Sei film luze aurkeztuko ditu Donostia Zinemaldiko Zinemira sailak
2014-08-27 14:37 BarriakDonostia Zinemaldiaren 62. edizinoak sei film luze aurkeztuko ditu aurten Euskal Herrian produzidutako zinemeari zuzendutako Zinemira sailean. Bi estreinaldik eta aurten produzidutako lau lanek osotuko dabe sail berezia.
Donostia Zinemaldiaren 62. edizinoak sei film luze aurkeztuko ditu aurten Euskal Herrian produzidutako zinemeari zuzendutako Zinemira sailean. Bi estreinaldik eta aurten produzidutako lau lanek osotuko dabe sail berezia. Zinemira saria, barriz, Pedro Olea zinegile bilbotarrak jasoko dau urteetan egindako ibilbide emonkorragaitik. Era berean, omenaldi berezia egingo jake oraintsu hildako Nestor Basterretxea, Alex Angulo eta Javier Ibarretxeri.
Aitatu bi estreinaldiak Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko dira, baita Zinemaldiaren beste edozein sailetan aurkezten diran eta gitxienez % 20 euskal produkzinoa daben ganerako lanak be, betibe mundu mailako estreinaldiak badira. Irizar saria nori emon epaimahai espezifiko batek erabagiko dau, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu, filmaren produktoreentzat.
Zinemira saila Donostia Zinemaldiak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz, Euskadiko Filmategiagaz, eta EPE eta IBAIAgaz lankidetzan, baita Irizar enpresearen eta EITBren babesagaz be.
Zinemira 2014
- Ateak zabalduz (Juanmi Gutiérrez): Oarsoaldeko okupa mobimentuaren ganeko dokumentala.
- Five days to dance (Rafa Molés, Pepe Andreu): Goiz batean, jantzari bikote bat institutu bateko ikasgela batean agertuko da. Astelehena da eta nerabeei agertokira igon eta jantzan egiteko bost egun daukiezala iragarriko deutsee. Aste bat gauzak aldatzeko. Epea laburra da, baina erronkea, handia: munduak geldiarazoten gaituanean, personak mobiduarazotea. Wilfried Van Poppel eta Amaya Lubeigt dira koreografoak. Gizona, herbeheretarra; emakumea, donostiarra.
- I am Haiti (Raúl De la Fuente). Mundu mailako estreinaldia. Haitin, zonbifikazino-sistema bat dago. Dinoenez, zeozer gertatzekoa bada benetan gertatuko da eta inork ezin dau eragotzi. Celeur artista buduaren inspirazinoa darabil bere eskulturak sortzeko. Karibeko ugarte horretako errealidade konplexuaren islak dira.
- Lantanda (Gorka Gamarra). Mundu mailako estreinaldia. Kreolerea da Ginea Bissauko herritar gehienek erabilten daben hizkuntzea. Halan da be, ez da hizkuntza ofiziala. Hainbat belaunalditako musikari eta idazleek beren hizkuntzea aukeratzeko arrazoia azalduko dabe.
- Notas en movimiento (Notak mobimentuan): Oskar Tejedor. Miarritzeko Malandain Balletak koreografia barria estreinauko dau, Versalleseko jauregian, Euskadiko Orkestreak zuzenean interpretautako musikeagaz. Dokumentalak obra barri honen prestaketea jasoko dau, ballet konpainia baten eta orkestra sinfoniko baten sorkuntzearen egunerokoaren barruko jarraipena eginez, ikusleak ezagutzen ez dauen alderditik: giza-alderditik.
- Señales de vida: Néstor Basterretxea (Bizi seinaleak: Néstor Basterretxea): Gentzane Martínez de Osaba, Alexander García de Vicuña. Néstor Basterretxea artista polifazetikoaren bizitzeari eta lanari buruzko dokumentala da. Bidaia horretan, bere izaera eta lan-molde berezia ezagutuko doguz, baita XX. mendeko kulturan eta arte garaikidean izan dauen eragina be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!