin handia egin behar dira eta batzuetan hutsune handiak be sortzen dira, batzuetan frustrazinoaren ondoan gagoz eta beste batzuetan, barriz, jentea ikusten dozu antzokietan, jente asko proiektuak egin guran, gauzak adierazo guran eta hori pozgarria da. Baina EHAZEn nil faltan botaten dot, elementu aktiboak benetako zaleak izatea, euskal antzerkia bultzatzen antzerkilariak ikusten dodaz eta ez horrenbeste antzerkizaleak.


12.- Antzerkigintzan ezagutzen zaitugun arren, makinatxu bat arlotan zabilz edo ibili zara beharrean, telebistan, irratian, prentsa idatzian, gidoigintzan, zineman... Benetako perejila zara...

(Barre-lgarea) Bai. Sarritan gurako neuke ostruken moduan burua lurpean sartu eta akabo, ze eten barik nabil zeozertan. Zergaitik ez naz sartuko saltsa horreetan guztietan indarra euki ezkero eta gogoa, ezetz esaten ez dakit eta ahal dan neurrian, beti goaz aurrera. Haizea, indarra emoten deustie ganera nire ohiko gauzakaz aurrera egiteko. Egunak 24 ordu ditu eta 25 ordu aterateko ahalegina egiten dot beti, horretan nabil, gustora. Zinema arloan, berbarako, Asier Altunaren Amama izeneko film luzean parte hartu dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu