Bilboko Txistulari Bandeak sustraiko musikarik onena eskainiko dau Bilbon

Bizkaie! 2015-01-14 11:15   Musikea

Bilboko Udal Txistulari Bandeak Euskalduna Jauregiko kontzertu programeagaz jarraituko dau aurten be. Hurrengo emonaldia eguazten honetan izango da, urtarrilak 14, Santurtziko Txistulari Bandea protagonista izango dauen kontzertu berezi bategaz. Iluntzeko 20:00retan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan.

Bilboko Udal Txistulari Bandeak Euskalduna Jauregiko kontzertu programeagaz jarraituko dau aurten be. Hurrengo emonaldia eguazten honetan izango da, urtarrilak 14, Santurtziko Txistulari Bandea protagonista izango dauen kontzertu berezi bategaz. Iluntzeko 20:00retan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan. Hauxe da gure txistulariek, neguko zikloaren barruan, martiaren 30era arte programau dituen sei kontzertu berezi-berezietako lehenengoa. Emonaldi guztiak dobakoak dira.

Santurtziko Txistulari Bandea 1991ean sortu zan alkarte Kultural legez. Bandako partaide guztiak Musika Goi-mailako Musika tituludunak dira eta Udal bandetan eta musika eskoletan lan egiten dabe. Kontzertu honetan Jaime Martínez (Zuzendaria eta 1. txistua), Santiago Muñoz (2. txistua), Iban Ibarretxe (Silbotea) eta Jorge Pérez (Atabala) jantza bikote zoragarri bategaz etorriko dira: leioaztarra Haizea Hormaetxea eta santurtziarra Lander Campos, 2013 urtean Euskadiko Jantza Lehiaketearen jantza sueltoren irabazleak eta 2014 urteko txapeldunordeak.

Santurtziko Udalaren laguntzino ordainezinari esker, marinel herrian lan egiten dabe gehienbat. Orain 13 urtetik, Karmengo Jaietan ohikoa bihurtu dan txistulari kontzertu arrakastatsua antolatzen dabe Santurtzin, kategoria handiko artistek lagunduta, Urko, Gontzal Mendibil, Los Cinco Bilbaínos, Natalia Garate eta Rafael Trujillo jantzari profesionalak, Euskadiko 2010eko jantza solteko txapeldun Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas, Portu Brass eta beste hainbat tarteko dirala.

Taldearen ohiko kideek eskainiko dabe kontzertu hau. Emonaldi honetan, Bandeak Euskadiko jantza solteko egungo txapeldunak izango ditu lagun. Kritikariek ondoko berbak erabilten ditue jantzari bikote hau kalifiketako: elektrikoa, naturala, konplizea, alaia, grinatsua ...

 
Programea:

1. Ezti gozoa / Ibai ona (Zortziko /Fandango). Joaquín Iruretagoyena.

2. Bizkaitik Bizkaira (Obertura). Resurrección Mª de Azkue.

3. Txorinoa nora hoa?. José Mª Gz. Bastida.

4. Amona zaharraren dantza. Manuel Fernández Mold: J. I. Ansorena.

5. Alborada (Suite). Jesús Guridi.

6. Andante. M. Landaluce.

7. Mendiko haizeak. José de Olaizola.

8. Minueto. Raimundo Sarriegi.

9. Ibaibieta. Félix Ascasso.

 
Bilboko Txistulari Bandearen kontzertu gehiago

- Urtarrilak 28, eguaztena, 20:00 (A1 Aretoa Euskalduna Jauregia). Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeagaz batera. Galdakaoko bizilagunen euskal kultureagazko sentimenduaren barrutik sortua, Andra Mari Dantza taldeak, bere jaiotzatik jantza eta euskal jantzen ikasketa eta erakusketan konpromiso sendoa hartu izan dau.  Ikuskizun hau da honen adibide bat.  Euskal Herriko herri eta probintzia desbardinetako jantzen erakustaldi ederra. Tartean Soinu zaharrak, auritzeko ingurutxoa, Nafarroa eta Luzaideko jantzak eta baita Gipuzkoa eta Bizkaikoak be. Bilboko Udal Txistularien doinuakaz jantzak eta txistu musikea buztartuko ditue. Sarrerea dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

- Zezeilak 11, eguaztena, 20:00 (A3 Aretoa Euskalduna Jauregia). Kantaldia Bilboko Txistulari bandeagaz. Asmoa da emonaldi herrikoia osotzea ikus-entzuleak kantetan jarriaz. Saio honen helburua ikusleak kontzertuan kantari parte hartzea da.  Sarrerea dobakoa da, leku guztiak bete arte.

 - Zezeilak 25, eguaztena, 20:00 (A3 Aretoa Euskalduna Jauregia). Iruñeko Pablo Sarasate Konserbatorioko txistu ikasleakaz batera. Emonaldi hau BilbaoMusika eta Iruñeko Pablo Sarasate Konserbatorioaren arteko hitzarmenaren ondorioa da. Txistuko gradu ertain eta goreneko ikaslerik onenek doinu tradizionalak eta ganbera-musikea buztartuko dituan programan parte hartuko dabe. Sarrerea dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

 - Martiak 2, astelehena, 20:00 (A3 Aretoa Euskalduna Jauregia):  Bilboko Udal Txistulari Bandea. Errepertorio klasikoa eskainiko dau. Sarrerea dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

 - Martiak 30, astelehena (A3 Aretoa  Euskalduna Jauregia). Norabide guztiak ikuskizun barrian Bilbo Udal Txistulari Bandea Joserra Gutierrezegaz batera. Joserra Gutierrez musikariak kontzertu egunerako beren-beregi sortutako musikea eskainiko dau. Pianoa, kontrabaxua eta abeslari baten laguntzaz txistu musikeak hartu leiken beste norabide bat proponiduko dabe. Sarrerea dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu