The Jesus and Mary Chain, Ben Harper eta Counting Crows Bilbao BBK Live jaialdian

Bizkaie! 2014-12-18 13:29   Musikea

Antolakuntzeak gogorarazo dau abenduaren 23an amaituko dala hiru eguneko bonua 110 euroan (gehi banaketa gastuen 6 euro) erosteko eskaintzea. Kanpin-dendea ipinteko asmoa izan ezkero, prezio horri 8 euro gehitu beharko jakoz.

The Jesus and Mari Chain, Ben Harper & The Innocent Criminals eta Counting Crows dira hurrengo Bilbao BBK Live jaialdiaren egitarauan sartu diran azken 14 banden arteko garrantzitsuenak. Horreekaz batera, Future Islands, The Cat Empire, Capital Cities, Kodaline, The Ting Tings, Delorean, Shaka Ponk, Zoot Woman, Arizona Baby, Zea Mays eta Novedades Carminha taldeak be iragarri ditu Last Tour jaialdiaren antolatzaileak. Orain arte antolakuntzeak baieztatutako talde bakarra Muse zan.

Bilbao BBK Live jaialdiaren hamargarren edizinoa 2015eko garagarrilaren 9tik 11ra bitartean izango da, Kobetamendiko ohiko gunean.

Kontuak kontu, The Jesus and Mari Chain talde eskoziarrak oso bira berezi baten barruan eskainiko dau kontzertua, Psychocandy (1985) lehen diskoaren 30. urteurrena ospatuko dabelako, eta 2015ean estaduko jaialdietan emongo daben kontzertu bakarra izango da.

The Jesus and Mary Chain William eta Jim Reid anaiek sortu eben Glasgow inguruan, eta post punkaren errege bilakatu ziran 1980ko hamarkadearen erdialdean. Taldearen nortasunaren ezaugarrietako batzuk The Velvet Undergrounden eragin nabarmena, pop soinua forma aldetik, baina distorsino handia gitarretan, eta ikusleen aurrean probokazino jarrerea dira.

Talde eskoziarra hamargarren Bilbao BBK Live jaialdiaren egitarauko buruetako bat izango da, eta Kobetamendin pop soinua eta aldi berean antipop soinua dituan eta rock musikan benetako mugarria jarri eban Psychocandy diskoko abesti guztiak joko ditu, antolatzaileek adierazo dabenez.

Era berean, Ben Harper The Innocent Criminals bere bandearen buru dala itzuliko da Bilbora, 2008tik hareekaz eszenatoki bat konpartidu barik egon ondoren. Denpora horretan, Kaliforniako gitarrista eta musikariak disko bi grabau ditu Relentless7 taldeagaz, beste hainbat musikariri lagundu deutse, berbarako Ringo Starri, Fistful of Mercy supertaldea sortu eta disko bat be argitaratu dau bere ama Ellen Harperregaz, beste hainbat proiekturen artean.

Gainera, Counting Crows talde estadubatuarrak Mr. Jones kantuagaz ospea lortu eban, eta oso ezaguna izan zan 1990eko hamarkadan. Ordutik hona, rock alternatiboaren barruan bere lekua defendiduten jarraitu dau taldeak, eta aurten Somewhere Under Wonderland argitaratu dau, zortzigarren estudioko diskoa, eta dagoeneko AEBetako arrakasten zerrendetako lehen hamarren artean kokatu da.

Baltimorreko (AEB) Future Islands synthpop taldea be Bilbon egongo da. Aste honetan bertan albiste izan dira Seasons (Waiting On You) kantua 2014ko kanturik onena izan dala esan dauelako Pitchfork musika aldizkari garrantzitsuak.



Talde gehiago

Baieztatutako lau banda horreei honako honeek be batu jakez: The Cat Empire, Australiako ska eta jazz bandea; Capital Cities, Kaliforniako indie pop bikotea; Irlandako Kodaline (lehen 21 Demands ziranak); The Ting Tings bikotea, aurretik be jaialdian egondakoa, disko barriagaz.

Horrezaz gan, Delorean zarauztarrak; Shaka Ponk talde frantsesa (igazko kontzertua bertan behera geratu ondoren); Britainia Handiko Zoot Woman; Arizona Baby; Zea Mays; eta Novedades Carminha be jaialdian izango dira.

Bestalde, antolakuntzeak gogorarazo dau abenduaren 23an amaituko dala hiru eguneko bonua 110 euroan (gehi banaketa gastuen 6 euro) erosteko eskaintzea. Kanpin-dendea ipinteko asmoa izan ezkero, prezio horri 8 euro gehitu beharko jakoz.

Abenduaren 24tik aurrera bonua erosteko beste eskaintza bat egingo da: 115 euro gehi 6 euro gastuakaitik. Hiru eguneko bonua, kanpaldi eta guzti, 123 euro gehi 6 euro gastuakaitik izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu