'Gure Sor Lekua' euskeraz egindako lehenengo pelikulea proiektauko dabe abenduaren 3an, Bizkaia Aretoan

Bizkaie! 2014-12-02 10:25   Barriak

Euskal Herriko Unibersidadeak Gure Sor Lekua euskeraz egindako lehenengo filmaren aurkezpena eta proiekzinoa egingo ditu eguaztenean, abenduaren 3an, 19:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan, Bilbon, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira.

Euskal Herriko Unibersidadeak Gure Sor Lekua euskeraz egindako lehenengo filmaren aurkezpena eta proiekzinoa egingo ditu eguaztenean, abenduaren 3an, 19:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan, Bilbon, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira.

Gure Sor Lekua Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten dauen koloretako dokumentala da, eta 1956an estreinau zan Hazparnen, hangoa zan eta zuzendaria, André Madré jenerala. Diasporako euskaldunei zuzenduta egoan, egilearen esanbetan, sorlekua iruditan ikusiz, euren herrimina arintzeko asmoz. Berbak, Jean Elizalde Zerbitzari idazle, abede eta euskaltzainak idatzi zituan.

Historiografiak apenas aitatu dau dokumentala, guztiz ezezaguna zalako, eta hari buruz emondako datu apurretan, ez zan agiri euskeraz izan eitekeanik. Izan be, pelikulea galdutzat emon zan, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidade Saileko NOR ikerketa taldeko Josu Martinezek 2012an soinu bako kopia bat topau eban arte.

Hain zuzen be, eguaztenean bertan, Josu Martinezek Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia izenburua dauen tesia defendauko dau epaimahaiaren aurrean, 15:30ean.

EHUk antolatutako ekitaldian, filmaren bersino laburtua proiektauko da, Joserra Senperenak berenberegi konposautako jatorrizko musikeagaz. Musika zuzenean interpretauko dau Xaer/Hertz laukoteak. Aurkezpenean izango dira Iñaki Goirizelaia errektorea, Andre Madre zuzendariaren alarguna eta EHUko ikerlari Josu Martinez.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu