Zapatuan hasiko da 'XIV. Dantza Plazetan' egitaraua

Bizkaie! 2015-01-30 12:00   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan egitarauaren XIV. edizinoa jarri dau martxan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Aurten 46 emonaldi izango dira Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan egitarauaren, gure urian tradizino gehien dauen kultur programetako baten, hamalaugarren edizinoa jarri dau martxan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziran erromeriak, jantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua aurrera eroan ahal izateko, Udalak, Bilboko zazpi jantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzino aktiboa dauka.

Dantza Plazetan
egitarauaren aurtengo edizinoak 46 emonaldi batzen ditu, urtean zehar banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan.

Egitaraua zapatu honetan, hilaren 31n, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Jantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxuan, ospatzen dan erromeria tradizionalagaz. Aitatutakoagaz batera, ekimenean parte hartuko daben ganerako taldeak ondokoak izango dira: Bihotz Alai Jantza Taldea, Gaztedi Jantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konparsea, Beti Jai Alai, I. barrutiko taldeen koordinakundea, Deustuko Folklore Taldea eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra jantza taldeen federazinoa.

Beste urte batez, aurtengo edizinoan be umeen erromeria ospatuko da, apirilaren 25ean, Indautxuko Felix Serrano ikastetxean. Horrezaz gan, garagarrileko zapatu guztietan Arriagako plazan udako jantzaldiak izango dira –lehen domekan izan ezik, Kalealdiagaz bat datorrelako–, eta bagilaren 13an, Arenalean, Larrain Jantza ospatuko da, izan be, azken edizinoetako arrakastea ikusita, Euskal Herriaren nortasun ikur dan jantzearen presentzia finkatu egin da Bilbon.  


XIV. Dantza Plazetan (Urtarrila eta zezeila)

Urtarrila


- Zapatua, urtarrilak 31, Bilboko Santiago plazan, 20:00retan, Erromeria (Salbatzaile Jantza Taldea).


Zezeila

- Zapatua, zezeilak7, Deustuako San Pedro plazan, 20:30ean, Erromeria (Deustuko Folklore Taldea).

- Domekea, zezeilak 8, Deustuan, 11:30ean, Erraldoien kalejirea (Ondalan Erraldoien Konparsea) eta 12:00etan, San Felizisimon, Erromeria (Bihotz Alai).

- Zapatua, zezeilak 21, San Inazion, 11:30ean, Erraldoien kalejirea (Ondalan Erraldoien Konparsea); 12:00etan, Santutxuko hainbat plazatan, kalejirea eta umeen jantza emonaldiak; 19:00retan, Aita Donosti Plazan, Erromeria (Beti Jai Alai).
 
- Zapatua, zezeilak 28, Bilboko Santiago Plazan, 20:00retan, Erromeria (Salbatzaile Jantza Taldea).

Erromerien, emonaldien eta kalejiren egutegi osoa ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu