Goitiberak barriro be Bilboko Aste Nagusian
2014-07-29 15:48Bilboko Konparsek Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dabe, eta aurten be danetariko eskaintzea atondu dabe: kontzertuak, jantza ikastaroak, bertso-saioak, ginkanak, arrantza eskolea, antzerkia, azokak, aerobithoia... Eta goitiberak berreskuratuko ditue, abuztuaren 23an izango da probea.
Bilboko Konparsek Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dabe, eta aurten be danetariko eskaintzea atondu dabe: kontzertuak, jantza ikastaroak, bertso-saioak, ginkanak, arrantza eskolea, antzerkia, azokak, aerobithoia... Eta goitiberak berreskuratuko ditue, abuztuaren 23an izango da probea, eta Euskal Ligarako balioko dau.
Jarduera mordo bat eskainiko ditue abuztuaren 16tik aurrera Bilboko Konparsek, ehunka. KIrola, musikea, jantzea, bertsolaritzea eta beste hainbat arlotako jardueren barri emon dabe gaur. Adin guztietarako eskaintzea osotu dabe. Aste Nagusiak adinik ez dauenez, jubilatuentzako bazkaria eta umeentzako puzgarriak, emonaldiak, tailerrak eta jolasak ez dira faltako, azaldu dabe prentsaurrekoan.
Urtero lez, musikeak leku berezia dauka egitarauan. Hemen, oraindino zarratu barik dagoan taldeen zerrendea: Willis Drumond, Porco Bravo, Nuevo Catecismo Católico, Cobra, Gose, Kashbad, Las Tea Party, McOnak, The Cherry Boopers, Pablo Hasel, Las Fellini, Erramun Martikorena eta Anje Duhalde.
Janari dastaketak, ardao eta garagardo dastaketak, bazkariak eta beste makina bat ekintza gastronomiko antolatu dira. Sukaldaritza txapelketea egingo dabe Arenalean, eta umeentzako eskolak egingo ditue astelehen, eguazten eta barikuan. Aurten, ganera, konparsen arteko lehenengo pintxo-txapelketea prestau dabe.
Kirolei jagokienez, urtero moduan Hiri Krosa antolatu dabe, 2.000 korrikalarirentzat. Dorsalak astebetean amaitu ziran. Aste Nagusi honetako barritasun handienetakoa goitiberen lasterketea izango da. Abuztuaren 23an egingo dabe saioa, 11:00etatik aurrera, Zumalakarregi kalean. Izena emon gura izan ezkero, argibideak, hemen.
Abuztuaren 23an bertan, arrastiak Bandera Urdina eta Bandera Marroia banatuko ditue, Aste Nagusiko onenari eta txarrenari. Aurten be, Kanpaia eta Eulia sariak emongo ditue, txosnarik ederrenari, eta 'gehien hobetu daitekeen' txosneari.
Kaleak hartzeko ordua da, jantzan egiteko, barre egiteko, jateko, jolasteko, alkarbanatzeko, maitatzeko… eta, azken finean, parte hartzeko. Hori da Aste Nagusiaren gakoa, amaitu dabe konparsek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!