Urriaren 11n jokatuko da Irunen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketea

Bizkaie! 2014-09-25 14:50   Euskerea berbagai

Luma aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketea jokatuko da Irunen datorren urriaren 11n, zapatuan. Irungo Udalaren babesa eta Eusko Labelaren eta Irungo EKT alkartearen laguntzinoa jaso dau aurtengo edizinoak.

Luma aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketea jokatuko da Irunen datorren urriaren 11n, zapatuan. Irungo Udalaren babesa eta Eusko Labelaren eta Irungo EKT alkartearen laguntzinoa jaso dau aurtengo edizinoak.

Euskerazko berba joko, berba kurutzatu eta denpora-pasa jokoak eskaintzen ditu hilero Luma aldizkariak (124 zenbaki kaleratu ditu dagoeneko) eta zortzigarren aldia dau gaurgero txapelketa hori antolatzen, ez arrakastarik barik gainera. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako berba kurutzatu zaleak lehiatuko dira aurtengo edizinoan txapelaren alde.

Berba kurutzatuen txapelketa honetan, lau berba kurutzatu taula edo kurutzegrama osotu beharko ditue lehiakideek txapelketa eguneko goizean luzatuko dan norgehiagokan. Lau saio egin beharko ditue horretarako: kanporaketa izaerakoak dira lehenengo biak, eta hamasei onenak baino ez dira hirugarrenera, hau da, finalerdira igaroko. Finala jokatuko daben lau lehiakideen izenak zehaztuko dira hirugarren saio horretan. Mahaian jesarri eta lapitza edo arkatza ondo zorroztu ondoren ekiten deutse lehiakideek lehenengo hiru saio horreei. Finaleko berba kurutzatu taulea, barriz, jentaurrean eta paneletan bete beharko dau finalista bakotxak, ganerakoek eginikoaren barri zuzenean jakiteko modurik izango ez dauela.

Hizkuntzearen ezagutza sakonaz ganera, zentzua, gogo ernea eta mundutasunak eskatzen dauen erudizino hori be erakutsi behar ditu lehiakideak, ez baita hau sinonimo lehiaketa hutsa. Luma aldizkariko profesionalek sortu eta atonduriko jokoak beteko ditue lehiakideek, eta zuzentasuna, lehenengo, eta bizkortasuna, ondoren, hartuko ditue kontuan epaileek hareen lana neurtzerakoan.

Hola nahi daben berba kurutzatu edo kurutzegrama zale euskaldun guztiek hartu leikie parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketan. 25 € pagauko ditu txapelketan parte hartu nahi dauen lehiakide bakotxak (txapelketea + bazkaria), 20 € Luma aldizkariaren harpideduna bada. Ohiko postaz (Luma Aldizkaria, 307. P.K. 20300 Irun), e-postaz (xedera@xedera.com) edo telefonoz (943 630 883) emon daiteke Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketan parte hartzeko izena, eta 2014ko urriaren 8a izango da horretarako azken eguna. Txapelketa egunean berean egingo da ordainketea.

Garai argalak bizi badoguz be, eutsi egingo deutsagu orain arteko txapelketetan emondako sariei, adierazo dau Iñaki Agirresarobe, Luma taldeko kideak. Txapelaz gan, 350 € eroango ditu irabazleak, 225 bigarrenak, 120 hirugarrenak eta 60 laugarrenak. Finalerdira helduko diran lehiakide guztiek 20 €-ko saria jasoko dabe eta, bestalde, produktu labeldun sorta bana eroango dabe lehiakide guztiek, Eusko Label markeak eskainia.

Aurreko bi edizinoetan lez, Irungo Udalaren babesa jaso dau Txapelketearen aurtengo edizinoak be. Fernando San Martin, Euskera Zinegotzi Ordezkariaren esanetan, barritzailea eta originala izateaz gan, euskerearen ezagutzea eta erabilerea ederto buztartzen ditu urteroko ekitaldi honek jai-giro ederrean eta gure urian bertan. Beraz, eskerrak eta zorionak emon nahi deutsedaz antolatzaileei beren lan guztiagaitik. Irundarrak eta kanpotarrak animau nahi dodaz lerro honeetatik txapelketan parte hartu deien, kurutzegramagile zein ikusle moduan.

Kontuak kontu, urriaren 11ko ordu biak aldera jakingo da nor izango dan Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketako irabazlea; igazkoa Ibon Zaldua donostiarra izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu