Aitzol Atutxa: 'Ia txapel honek erreferentzia lez balio dauen Bizkaian, ia afizinoa biztuten dan'
2014-11-03 11:45 BarriketanEuskadiko Azkolari Txapelduna
Aizkolaritzearen historian data berezia izan zan urriaren 26a, izan be lehenengoz bizkaitar batek irabazi eban Euskadiko Aizkolari Txapelketea, Aitzol Atutxa 26 urteko dimoztarrak hain zuzen be. Azkorea ez dala nafar eta gipuzkoarren kontua bakarrik erakutsi dau. Berau zan bizkaitar bakarra finalean, eta aizkolari gazteena bere bai. 40 minutu behar izan zituan behar guztiak egiteko: lau kanaerdiko, 60 ontzako lau eta lau oinbiko. Jokatutako laugarren finala dau hau, eta igazko bigaren postuaren ostean, lortu dau txapela Bizkaira ekartea. Beharrean harrapau dogu Aitzol, goizean goizetik.
1.- Euskal Herriko aizkolari txapelketea irabazten dauen lehenengo bizkaitarra zara? Harro egoteko modukoa da gero!
Bai, kar, kar, harro egoteko modukoa. Ilusino handia daukat, bai.
2.- Etxean pozarren egongo dira, aita, Kepa Atutxa aizkolaria izandakoa da eta...
Aita bera aizkolaria izan da, semea be aizkolaria... Irabazteak ilusino handia egiten deutso aitari, baina amari be bai, eta etxeko guztiei, jakina.
3.- Herrian ospatu zenduela entzun dot...
Beasainen finala amaitu eta segiduan etorri ginan etxerantz, gipuzkoar bi aurkari izanda, hobe zenbat arinen etortea, txapela galdu baino lehenago, kar, kar, kar.
4.- Azkoran nonor izateko nafarra edo gipuzkoarra izatea derrigorra zala emoten eban, baina holan ez dala erakutsi dozu.
Aurtengo finala berezia izan da, alde batetik bizkaitar batek irabazi dau finala, eta beste alde batetik, ez da nafarrik egon finalean. Nahiko datu bitxiak dira, hor geratuko dira aizkolaritzearen historian. Egia esan, herri kirol batzutan bizkaitar gehiago dabilz, harria jasoten, esaterako, Zelai Mallabikoa dago. Azkorearen kasuan ez dago erreferenterik, ia txapel honek erreferentzia lez balio dauen Bizkaian, ia afizinoa biztuten dan. Eta ia egunen baten esaten dogun bizkaitar bi heldu dirala finalera.
5.- Azkenengo hainbat urtetan egondako irabazle gazteena be bazara, beste datu bitxi bat.
Euskadiko Aizkolari Txapelketeak 30 urte ditu, eta horreetan edizino guztietan neu naz irabazle gazteena. Lehenago Campeonatos Vasco-Navarros izenekoak egiten ziran, eta hor bai, hor ni baino gazteagoak be izan ziran txapeldun. Danak kontuan hartu ezkero, ni laugarren gazteena ei naz.
6.- Txapeldun gazteena izateak zeozer esan gura dau, zeozer aldatu da?
Igaz lortu neban lehenengo podiuma, bigarren lekuan geratu nintzan. Irabaziko ete dodan galtzen eustien, eta ikusten neban irabazleak 30 urtetik gorakoak zirala danak.
Denporea baneukala pentsetan neban, badagoela sasoia oraindino txapela irabazteko. Txapela, baina, 26 urtegaz etorri da, goizetik. Orain, lehenengoa lortuta lanean segidu behar da, eta esperantzea euki behar da bigarrena lortzea posible izan daiten. Igual ez da datorren urtean etorriko, sano gatxa da bi segiduan lortzea. Gora heltzea gatxa da, baina gatxagoa da goian segidutea. Datorren urtean ez bada, ba beste urteren baten izango da.
7.- Subertea daukazu, gaztea zara, eta urte asko aurretik txapelak irabazteko.
Bai, azkenean, holan da; gaztea zara eta urte asko daukadaz aurretik txapelketak irabazteko. Gauzak ahal danik eta ondoen egitea da kontua, sakrifizio asko eskatzen dauen lana da, eta sari gitxi daukana. Orain arte lez beharrean segiduten ahaleginduko naz. 30 urtera arte beste txapelik ez badator be ni pozik, txapela daukat buru ganean eta orain disfrutau gura dot.
8.- Sakrifizio eta denpora asko emon beharko jako azkorearei zu zabilzan mailan lehiatzeko, ezta?
Euskal Herriko txapelketea irabazteko ez da nahikoa egun bateko entrenamendua, urte askotako entrenamendua behar, urte askotako jarraipena. Teknikea behar da, eta burua be asko landu behar da, esperientzia garrantzitsua da hori lortzeko. Azkenean, txapelketarako prestakuntzea hiru hilekoa izan da, eta merezidu izan dau.
9.- Hiru hilean, astean zenbat egun entrenetan izan dozu?
Asteko egun danak ia. Azkoreagaz hiru egun-edo, baina bestelako prestakuntzea sei egun, gitxienez. Teknikea ondo menperatu behar da 40 minutuko lana egiteko. Fondo fisiko handia behar da, era hori lantzeko bizikletan edo mendian gora eta behera ibilten naz.
10.- Eta nondik ataraten da denporea? Etxeko enpresan behar egiten dozu, aita be bazara... Non dago sekretua?
Nahi izan ezkero egin ahal da. Beste gauza batzutarako ez neuke denporarik aterako, baina holakoetarako bai. Sakrifizioaren emoitzea izatea motibazino handia da, errepetiduteko gogoa emoten dau. Erraza ez da, dana dala. Eztabaidak be badakarz. Urtea luzea da, eta ordaina txikia. Txapelketan bizitako moduko egunek merezidu dauela erakusten dabe.
Ordu asko sartu behar dira, ahal dan moduan kirola, lana eta familia buztartzen ahalegintzen naz. Enpresan mendi-lanak egiten doguz, eta beharrean nagoan bitartean entrenetan ahalegintzen naz, gora eta behera. Etxera heldu, eta askotan umea lepoan hartu eta mendira joaten naz.
11.- Danetarik behar da, orduan, txapelduna izateko: indarra, teknikea eta burua hotz.
Jenteak uste dau indar kontua dala, besoetan euki behar dala indarra, baina batez be gerrian euki behar da. Eta batez be jakin behar da indar hori guztia azkorearen bitartez egurrari transmitiduten, hor dago kakoa. Indarra euki bai, baina ez badakizu zelan egin... Eta burua hotz, bai. Norbere curriculumak egiten dau norbere burua txapelketan zelan egongo dan jakitea. Egoera askotan ikusi dot nire burua, aurretik eta atzetik, eta egia esan urteekaz esperientzia desbardin asko izaten dira. Bakarkako kiroletan buruak zerikusi handia dauka.
12.- Enbor guztiak ebagiteko 40 minutu eta 58 segundu behar izan zenduzan, hori denpora asko da buruari bueltak emoteko, ezta?
Luze egiten da, bai, baina pentsetako denporarik ez dau emoten. Subertea euki neban, Iñaki Azurmendi alboan euki neukan, bera bigarren geratu zan. Albokoari begiratuta, ikusten dozu ia ze azkora hartu dauen, noiz emoten dauen bueltea... Nik erreferentzia hori euki neban Iñaki alboan eukinda. Plazan aurretik hasteak motibazino handia emoten dau, baina gorputzak eutsi egin behar dau. Hori aurretik urtetean daukan parte txarra, atzetik datorrenak harrapetea posible dala, eta horri bueltea emotea gatxa da. Ondo kalkulau behar dira indarrak, eta ahal dala beti komenidu da indar apur bat gordetea. Zazpigarren egurrean erabagi neban gordeta neukan hori erabiltea, guztiz hustutea. Eta holan irabazi neban.
13.- Denpora asko eskatzen dau azkoreak, baina dirua be, ez da kirol merkea.
Nahiko karua da. Finanzazino eta laguntza barik, puntan bazagoz, defizitarioa da. Egurra ordaindu egin behar da, horregaitik ezin dira egin entrenamenduak egurragaz egunero; gorputzak ahal dau, baina aurrekontuak gora egiten dau. Egoera fisiko hori beste modu batera lortu beharra dago, mendira joanez, edo dana dalakoa.
Azkorak eurak be ez dira merkeak. Australiatik ekarten dira, han erosi eta hemen preparetan dira. Azkora batzuk 20 urte irauten dabe, eta beste batzuk, sarritan egun bi. Horregaitik, azkora on batek ez dauka preziorik. Azkora danak ez dira bardinak, zergaitik ezin daiteke jakin. Injinerutzaren bat egongo balitz hori aztertzen jakingo geunke, baina gaur egun artisau lana da, ez dagoz azkora bi bardinak. Ikertu ezkero miloe bat azkora bardin-bardinak egiteko aukerea egongo litzateke, baina momentuz ez dago holakorik. Azkora batek, gaur egun, 360 euro inguru balio ditu, baina azkora onak ez dauka preziorik; on bat topau orduko hamar eskas erosi behar dira.
14.- Euskal Herriko txapelduna izanda, desafioak egiteko proposamenik jasoko zenduan.
Txapela jantzi eta segiduan apostuen kontua aitatu eustien. Ikusiko dogu, egunen baten akaso, baina ez dakit aurten edo hemendik bost urtera. Desafioa diru-iturri garrantzitsua dira, irabazi ezkero, jakina, baina galdu ezkero... 26 urte besterik ez dodazt, denporea dago.
15.- Uda partean, herriz herri erakustaldiak egiten ibilten zara. Gustura ibilten zara?
Beste diru-iturri bat da. Asko-asko gustetan jataz erakustaldiak, asko disfrutetan dot. Edozein herri edo auzotan ikusi gura bagaitue, gu pozik joaten gara. Nik neuk gurago dodaz herri txiki edo auzoak, polita izaten da. Uri edo leku handietan turismoarentzat izaten dira erakustaldiak, hori be gustetan jat, harritu egiten dira, baina gurago dodaz leku txikiak. Penea da esatea, baina Bizkaian baino Gipuzkoan eta Nafarroan saio gehiago egiten dodaz. Espero dot urte batzuk barru txapeldun bizkaitarra izanik hemen be azkorea gehiago estimetea.
16.- Ez da erraza azkoran egitea Bizkaian?
Zaletasuna badago, gero eta handiagoa. Kirol hau, Bizkaian batez bez, gurasoengandik dator; azkoran ibilitakoen semeak, lobak edo dana dalakoa dira. Etxeko kontua ez danean, jenteak ez daki nora jo; ume batek azkoran hasi gura badau, gurasoek normalean ez dakie nora jo, eskolarik dagoan ala ez. Ezagunik edo euki ezean gatxa da. Beste leku batzuetan eskolak daukiez, alkar kutsatzen dira. Ez dakit Bizkaian be holako zeozer egin beharko litzatekeen, edo gura dan lortu, lehentasuna dan ez dakit.
Bizkaiko mailea eta Euskal Herrikoa kontuan hartuta, neu naz Euskal Herriko lehenengo mailan dagoan bakarra, ganerako bizkaitarrak hirugarren mailan dagoz. Aldea dago.
17.- Zure kasuan be, etxekoek eragin handia euki dabe, aita aizkolaria izandakoa dozu.
Argi dago, aita aizkolaria izan ez balitz neu be ez nintzatekeela izango. Zazpi urtegaz hasi nintzan azkoran, ume txikiak aitak egiten dauena egin gura dau. Txikitan erakustaldietara joaten ginan, plazaz plaza. Azkora txiki bat emon eustien eta holan hasi nintzan, jolas baten antzera. Jolasa kirol bihurtu zan, eta ostean konpromisoa, honaino heldu arte. Edozelan be, gauza bat da hastea eta beste bat da aurrera egitea. Hasteak beti balio dau, beste kiroletan antzera, baina gitxik segiduten dabe. Nerabezaroan askok ixten dabe. Askotan geratu naz ni etxean, lagunak jaietara doazela, hurrengo egunean erakustaldiren bat neukalako, edo txapelketaren bat. Ez da erraza.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!