Genma Serra: 'Euskal Herrian artzaintzearen tradizinoari eustea sano garrantzitsua da'
2015-03-09 10:13 BarriketanArtzaina
Eusko Jaurlaritzeak sustatutako artzain eskoleak 18 urte daroaz ardi latxaren defentsan eta artzainen prestakuntzan, artzaintzea profesionalizetako eta Euskadin irautea bermatzeko helburuagaz. Arantzazuko Artzain Eskolako XVIII. Ikasturtearen amaiera ekitaldian, 9 gaztek, ardi sektoreko profesional izateko titulua jaso barri dabe. Azken ikasturte hau amaitu daben 9 ikasleetatik 6 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, 2 Nafarroakoak eta 1 Aragoikoa. Tartean bada emakume katalan bat, Gipuzkoan bizi dana, Genma Serra (1976); ondoko barriketaldia egin dogu beragaz.
1.- Abeltzain familia dozu eta ulergarria izan daiteke hartu dozun erabagia. Edozelan be, gurasoak urira joan ziran lanera eta hor belaunaldi bateko hutsunea izan zan. Kontaiguzu noiz eta zergaitik hartu zenduan artzaintzan jarduteko erabagia?
Badira urte batzuk; orain bost urte Gipuzkoara biziten etorri aurretik be asmoa garbi neukan. Segurutik zortzi bat urte be izango dira mendian bizi gura nebala pentsau nebanetik. Gurasokaz baserri-giroan bizi izandakoa naz baina 18 bat urtegaz, ikasketak itxi eta Bartzelonara behar bila joan nintzan. Nik banekian ez zala luzarorako izango baina behar batetik bestera salto egin, gustokoa edo topau eta hor denporalditxua egin neban. Denporea eta urteak konturatu barik pasau jatazan baina barruan neukan idea horri heldu eta hemen nago, oso pozik abiatu dodan bizimoduagaz.
2.- Artzain Eskolan emondako 6 bat hilebeteko tartean zer ikasi dozue? Zelako esperientzia izan da?
Esperientzia ederra, asko ikasi dot. Aspaldi neukan buruan Oñatiko artzain eskolara joatearena, batetik maila teorikoan zein praktikoan oinarrizko gaiak ikasteko, artaldea zelan gobernau, gaztaigintzarako teknikak, abereen elikadurea eta abar. Eta bestetik, finantzazino bideak, errentagarritasuna eta eraste-makinen modernizazinoa lako gaietan sakontzeko.
Horrezaz gan, berenberegi azpimarratu gura neukez Gomiztegin, arkumeak jaioteko momentuan egindako praktikak, izan be, pare bat egunetan 180 artxo jaio ziran eta tensino handiko egunak izan arren, ez daukat ahaztuteko. Era berean, Idiazabalen Juanita, Abel eta Naroagaz egindako praktiketan be asko ikasi neban eta tratua oso hurrekoa izan zan, familiako beste bat nintzan han.
3.- Indartu diran ikasgaien artean nabarmendu behar da errentagarritasuna. Produzidutea garrantzitsua da baina produktua ondo kokatzea be bai. Zein da zure eretxia?
Beste edozein arlotan lez, artzaintzan be, honetaz bizi gura badozu, egindako lanari ahalik eta etekin handiena atera behar deutsazu eta honegaz lotuta, abereen elikadureak dauen garrantziaz be jaubetu naz, ardi produktiboak eta kalidadeko esnea gura badozu ardiak osasuntsu egotea oso garrantzitsua dalako.
4.- Bost urte daroazuz Gipuzkoan biziten eta ogibideari eusten baina laguntzino barik gatxa izango da...
Bai, ezinbestekoak dira diru-laguntzinoak. Eskolan izena emon nebanean be horixe neukan gogoan, hau da, laguntzinoa behar neban proiektuari sendotasuna emoteko eta aurrera egin ahal izateko. Esangura horretan, Gaztenek, Gazteentzako nekazaritza plana sano baliogarria da, sektorean lehenengoz sartzeko amesa dabenentzako; nik neuk orain pare bat hilebete edo aurkeztu neban proiektua eta onartu egin deustie. Hemendik aurrera begirale bategaz batera enpresa plana diseinauko dogu, bideragarritasun aukerak, jarduera plangintzea, enpresea eratzeko moduak eta bestelakoak zehazteko. Okerrik ezean, garagarrilerako edo prest izatea espero dot.
5.- Artzaintzearen ze arlo interesetan jatzu? Zein da zure egunerokoa gaur egun?
Ardien esnea gaztaiak egiteko erabiltea da nire asmoa. Oraingoz, nirea ez bada be, 10 urterako hitzarmena daukat bizi nazen baserria erabilteko; gaur gaurkoz, 15 ardi, oiloak eta txakurrak daukadaz. Laster ahuntz alpetar batzuk ekarri gura dodaz. Apurka-apurka aurrera egitea espero dot eta ilusino handiagaz nabil.
Egunerokoari jagokonez, goizean goizetik altzetea toketan jat; ardiei eta oiloei pentsua jaten emon eta oraingoz bedar askorik ez dagoan arren, kanpora ateraten dodaz. Ondoren, txakurrak jagon eta inguruko jatetxe baten ordu batzuk egiten dodaz beharrean. Bueltan, ardiak eta oiloak kortan sartu eta bedarra emoten deutset. Arrautzak batu, barriro txakurrak atera eta hortik aurrera etxeko lanak egiteko astia hartzen dot.
6.- Gaztaigintzearena aitatu dozu baina artalde handiagoa eta behargin gehiago beharko dozuz...
Aurten nik neuk bakarrik ekingo deutsat proiektuari eta datorren urtetik aurrera, esnea batzen hasten nazenean eta badakit laguntzinoa beharko dodala; nire idea da beste persona bategaz konpartidutea beharrak; ni neu jarduera osoan egotea aurreikusten dot eta bestea, barriz, okasino edo behar zehatzetarako, ardiak erasteko, gaztaiak egiteko edo bestelako zereginetarako.
7.- Gehienok buruan dogun orain urte batzuetako artzainaren irudia ia-ia zientzia fikzinoa da. Zein da zure eretxia?
Gauzak goitik behera aldatu dira. Transhumantziaren idea hori, gora eta behera, eten barik mobiduten eta tarteka gaztai batzuk egiten dituan artzainarena zehatz ez da galdu baina gaur egun artzaintzegaz edo sektorean bizimodua atera gura izan ezkero, errentagarritasunari erreparauta, beste jarrera bat beharrezkoa da eta beste erabagi batzuk hartu behar dira.
8.- Artzain eskolako ikasleen perfila aldatu egin da aurten. Artaldeak dituenak eta lurren jaube ziranak izan dira gehienak. Bederatzi ikasletik zortzi artzainen kasua izan da hori. Zer gehiago behar da mundu gogor honetan aurrera egiteko?
Zeozelan mundu honetan sartuta gagozan lagunak izan gara aurten eskolan, besterik ezean, probetearren edo beste arlo bat ezagutzearren hurreratu izan dira beste urte batzuetan baina aurten parte hartu dogunok ideak argi doguz, bokazionala da gurea; mundu hau sano gustetan jaku eta badakigu ondo zelako mundua dan, ze dedikazino eskatzen dauen eta abar baina gustora gabilz.
9.- Aurten, emakume bakarra izan zara Oñatiko Gomiztegi artzain eskolan. Gizonezkoena al da artzaintzearen mundua?
Ez, ez dot uste. Artzainaren irudi klasikoa gogoan, gizonezkoen mundua izan da artzaintzearena baina emakumezkoen lan isila, ikusten ez dan lana ahaztu barik. Gaur egun be artzain gehienak gizonezkoak dira baina gauzak aldatzen doaz eta artzaintza klasikoa desagertzen joan ahala, produkzino eta enpresa eredu barriak agertzen doaz eta mundu horretan emakumezkoek zeresan handia dabe dagoeneko eta izango dabe aurrerantzean beste sektore batzuetan be ikusten dan moduan. Bidebatez emakumezkoak animau gura neukez ideak argi izan ezkero, sektore honetan bildur barik sartu daitezan. Euskal Herrian artzaintzearen tradizinoari eustea sano garrantzitsua da. Ni neu oso gustora nabil mundu honetan eta ez naz bakarra.
10.- Artzain eskolaren 18. prestakuntza saioa izan da honakoa. Urteotan 232 ikasle pasa dira Gomiztegitik, eta oraintsu datuen arabera horreetatik 125 dira artaldeagaz segiduten dabenak. Zelan baloretan dozu datua?
Datua ona da, erdiek baino gehiagok segiduten dabe eta azken urteotako jokereari eutsi ezkero, proiektu gehiago errealidade bihurtuko dirala uste dot. Eskolako ikaslegaiak zorrotzago aukeratuta proiektuen bideragarritasuna eta etorkizuna bermatuko dala pentsetan dot. Aurten igaz baino gitxiago izan gara baina esan deutsudan lez, gauzak nahikoa argi geunkazan danok be eta era horretara, ezustekoak izan daitekezan arren, errazago egin daiteke aurrera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!