Pantzart taldeak 'Boli bili boli' txotxongilo ikuskizuna taularatuko dau urtarrilaren 4an Bilboko Campos antzokian

Bizkaie! 2014-12-29 17:52   Kulturea

Pantzart konpainiak Boli bili boli txotxongilo ikuskizuna eroango dau Bilboko Campos Eliseos antzokira datorren urtarrilaren 4an, 12:30ean gaztelaniaz eta 17:30ean euskeraz. Juan Kruz Igerabideren umeentzako poema laburretan oinarrituta, zuzeneko musikea, kantuak eta txotxongiloak buztartzen ditu ikuskizunak.

Pantzart konpainiak Boli bili boli txotxongilo ikuskizuna eroango dau Bilboko Campos Eliseos antzokira datorren urtarrilaren 4an, 12:30ean gaztelaniaz eta 17:30ean euskeraz. Juan Kruz Igerabideren umeentzako poema laburretan oinarrituta, zuzeneko musikea, kantuak eta txotxongiloak buztartzen ditu ikuskizunak.

Konpainia bilbotarrak jakinarazo dauenez, Elena Bezanillak zuzendutako lanak Nikaxita (Ainhoa Pineda) eta Grigor (Santiago Ortega-Sos) ditu protagonista. Istorioen haria aititaren koaderno zaharra izango da. Bertan topautako zeinu, marrazki, soinu eta personaiek era guztietako ikus-olerkiakaz zur eta lur itxiko ditue ikusleak.

Eszenatokiaren erdian aititaren garai bateko koadernoa egongo da; ez da, ostera, ohiko liburuxkea. Marrazkiak, gauzak eta beste hamaika sorpresa gordeten ditu, guztiak Igerabideren olerkiakaz zerikusia dabenak. Nikaxita eta Grigorek lehen orria zabaldu orduko hasiko da guztia. Ikuskizuna 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako danez, olerkiak laburrak eta edade horretako umeentzat egokiak dira, azaldu dau Bezanillak.

Poema gehienak musikatuak izan dira, Adrían García de los Ojos lan honetarako beren-beregi sortutako doinuakaz, eta Nikaxitak kantauko ditu. Santi Sos polifazetikoak borobilduko dau giroa zuzenean joko dituan instrumentuakaz: armonikea, sudur txirulea, perkusinoa, egunero erabilten doguzan objektuak eta abar.

Pantzart umeen arloan antzerki ekintzak egiten dituan konpainia bilbotarra da. 2008an sortu zan arte eszenikoak barritzeko egitasmoagaz, eta arte plastikoak, txotxongiloak, musikea eta umeentzako literaturea idazten daben egungo autoreakaz maila berean lankidetzan ibiltea dau helburu.

Orain arte, Pantzartek edade desbardinetako umeentzako hiru ikuskizun atondu ditu, hirurak Juan Kruz Igerabideren eta Mariasun Landaren testuetan oinarrituta. Konpainiako partaideak Elena Bezanilla, Santiago Ortega, Ainhoa Pineda eta Arantza Flores dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu