XIII. Bilboko Zirkuituak eguenean ekingo deutso programazinoari

Bizkaie! 2014-09-22 18:39   Kulturea

Bilboko Zirkuitua 2014 eguen honetan, irailaren 25ean, abiatuko da, Otxarkoagako udaltegian, 7 grados taldearen Trastornos literarios lana eszenaratuz. Sei personaien arteko mikro kontakizunak, monologoak eta alkarrizketak proponiduten deuskuez, bakotxa bere eguneroko absurduakaz.

Bilboko Zirkuituaren hamahirugarren edizinoak auzoetan eskaintzen dauen programazinoari ekingo deutso barriro eguen honetan (irailaren 25ean), Otxarkoagako udaltegian. Programazinoan, bertako hamaika talde eta artistaren 13 emonaldi ikusi ahal izango dira. Artista horreetako batzuk ikus-entzuleek ondo ezagutzen dituenak dira, Luna Llena, Totum edo El Beso Teatro, besteak beste.

Otxarkoaga, Abando-Barrainkua, Altamira, Castaños, San Frantzisko, Basurtu, Errekalde, eta Zurbaranbarriko udaltegiek eta Solokoetxeko institutuak jasoko ditue emonaldiak abenduaren 11ra arte, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera libreagaz. Urteko azken hiruhileko honetarako proposamen eszenikoen artean, azpimarragarriak dira Jon Zubiagaren eta Sonia Villamorren Pisukideak, Bilbon lehen aldiz ikusi ahal izango dan euskerazko lana, eta Totum taldearen Pensar en Alto lanaren estreinaldia.

Bilboko Zirkuitua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programea aukera bikaina da sortzaile barriek eta antzerki eta jantza taldeek euren lanak eszena gainera eroan eta jente aurrean aurkeztu deiezan. Gainera, barruti bakotxean, Bilbon sortutako gaur eguneko proposamen freskoenez gozetako ingurune onena da.

Parte hartuko daben konpainiak eta artistak ondokoak izango dira: 7 grados, Totum, Katastrofen, La Trascienda, Luna Llena, Thor Teatro, Plataforma Tirante, El Beso Teatro, Beatriz Insa, Jon Zubiaga eta Sonia Villamor. Antzerki eskaintzeak dramea eta tragikomedia batzen ditu, gizarte ikutu handiagaz eta emakumeen presentzia garrantzitsuagaz, eszenatoki gainean zein landutako gaietan.

Kontuak kontu, Bilboko Zirkuitua 2014 eguen honetan, irailaren 25ean, abiatuko da, Otxarkoagako udaltegian, 7 grados taldearen Trastornos literarios lana eszenaratuz. Sei personaien arteko mikro kontakizunak, monologoak eta alkarrizketak proponiduten deuskuez, bakotxa bere eguneroko absurduakaz.

Urriaren 2an, Errekaldeko udaltegiak, Totum konpainiaren Pensar en alto lanaren estreinaldia jasoko dau. Emakumez osotutako taldeak, sarritan absurdua dan errezitaldi poetiko-ludikoa dakar, burutik pasetan jakuzan gauzen ganean. Hilabete horretako programazinoa umorez betetako bi antzezlanek osotuko dabe, Katastrofen eta La Trascienda taldeen ¿Qué ha sido eso? (Urriak 9) eta La Trascienda Boxes (Urriak 16) lanek, hurranez hurran.

Zemendian, barriz, hilaren 6an hasiko dira emonaldiak, Errekaldeko udaltegian, Jon Zubiagaren eta Sonia Villamorren Pisukideak lanagaz. Euskeraz antzeztutako lan hori lehen aldiz ikusi ahal izango da Bilbon. Zemendiko proposamenen artean, Thor Teatro taldearen Las cartas de Berlin (Zemendiak 27) azpimarra daiteke. Bertan, Marta Urcelay antzezleak, bere biziaren, bere munduaren eta bere maitasunaren amaieran, lur azpitik metro askotara dagoan bunker batean dagoan Eva Braun —Hitlerren maitalea— antzeztuko dau.

Abenduko egitarauari jagokonez, Bea Insa antzezleak antzeztuko dauen La mujer sola nabarmendu daiteke. Protagonistea Maria izango da, bere hezkuntzan, bere ezkondu bizitzan, kartzelatuta dagoan personaia maitekorra eta gizatiarra. Komikotasunean eta ironian oinarritutako bakarrizketa horrek, zoritxarrez erabateko gaurkotasuna dauen gai bat ekarriko deutse ikus-entzuleei, emakumearen tratu txar fisikoari eta psikikoari jagokona. Antzezlan horrek emongo deutso amaierea aurtengo Bilboko Zirkuituaren programazinoari, abenduaren 11n, Castañoseko udaltegian.


Sorkuntzeari laguntzinoa

Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako Bilboko Zirkuitua programeak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, eta baita konpentsazino ekonomiko bat be. Horrezaz gan, euren lanak ikus-entzuleen aurrean antzezteko aukerea be eskaintzen deutse.

Orain hamarkada bat baino gehiago programea martxan jarri zanetik, zabalduz eta emonaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Denporeagaz, egitaraua ia Bilboko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horreetako askok urte osoan jasoten daben Arte Eszeniko eskaintza bakarra da. Gainera, ekimenaren hasieran parte hartu eben konpainien artean batzuk profesional izatera heldu dira, Gaitzerdi Teatro, FTI (Fábrica de Teatro Imaginario) edo Itziar Lazkano, besteak beste.


Zirkuitua 2014 - Egitaraua

- Irailak 25: Trastornos literarios (7 grados) Otxarkoagako udaltegian.

- Urriak 2: Pensar en alto (Totum) Errekaldeko udaltegian.

- Urriak 9: ¿Qué ha sido eso? (Katastrofen) Barrainkuako udaltegian.

- Urriak 16: La Trascienda (Boxes) Otxarkoagako udaltegian.

- Zemendiak 6: Pisukideak (Jon Zubiaga eta Sonia Villamor) Errekaldeko udaltegian (Euskaraz).

- Zemendiak 13: Irakurriz (Shakti Olaizola) Zurbaranbarriko udaltegian.

- Zemendiak 14: Pisukideak (Jon Zubiaga eta Sonia Villamor) Barrainkuako udaltegian. (Euskaraz)

- Zemendiak 20: A trompicones (Luna Llena) Solokoetxe institutuan.

- Zemendiak 26: A trompicones (Luna Llena) Altamirako udaltegian.

- Zemendiak 27: Las cartas de Berlín (Thor Teatro) Otxarkoagako udaltegian.

- Zemendiak 28: La máquina del dueño (Plataforma Tirante) San Frantziskoko udaltegian.

- Abenduak 4: Soñando teatro (El beso teatro) Basurtuko udaltegian.

- Abenduak 11: La mujer sola (Beatriz Insa) Castañoseko udaltegian.

Emonaldi danak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu