Asisko Urmeneta: 'Ez gara lagunak egitera etorri, bai etsaiak egitera'
2015-02-09 11:07 Barriketanh28 aldizkariaren sortzaileetako bat
Urtarrilaren 7an, Parisko Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren egoitzan izandako erasoak gauza bat baino gehiago mobidu eban Frantzian, eta Europa osoan. Euskal Herrian be jazoera harek izan eban erantzunik, hain zuzen be h28 aldizkari saretirikoaren sorrerea. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte Zaldieroa, Marc Armspach Marko, Patxi Gallego eta beste hainbat marrazkilarik ipini dabe martxan proiektua. Ezker eta eskoi egurra emoteko gogotsu dagoz, eta lehenengo zenbakian erakutsi dabe jakin badakiela egiten. Bigarren zenbakia hilaren 28an sareratuko dabe.
1.- Bigarren zenbakia prestatzen zabilzie daborduko?
Bai, bagabilz bigarrena prestatzen. Atera nahi izan genduan lehenengoa hilebetea amaitu barik, eskuetan geunkanagaz. Gogoeta lar egin barik urten da, bai euskarria bai dana. Hilebete honetan batzarra egin behar dogu, buruz burukoa, fisikoa, gure artean. Gai ordenaren inguruan berba egin behar dogu, ikusteko hemendik aurrera zer izango dan h28.
2.- Lehenengoa aproba baten antzekoa izan da?
Argi geunkan momentua zala. Halangoetan jazoten da burmuinaren aurreko zatiak aurrera egitea eskatzen dauela, dagoenagaz aurrera egitea, eta burmuinaren atzekoaldeak, barriz, proiektu handi bat egitea gurago dau, behar bezela egitea. Aurreko parteak irabazi eban, egin eta atera daigun, eta orain bigarren parteari segidutea erabagi dogu, iraungo dauela bermatzeko. Batzuk egin ditue posturak, ia zenbat zenbaki izango diran eta... Proiektua bermatzeko ahalik eta bitarteko egokienak nahi doguz bai egileentzako, bai irakurleentzako bere.
3.- Parisko Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoak eragin dau h28-ren sorrerea, osterantzean ez zan aldizkarik egongo?
Aspaldi, orain 25 urte edo, bazan Napartheid aldizkaria. Sasoi haretan, fanzine haretan be baziran ahots batzuk proponiduten ebenak Euskal Herriko aldizkari satirikoa bilakatzea, orduan ez egoan-eta holangorik. Edozein herrialde normalduk, edozein herri sanok, bere buruaz barre egiteko kapaz danak, baditu holango aldizkariak. Frantzian batzuk badagoz, Espainian baten bat, Ingalaterra eta AEBetan bere bai, baina guk, zelan ez garen normalduak, horren faltea be bageunkan.
Aspaldiko idea zan, baina detonatzailea Parisko masakrea izan da, duda barik, eta sarraskiaren ostean egindako manipulazino lotsagarria. Izan be, podereak diskursoa zelan berreskuratu dauen, zelan eroan dauen kalera jentea, hain zuzen be, poderearen beraren interesak denfendiduteko, eta ez askatasuna, ez adierazpen askatasuna defendiduteko. Parisko atentaduaren aurrean, baina manifestazino horren aurrean bere bai, gure erantzuna izan da h28 sortzea.
4.- Deigarria eta esanguratsua izan zan manifestazino horretako lehenengo ilaran nortzuk egozan, han ikusi genduan Mariano Rajoy, berbarako.
Bai, eta Netanyahu, Sarkozy, Hollande bera be... Rajoyk seguruenik ez eban astirik izan maletea desegiteko euskal abogaduak atxilotzen hasi orduko, eta Netanyahuk palestinarren kontrako gerreagaz segiduteko. Zer eta adierazpen askatasuna defendiduten egozan Parisko kaleetan. Hain zuzen be, manifestazino horrek, eta manipulautako herri horrek, emondako zilegitasuna erabiliko dabe adierazpen askatasuna murrizteko, duda barik.
Egunotan epaitzen dabilz Dieudonné umoristea, La Tuerkako umorista espainiarra (Facu Díaz) be Auzitegi Nazionaletik pasau da. Gauza jakina da Parisko masakrea modukoak jazoten diranean poderea shock egoera horretaz baliatzen dala. Jentea bederatzi hilebete-edo izaten ei da shock egoera horretan. Denpora hori erabilten dau podereak nahi dituen legeak pasarazoteko, egoera normal batean bestela erantzun gehiago eukiko leukie eta. Espainian, adibidez, ikusi dogu zelan alkartu dira gehiengo superabsolutua daukien alderdi biak lege bat onartzeko, hain zuzen be adierazpen askatasuna larri murriztuko dauena. Eta inork ez dau ezebe esan, kontrakoa, jentea oso pozik dago horregaz, oso shockeauta, bestalde.
5.- Legeak berotan sortu edo aldatzen dira sarritan, ezta?
Telebistatik sekulako informazino piloa emon dabe, jentea emozionalki ikutzeko, shock egoeran atxikitzeko. Gauza jakina da tsunamiaren ostean bai estaduek, bai multinazionalek gordeta zituen txosten batzuk atera zituela, kaltetutako lurrak berkalifiketako, eregiteko, lege batzuk pasarazoteko, egoera normalean oso kritikatuak izango litzatekezan legeak. Bardin Europan edo Parisen, holango atentadu basati baten ostean.
6.- Azkenaldion eztabaidagai da adierazpen askatasunak mugak behar ete dituan, ikutu ezin daitekezan gaiak ei dagozan... Marrazkilari batek zelan ikusten dau hori danori?
Beti badogu garunetik eskura joaten dan tarte horretan norberak ipinitako bahea, filtro bat, badakigulako legeak hor dagozala, edozein gauza ezin dala esan inondik be. Ondorio legalak izateko arriskua dago, ondorio penalak edo errepresiboak. Horretatik abiatuta, beti pentsau dot eta segiduten dot pentsetan, askatasunaren definizinoa dala libre izatea edozertaz barre egiteko, eta edozeren ganean satirea egiteko. Zer pasetan dan? Dieudonné umoristea epaitzen dabilz egunotan, eta fiskalak esan dau, gitxi gorabehera, abusau egin dauela askatasunaz. Bere jarduna politikoa dala be esan da, jakina, baina bere bai Charlie Hebdorena, Gararena, Liberationena eta abarrena.
Hain zuzen be, Liberationek atentaduen ostean argitaratu eban azala bildurgarria izan zan; Herri bat gara inoen, frantsesak herri bat gara. Barre egin geinke Mahomaz, badinogu dana ikutu daitekeela, baina gero ezin daiteke estaduaren batasunaren kontra ezer esan, ezta juduen kontra be, Frantzian sekulako lobby inportantea daukie eta. Baina, egin geinke barre arabiarrez, horreek ez daukie lobbyrik eta; judutarrak, barriz, ikutuezinak dira.
Terrorismo berbea ondo saltzen da, bildurra emoten dau. Hau dana erabilten dabiz nahi daben modura askatasuna gero eta gehiago murrizteko. Libertatea ezin daiteke defendidu libertadea zanpatuz. Charlie Hebdo aldizkariak barre egiten eban korsikarrez, euskaldunak erasoten zituan, eta bueno, satirea zan, eskubide guztia euken. Baina hori podereari gustetan jakon diskursoa da, hori egin daiteke.
7.- Korsikarrek ez daukie lobbyrik, eta euskaldunok be ez...
Hain zuzen be, kar, kar, hor da aldea, bai. Parodiau geinkez musulmanak, baina... Frantziatik egiten da hori, ez da herri neutral batetik egiten. Ikusi behar da Frantziak ze interes dituan munduan, ze gerratan, ze inbasinotan, ze kolonizazinotan dagoan sartuta. Orduan ez da kasualidadea atentadua non eta Parisen izatea. Dana dago lotuta. Ez gara hain inozoak, hain inuzenteak, podereak turuta jo eta danak kalera urteteko esaten Je suis Charlie. Hasteko, ni ez naiz je, ni naiz yo, ni ni naiz. Manipulazino ikaragarria ikusi da.
8.- Filtroa erabiltea aitatu dozu, autozentsurea be esan geinke?
Danok praktiketan dogu autozentsurea, abere sozial garen aldetik. Kontetan ahal dogu ordu txikietan taberna zoko baten txiste oso bortitza, sekulako arrakastea izango dauena, edozein gairi buruz, gai tabu bati buruz bada, orduan eta gehiago. Atentadu baten inguruan, genero historia bat edo homoerotismoaren inguruan, edozein gauzari buruz, baina beste kontu bat da publikoan zer esaten dogun. Badakigu esaten dogun hori ez dabela hiru-lau lagunek, gaztetxean geugaz goizeko seiretan dagozanek, besterik irakurriko. Horreetaz aparte, ezagunek, ezezagunek, familiakoek, arerioek, poliziek be irakurriko dabe. Kazetari batek be nik uste dot praktiketan dauela autrozentsurea.
9.- Bai, autozentsurea praktiketan da, bai.
Diskursoa modulau egiten dogu noren aurrean gagozan kontuan izanda. Nahiko aurreteknologikoa naz gauza askotan, eta besteak beste, Facebook eta holangoetan egiten dan lez, ezezagunen aurrean biluztea ez jat lar interesetan. Ezezagunen aurrean jantzi bat daroagu, izan daiteke rol bat; sentidu eta pentsetan doguna ehuneko ehun ez da azaltzen, nire ustez, eta nire ustez, inork ez dau egiten.
Euskal Herritik egiten dan agerkari batean, euskeraz, gaur egungo gaiak landuko dituana... badakigu segiduko gaituela. Autozentsura, filtroa, nahi dan moduan, bada tarte bat garunetik eskura, tripatik edo sexutik eskura be badagoan lez. Askatasun oso tutelauan bizi gara.
10.- Dana dala, ezker eta eskoi egurra egongo dala agindu dozue.
Bai, beste inoren maizter ez izateko. Ni prest nago nire buruaren zentsurea pasetako, nire autozentsurea, baina ez beste inorena. Modu oso asanblearioan eregiten gabilz agerkaria, kritikak eta ekarpenak bardin egiten dira. Baina, bai, ezker eta eskuma ostiak banatzera etorri gara, ez lagunak egitera, bai etsaiak egitera.
Iparraldeko marrazkilariak ausartagoak dira kritiketan. Ez dabe urrunekoa edo poderean dana kritiketan, hurrekoari buruz jarduten dabe, horrek dakarren guztiagaz. Satirea hori be badala uste dot. Parean daukaguna karikaturizau geinke, baina onartu beharko dogu horrek be geuri egitea. Eta geuk geure buruarena egitea, bere bai. Guk askotan karikatura saioak bakotxak bere buruaren karikaturea eginez hasten doguz, ikusteko distorsionau ahal dogula gure burua, eta barregarri geratu danen aurrean. Hori ga igual lehenengo pausua emon beharrekoa, lehenengo ostia geure buruari.
11.- Lehenengo h28 nahiko hurrekoa da, Sautrela saioaren inguruko zintea, matriarkadu-patriarkadua kobetan, Gasteizko kontuak...
Hurrekoa interesgarriagoa da, eta gatxagoa be bai. Danetarik izango da, eta izan behar da. Poderea atakau bai, baina gure burua be bai.
12.- Aldizkari sareterikoa da h28, izango da papelezkoa egunen baten?
Bere sasoian Napartheid egiten genduan eskura geunkan materialagaz, papela, txinatar tintea, kuterra, grapak eta fotokopiak. Gaur egun Internet daukagu. Ez gagoz papelaren prezioaren menpe. Banaketea buruko min handia izaten zan; Napartheid urrunen Barakaldo eta Atarratzera heltzen zan, eta Tuterara. Baina orain ez daukagu mugarik.
Bretainiatik idatzi deuskue h28 bretoieraz emoteko interesauta dagozala esanez, Frantzia eta Ingalaterratik be izan dogu kontakturik, eta Ameriketatik be bai. Sekulako asmazinoa da Interenet nire ustez. Momentuz, holan segiduko dogu. Horrek ez dau kentzen material guztia erresoluzino oso onean gordeten gabilzala, nozonoz bildumaren bat edo egiteko akaso. Munduan erakustea eta doban ganera, hori ederra da.
13.- Eta hurrean ze harrera izan dau? Sarean behintzat bolo-bolo dabil.
Mundu birtualean eta prensan harrera izugarria izan da. Umoretik datorrena herri honetan egarri handiz hartzen da, xumeena bada be. Behin lagun batek, Kike Amonarrizek, esan eustan Napartheid oso ona zala, eta nik erantzun neutsan ahal zan moduan egiten genduala. Egia esan gazteak ginan, ez genkien hainbeste be marrazteaz edo banatzeaz, kastastrofe samarra izan zan esangura horretan, baina kantinplora bat izan zan basamortuan, ezer ez egoanez. Ez gara libre, ez daukagu ministrorik, ez armadarik -ez dot esan nahi hori dana behar dogunik-, hain urrun gagoz normaltasunetik, parametro guztietan, ba halango zeozer ekarteak arreta handia sortzen dauela. Izugarri ona izan da. Gutako batzuk aurreikusten ei eben, nik ez behintzat.
14.- Bueno, konpetentziarik be ez daukazuenez...
Kar, kar, herri honetan zernahi eginda be, ez dagoenez besterik. Konkurrentziarik ez ez dago, zuk dinozun moduan, beraz, aurrera.
15.- Lehenengo zenbakian sikeran gizonak besterik ez doguz ikusi marrazkilarien artean, zu zeu, Marko, Zaldieroa, Patxi Gallego, Josevisky, Unai Iturriaga...
Twiterren txio bat ibili da egunotan esanez Syrizaren Greziako gobernuan 0 emakume dagozala eta h28-n be 0 emakume dirala. Lehenengo momentutik izan dira emakumeak aldizkarian, Ainara Aspiazu Axpi eta Lore Gomez, esaterako, baina ez dabe lehenengo zenbakian marrazterik izan, baina egingo dabe. Agerkariaren barru-barruan dagoz. Ez daukagu ezelako asmorik klub gastronomiko bat egiteko gizonentzako bakarrik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!