1.200 gaztek hartuko dabe parte Durangoko Azokako Ikasle Egunean

Bizkaie! 2014-09-24 11:18   Kulturea

Urriaren 3an amaituko jakie ikastetxeei izena emoteko epea. Egitaraua indartu egin dabe Durangoko Azokearen antolatzaileek; 30 saio baino gehiago antolatuko dira Ikasle Egunean, abenduaren 5ean. Izan be, gune guztien artean eskaintza osotua atondu dabe.

Urriaren 3an amaituko jakie ikastetxeei izena emoteko epea. Egitaraua indartu egin dabe Durangoko Azokearen antolatzaileek; 30 saio baino gehiago antolatuko dira Ikasle Egunean, abenduaren 5ean. Izan be, gune guztien artean eskaintza osotua atondu dabe.

Igazko esperientziak izan eban erantzun ona errepetiduteko asmoz, egitarau a indartu egin dabe Durangoko Azokako arduradunek. Euskal Kulturearen Plazarik handiena barrutik bizi eta ezagutzeko aukerea izango dabe ikasleek, dinoe.

Alkarrizketak egin, musika kontzertu baten parte hartu, eskuko telefonoetarako aplikazino bat sortu, itzalen antzerkiaren teknikak ezagutu, bikoizketak egin edo kanta bat sortzeko aukera eukiko dabe gazteek, besteak beste. Danetara, 30 saio baino gehiago eskainiko dira. Azokako gune bakotxak eskaintza berezitua izango dau. Nobedade moduan, Durangoko museoan tailer bi egingo dira Artium eta F-Stop Durangoren eskutik.

Hemen, egitaraua, gunez gune:

Plateruenan, kontzertu handien plazan, 300 ikaslerentzat emonaldia eskainiko dau Ghetto taldeak. Euskal kantagintzako estilo eta sasoi desbardinetako kanten bersinoak izango dira.

Saguganbaran, txikien eta handien plazan, Oskar Estanga eta Yolanda Arrieta sortzaileek gidatuko ditue tailer bana. Oskar Estangagaz kanta baten grabaketea egingo dabe, eta Yolanda Arrietagaz egun batez idazle bihurtuko dira.

Ahotsenea, sortzaileen plazea, barru-barrutik ezagutzeko aukerea izango dabe ikasleek, eta bertan parte hartuko daben sortzaile bi alkarrizketatzeko tartea bere bai: Revolta Permanent musika taldea eta John Andueza idazlea.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, film baten bikoizketa zelan egiten dan ezagutu eta praktikan ipiniko dabe bikoiztaile profesionalen eskutik.

Areto Nagusian, berbearen plazan, Fernando Morillo idazlearen eskutik editoreek liburu baten argitalpenaren abenturan zer lan egiten daben azalduko jakie.

Kabi@n, digitalaren plazan, eskuko telefonoak segurtasunez erabilteko aholkuak jasoko ditue. Aplikazino bat sortzeko lehen pausuak ikasiko ditue bere bai, eta scratch eta legogaz progarmetan hasteko lehenengo pausuak emongo ditue.

Szenatokian, arte eszenikoen plazan, Zurrunka antzerki taldeagaz itzal-txotxongilo antzezlan baten sekretu eta teknikak ikasiko ditue.

Azoka TBk zuzenean bideoklipez osotutako musika saioa produziduko dau. Ikasleek zuzenean segidu ahal izango dabe saioa platoan.

Durangoko Museoan, tailer bi egingo dira. Lehenengoa Artiumek eskainiko dau eta material sinpleenekaz esperimentatuz forma desbardinetako irudiak sortuko ditue. F-Stop Durango taldeak, barriz, argazki kameraren oinarriak lantzeko tailerra emongo dau.


Ikasle Eguneko jardueren ganeko argibide gehiago eta izena emoteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu