Maki Na Kamurak inaugurauko ditu Bilbao Arteren aurtengo erakusketak 'Horizon, rainbow and horizon'-egaz
2015-02-09 13:26 KultureaJaponiako kulturea izango da protagonista Bilbao Arten hile honetan pintura-erakusketa bategaz eta Hitoshi Matsumoto eta Kenji Mizoguchi zuzendarien zinema-ziklo banagaz. Produkzino artistikoko zentroan, Berlinen finkatuta dagoan Maki Na Kamura margolari japoniar kotizatuaren Horizon, rainbow and horizon (Zerumugea, ortzadarra eta zerumugea) izenburuko erakusketea izango da ikusgai.
Japoniako kulturea izango da protagonista Bilbao Arten hile honetan pintura-erakusketa bategaz eta Hitoshi Matsumoto eta Kenji Mizoguchi zuzendarien zinema-ziklo banagaz. Produkzino artistikoko zentroan, Berlinen finkatuta dagoan Maki Na Kamura margolari japoniar kotizatuaren Horizon, rainbow and horizon (Zerumugea, ortzadarra eta zerumugea) izenburuko erakusketea izango da ikusgai. Kolorez betetako bere paisaje zirraragarriek Urazurrutia 32ko erakusketa-aretoa beteko dabe martiaren 6ra arte. Erakusketea publikoarentzat zabalik egongo da, 17:30etik 20:30etara bitartean astelehenik barikura.
Bilbao Arteren erakusketan, 2014. urteko GiL seriearen (Geometrie in Landschaftdarstellungen / Geometria paisajearen irudikapenetan) bi olio aurkeztuko dira, eta urte bereko LD seriearen (Landschaft-darstellungen / Paisajeen irudikapenak) beste olio batzuk be bai, Jean-François Millet egilearen 1857ko hiru Buruxkariak siluetearen inguruan.
Maki Na Kamura margolariaren obra piktorikoa norberaren irudimenetik sortzen da, ez da lehenago existidu zanaren edo gaur existiduten danaren irudikapena, irudi lez eratzeko prozesuan bertan agertzen baita. Maki Na Kamurak holan definiduten dau pinturea: irudiei emozinoa emonez gogobetetasuna topetan saiatzen dan artista kontentagatxak egindako ahalegina. Itxuren eta horreek interpretetako zailtasunen kontra, Maki Na Kamuraren poesia piktorikoak ahalmen espiritual sakona dauka: haren margotze-lanaren subjektua da pinturea, azaldu dau Kosme de Barañanok, erakusketearen komisarioak.
Paisajeak poesia-liburuak lakoak dira; eta bertan, emozinoak, ukimenak, zentzuek eta memoriak lurpeko sustraia berrosotzen dabe, funtsean, mapa barria eratzen. Zuhaitzaren adarrak aurrez itxuratzen dituan pikondoaren sustraiaren moduan, paisajearen historiaren barrenera begiratzen dau, eta handik irudi barri bat emoten deusku, nabarmendu dau Barañanok.
Erakusketarako aukeratu dauen izenburuaz, artisteak bere burua definidu dau: Zerumugea hor dago nozonoz margolari batek irudikatu ebalako. Holan, zerumugea, ortzadarra eta zerumuga konbinazinoa ez da ezinezkoa, baieztatu dau Na Kamurak, Berlinen finkatutako margolari japoniarrak.
Artistea 90eko hamarkadearen erdialdean heldu zan Alemaniara. Hamarkada bat geroago, ekintza bat egin eban piano baten laguntzaz eta bere margolanez inguratuta Berlineko Charlottenburg barrutiko Fasanen Strasse kale ezagunean. Ordutik, Na Kamuraren lana Alemaniako eta beste herrialde batzuetako galerietan eta museoetan erakutsi izan da. Na Kamura dogu Phaidonek Londresen argitaratzen dauen Vitamina P2 gidara batutako artistetako bat, eta sari ugari irabazi ditu, besteak beste, Alemaniako Künstlerhaus Bethanien zentro artistikoaren 2013ko Falkenrot Preis eta Marcel Broodthaers pintura saria.
Japoniako zinemea, zezeilaren 5etik 27ra
Na Kamuraren erakusketeagaz batera, Bilbao Artek Japoniako zazpigarren arteko bi izen handiri eskainitako zinema-ziklo bi antolatuko ditu zezeilean: Kenji Mizoguchi (zezeilaren 5etik 26ra) eta Hitoshi Matsumoto (zezeilaren 13tik 27ra).
Kenji Mizoguchi
Kenji Mizoguchi (Tokio, 1898 - Kioto, 1957) 70 film baino gehiago egin zituan 20. eta 30. hamarkadetan baina gerrearen ondorio legez haren lan gehienak desagertu egin ziran. Mizoguchiren biografia kontrako jazoerez, deserriratze eta minez beterik egonik, ezohiko osotasun sentsasinoaz aurre egingo deutso bere bizitzaren amaiereari. Gogor astindua izan dan, eta okupazino indarrek kontrolauta daben Japonen, erru eta frustrazino sentimendu bat da nagusi giroan. Japoniako zuzendarien artean, haren film bilduma ospetsuetan, emakumeen figurea ondoen aldarrikatuko dauena.
Mizoguchik 50. hamarkadan bere film ospetsuenak egin zituan, besteak beste, La señorita Oyu, Cuentos de la luna pálida eta La emperatriz Yang Kwei Fei.
Proiekzinoak:
- Zezeilak 5, 19:00etan, La señorita Oyu (Japonia, 1951, 94 min.).
- Zezeilak 11, 19:00etan, Cuentos de la luna pálida (Japonia, 1953, 94 min.).
- Zezeilak 12, 19:00etan, Los músicos de Gion (Japonia, 1953, 85 min.).
- Zezeilak 18, 19:00etan, El intendente Sansho (Japonia, 1954, 120 min.).
- Zezeilak 19, 19:00etan, La mujer crucificada (Japonia, 1954, 83 min.).
- Zezeilak 26, 19:00etan, La emperatriz Yang Kwei Fei (Japonia, 1955, 98 min.).
Hitoshi Matsumoto
Hitoshi Matsumoto erreferentziako, karisma eta nortasun bereziko komiko bat da Japonian. 2007an, formalismo guztien gainetik dagoan umorearen ikuspegi bereziaren metodo iraultzailea apliketan dau zinema munduan bere film debutean: Big Man Japan. Hau eta gero, Symbol (2009) eta Scabbard Samurai (2011) filmak egin zituan.
Proiekzinoak:
- Zezeilak 13, 19:00etan, Big Man Japan (Japonia, 2007. 113 min.).
- Zezeilak 20, 19:00etan, Symbol (Japonia, 2009. 93 min.).
- Zezeilak 27, 19:00etan, Scabbard Samurai (Japonia, 2011. 103 min.).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!