Amphitryon eta BIdeOtik programak martxan jarriko ditue Bilboko Alondigan

Bizkaie! 2015-01-13 16:51   Zinemea

Urtarrilaren 13an, BIdeOtik hasiko da, ikus-entzunezko bestelako narratibei begira jarrita, bideoaren bidez inguruan doguna erregistrau eta irudikatzeko modu barriak ekarriko deuskuzan zikloa.

Bestalde, Amphitryon programea jarri da abian, euskal arte eszenikoen mobikortasuna eta nazinoartekotzea bultzatzeko asmoz. Zikloa urtarrilaren 17an hasiko da In Between ikuskizunagaz.

Bilboko Alondigea eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko hitzarmena bitarteko, Amphitryon programea jarri da abian, euskal arte eszenikoen mobikortasuna eta nazinoartekotzea bultzatzeko asmoz. Zikloa urtarrilaren 17an hasiko da In Between ikuskizunagaz.

Programa honi esker, euskal konpainiek euren lanak aurkeztuko ditue Alondigan, eta nazinoarteko konpainia banari egingo deutsee etorteko konbita; era berean nazinoarteko konpainiek euskaldunei luzatuko deutsee konbita.

Lau antzerki eta jantza konpainia euskaldunek jarri dabe abian proiektua - Horman Poster, Olatz de Andrés, Helena Golab eta Ruemania- eta gaur bertan aurkeztu dabe Bilboko Alondigan. Etxepare Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga, izan da aurkezpen prentsaurrekoan parte hartzen, eta kalidadezko antzerkia, jantza eta performanceak batuko dituen egitasmoaren barri emoten. Arte adierazpen desbardinak zuzenean ikusteko programazino egonkorra sustatzeko, artisten mobikortasuna errazteko eta bertako proposamenak nazinoarteko bihurtzeko helburua dau Amphitryonek.

Programea urtarrilaren 17 eta 18an abiatuko da, Helena Golaben In Between lanaren estreinaldiagaz. Olatz de Andrésen El cielo ahora, Horman Posteren Magia Simpática, eta Ruemaniak - Sra. Polaroiskaren Notes about animals, encounters and higways ikuskizunek be hartuko dabe parte.

Dinamika hau oso egokia da prozesu artistikoak trukatzeko eta jarraipena izan leikien lanbide-harremanak bideratu eta sortzeko; ganera, bide emoten dau artisten eta kultura-zentroen arteko trukea eta alkarregazko ezagutzarako prozesuak abiarazoteko. Amphitryonek hurreko bitartekarien eta Europako proposamen artistiko paraleloen alde egiten dau.


BIdeOtik

Urtarrilaren 13an, BIdeOtik hasiko da, ikus-entzunezko bestelako narratibei begira jarrita, bideoaren bidez inguruan doguna erregistrau eta irudikatzeko modu barriak ekarriko deuskuzan zikloa.

Itxaso Díazek koordinautako programa honen bidez, agirian jarri nahi ditue estaduan eta nazinoarte osoan sortu eta egin diran bideo-sorkuntzako lanak eta proiektuak, arte-, sorkuntza- eta kultura-arlotik datozen eta ikus-entzunezko hizkuntza modu personal, intimista eta hurrekoagoan darabilten personek egindakoak.

Erretratua, Lurraldea eta Ibilbidea dira BIdeOtik zikloan erakutsiko dituen ikus-entzunezko hamar lanak multzokatzeko hiru esparruak. Hileko saio bakotxean, egileak izango dira aurrean, beren lana aurkezten.

Erretratuak (urtarrila-zezeila-martia). BIdeOtik bideo-sorkuntzako zikloko lehen hiru saioek oso ikuspegi desbardinetatik helduko deutsie erretratuari. Ibilbide artistikoen erretratuak, jendartetik eta jendarteko bazterkeriatik heldutako erretratuak eta autorretratuak, eta familia-bilaketa baten erretratua, urte luzez eta hainbat lurraldeetan barrena egina.

Lurraldea (apirila-maiatza-bagila). Bigarren hiruhilekoko saioetan, lurraldea izango da gai guztiak harilkatuko dituan ardatza.

Ibilbidea (iraila-urria-zemendia). Irailean, barriro ekingo jako zikloari, eta egileen ibilbidea aztertuko daben hiru saio egingo dira, adierazoteko dituen aztarnak… hareen bideo-identidadea zehazteko asmo garbiz.

Ibilbide baten erretratua (abendua). Zikloari amaierea emoteko izango dogun proiektu dokumentalak ibilbide baten erretratua egiten dau: Arno Stern eta Hezkuntza Sortzailea. Proiektua momentu honetan egiten dago, eta 2015eko abenduan izango da estreinaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu