UPV/EHUk eskainitako 87 graduetan 8.441 ikasle barri matrikulau dira

Bizkaie! 2014-09-09 14:20

UPV/EHUk 87 gradu eskaintzen ditu eta danetara 8.626 plaza. Kontuak kontu, plazen % 97,8 bete da. Zehatz esateko, titulu horreetako 53k bete ditue eskainiko plaza guztiak.

Euskal Herriko Unibersidadeak eskainitako 87 graduetan 8.441 ikasle barri matrikulau dira, plazen % 97,8 bete dabelarik.

UPV/EHUk 87 gradu eskaintzen ditu eta danetara 8.626 plaza. Kontuak kontu, plazen % 97,8 bete da. Zehatz esateko, titulu horreetako 53k bete ditue eskainiko plaza guztiak, eta laster beste 11 titulu garagarrilean egindako ordenazinoaren itxarote-zerrendatik irtengo diran ikasleakaz beteko dira, EHUk adierazo dauenez.

Garagarrileko deialdian eskainitako plaza guztiak bete dituen graduak, besteak beste, Ingeles Ikasketetako Gradua, Filologiako Gradua, Arte Ederretako hiru tituluak (Arteko Gradua, Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharbarritzeari buruzko Gradua, eta Sorkuntza eta Diseinuko Gradua) eta Informatikearen Injinerutzako Gradua dira.

Gainera, goi-hezkuntzako erakundeak nabarmedu dau Nautika eta Itsasontzia Makineria Goi Eskola Teknikoaren tituluek (Itsasketako Gradua eta Nautika eta Itsas Garraioko Gradua) % 45 ikasle barri gehiago dabela aurreko ikasturteagaz konparauta.

Bestalde, UPV/EHUn matrikulea egindako ikasleetatik nota altuena dauenak, Injinerutza Elektronikoko Gradua ikasiko dau. Kalifikazino altuak dituen beste ikasle batzuk be badagoz, besteak beste, Medikuntzan, Fisikako eta Injinerutza Elektronikoko Gradu Bikotxean, Biokimika eta Biologia Molekularrean, Industria Teknologiaren Injinerutzan, Fisikan, Erizaintzan eta Farmazian. Zientzia arloan, Matematikako eta Kimikako graduek be hartu ditue nota altuak dituen ikasleak.

Azken bi matrikula-epeak irailaren 12an eta 19an izango dira. Bigarren eta goragoko mailetako ikasleei eta graduondokoei jagokenez, automatrikulea aste honetan egiten dagoz. Zentro gehienetan, eskolak astelehenean hasi dira.

Era berean, unibersidadeak graduondoko ikasketak be eskaintzen ditu. Eskaintzea honakoa da: 110 master ofizial (horreetariko bik Erasmus Mundus Bikaintasuneranzko Onarpena dabe), 65 doktorego programa barri, dekretu barrira egokituak, (horreetariko 32k Hezkuntza Ministerioaren Bikaintasuneranzko Aitamena lortu eben); eta 37 graduondoko berezko titulu.

Bestalde, Euskal Herriko Unibersidadeak 5.709 irakasle eta ikertzaile ditu, eta 1.847 Administrazino eta Zerbitzuetako langile.


Ikasturte hasierako ekitaldia

Ikasturte hasierako ekitaldiari jagokonez, eguaztenean, irailak 10, 11:30ean, izango da UPV/EHUko Areto Nagusian (Sarriena auzoa, z/g. Leioa). Ekitaldi honetan, UPV/EHUko idazkari nagusi José Luis Martínek 2013/2014 ikasturte akademikoaren memoriaren laburpena eskainiko dau.

Gero, UPV/EHUko Anatomia Patologikoko irakasle tituludunak eta Gurutzetako Unibersidade Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuburuak, José Ignacio López Fernández de Villaverde doktoreak, emongo dau 2014/2015 ikasturte hasierako berbaldia: El patólogo, médico invisible.

Ospakizuna amaitzeko Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Iñaki Gorizelaiak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu