Zemendiaren 14an hasiko da 65 film eskainiko dituan 56. Zinebi

Bizkaie! 2014-10-28 14:30   Barriak

Europan zaharrenetakoa dan zinemaldiaren 56. edizinoan, danetara 3.368 film aurkeztu dira eta horreetatik antolatzaileek  65 aukeratu ditue Sail Ofizialerako, lehiaketan parte hartzen daben hiru generoetako, fikzinoa (30), dokumentala (17) eta animazinoa (18), Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak irabazteko burrukan. Lehiaketarako aukeratutako film horreetatik 7 euskal zinemagileek egindakoak dira.

Gaur aurkeztu dabe Bilbon 56. Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldia Ernesto del Rio, Zinebiko zuzendariak, Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Luis Eguiraun, Zinebiko programatzaileak.

Zemendiaren 14an, arratsaldeko 20:00retan, zabalduko ditu ateak 56. Zinebik Bilboko Arriaga Antzokian, Zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko dauen Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko jakon omenaldiagaz.

Aurtengo Ohorezko bigarren Mikeldia, nazinoartean ospe handia eta sari asko irabazi dituan Hirokazu Kore-Eda zinemagile eta gidoilari japoniarrari emongo jako. Zemendiaren 19an jasoko dau saria Bilboko Guggenheim museoaren auditorioan, Canneseko Zinemaldian Epaimahaiaren Saria irabazi eban De tal padre, tal hijo (2013) film luzea proiektau aurretik.

Europan zaharrenetakoa eta entzutetsuenetakoa dan zinemaldiaren 56. edizinoan, danetara 3.368 film aurkeztu dira eta horreetatik antolatzaileek 65 aukeratu ditue Sail Ofizialerako, lehiaketan parte hartzen daben hiru generoetako, fikzinoa (30), dokumentala (17) eta animazinoa (18), Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak irabazteko burrukan. Lehiaketarako aukeratutako film horreetatik 7 euskal zinemagileek egindakoak dira. Ohikoa danez, jaialdiaren inaugurazino ekitaldian eskainiko dira, Arriaga Antzokian; ondokoak dira: Soroa, Asier Altunarena (fikzinoa), A serious comedy, Lander Camarerorena (fikzinoa), Anómalo, Aitor Gutiérrezena (fikzinoa), Peter Hollywood, Ibon Antuñanorena (dokumentala), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa, María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxorena (dokumentala), Hubert Le Blonen azken hegaldia, Koldo Almandozena (animazinoa), eta Tempo inverso, Gregorio Muro eta Mikel Murorena (animazinoa).

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin dan lez, Zinebi 56k atentzino berezia eskainiko deutse orain denpora gitxi egindako euskal produkzinoei, Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi atalaren barruan. Aurten 10 lan aurkeztuko dira, danak dokumentalak, eta horreen artean aitamen berezia merezidu dau No soy yo, eres tú (Iban Gaztanbide. Euskadi, 2014. 90 min.) film luzearen estreinaldiak. Lan hori, El Consorcio musika taldeko kideek izan daben ibilbide personal eta profesional luzera egiten dan hurreraketa intimoa eta korala da.

Sail horren barruan, musika banda mitikoei eskainitako beste bi lan azpimarratu behar dira: Las más macabras de las vidas (Kikol Grau. Euskadi, 2014. 45 min.) 80ko hamarkadako filmetako eta albistegietako irudien bitartez, Eskorbuto taldea errebeldiaren enblema bilakatu zan garaia erakusten da; Doctor Deseo: Busco en tus labios (Carlos Iglesias / Xabier Aguirre. Euskadi, 2014. 58 min.) lanak, Bilboko pop-rock talde beteranoaren ibilbidea, musikearen inguruan dituan ideiak eta eszenaratze bitxia jasoten ditu. Aitagarria Doctor Deseo taldeak kontzertua eskainiko dauela zemendiaren 15ean, Kale Nagusiko BBK Aretoan, filmaren amaieran.

Sail Ofizialeko film laburrez gan, Zinebik lehiaketakoak ez diran zenbait erakusketa programau ditu, InfoEuskadi, InfoSpain eta InfoWorld. Bilboko Alondigako Golem zinema-aretoetan emongo dira, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako eta nazinoarteko 70 film aukeratu dira.

Sail paraleloen barruan, aurten, #Zinergentziak 14, Premiak eta larrialdiak euskal ikus-entzunezko garaikidean izenekoa azpimarratu behar da. UPV-EHU-ren laguntzinoa dauen ziklo hau, premia eta larrialdi kontzeptuetan oinarrituz, euskal ikus-entzunezko garaikidean dabilzan zinemagile gazteenen lanen azterketea proponiduten daben lau programak osotzen dabe. Lan horreen guztien helburua zinemea egiteko, ikusteko eta zinemearen ganean berba egiteko moduen kontra agertzea eta goitik behera aldatzea da.

Erakusketak erabateko estreinaldi bi jasotzen ditu: Sra. Polaroiska Kolektiboak (María Ibarretxe eta Alaitz Arenzana) eta Víctor Iriartek sortutako All about the Birds film-performancea, eszenan jarteari eta ikus-entzuleak beteten dauen lanari buruzko gogoeta bitxia; eta, zazpi zinemagile gaztek egindako Errautsak (Cenizas) film kolektiboa be ikusi ahal izango da, iragana, orainaldia eta etorkizuna buztartzen dituan lana, hausturea, emantzipazinoa eta garaiagaz konpromisoa erakusten dauen diskurso artistikoan.

Beste alde batetik, Delante de nuestros ojos, detrás de esa pared. El cine ‘povero’ de José Celestino Campusano izenburuagaz, Zinebi 56k zinemagile argentinar horren lan harrigarria aurkeztuko dau lehen aldiz gure herrialdean. Zinemagilearen hiru film esanguratsuenak izango dira ikusgai Bilbon, Bilboko Alondigan: Vil romance (2008), Fango (2012) eta Fantasmas de la ruta (2013).

Aurten, epaimahaiko kideak ondokoak izango dira: Alberto García Ferrer produktore eta kritikari argentinarra; Carlos Balagué zinemagile, kritikari eta saiakeragile espainiarra; Ingrid Mwangi multimedia artista keniarra; Olga Pärn zinemagile bieloerrusiarra eta Jon Sistiaga euskal kazetaria. Jon Sistiagak La Mara vida bere azken dokumentala estreinauko dau jaialdiaren barruan, Honduraseko banda kriminalen indarkeriak eragindako egoera gogorraren kronika baltza.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu