Ipar Euskal Herrian euskerea sustatzeko 1,6 miloe euro batu ditue EEPk eta Eusko Jaurlaritzeak
2014-07-16 12:44 Euskerea berbagaiGarbi dakigu bakarka ezin dauela inork aurrera egin. Danok dogulako danon preminea. Euskereak danon preminea dauelako. Danok dogulako euskerearen preminea, gero eta gizarte elebidunago bat eregiteko ahaleginean, baita Iparraldean be. Lankidetza horren emoitzea da, hain zuzen, gaur Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzearen ordezkariok aurkezten dogun ebazpena, azaldu dau Baztarrikak.
Euskerearen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzeak 1.600.000 euro batu ditue Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek euskerearen sustapena eta garapena bultzatzeko aurkeztu dituen proiektuak diruz laguntzeko. Alde bien ekarpenaz osotzen dan lankidetzarako fondoan, Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro jarri ditu.
François Maitia Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren presidenteak eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru-laguntzinoen ebazpena aurkeztu dabe bart, Baionan egindako ekitaldian.
Diru-laguntzinoak bi multzotan banatuko dira: hitzarmenen bidez adostutakoak (Iparraldeko zortzi eragile nagusiak) eta Proiektu Deialdiaren bidez lagundu diranak (56 eragilek 86 proiektu aurkeztu ditue, eta horreetatik 72 diruz lagunduko dira).
Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna lagunduko da: Seaska Federazinoa (Iparraldeko ikastolak); Ikas-bi eta Biga Bai (biak eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso alkarteak); eta Euskal Hazia (kristinau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso alkartea).
Alor horreez gan, eta eragile nagusien multzoan betibe, beste erakunde batzuen jarduerea be lagunduko da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biek, gazteentzako aisialdirako euskerazko egitasmoak kudeatzen ditue).
Proiektu Deialdian, barriz, bi multzo nagusitan sailkatu dira egitasmoak: transmisinoa eta erabilerea. Erabilerearen multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzinoaren kopuruaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsi dana.
Bere berbaldian, Patxi Baztarrikak adierazo dau euskereak batu dituala gaur bi erakundeak Baionan, eta euskerea danon ondarea dala nabarmendu dau: Euskerea danona da, eta gero eta danonagoa izateko, lankidetzea da giltzarria. Alkarren errespetuan oinarritutako lankidetzea, adierazo dau. Baztarrikaren berbetan, euskerearen lurraldea osotzen daben hiru eremu juridiko administratiboetako herri erakundeek eta herritarrek merezidu eta behar dogun errespetuaren gainean eregitako alkarlana izan behar da lankidetza hori, herri erakunde eta askotariko eragileen arteko lankidetzea dalako euskerea bizibarritzeko baldintza nagusietako bat. Garbi dakigu bakarka ezin dauela inork aurrera egin. Danok dogulako danon preminea. Euskereak danon preminea dauelako. Danok dogulako euskerearen preminea, gero eta gizarte elebidunago bat eregiteko ahaleginean, baita Iparraldean be. Lankidetza horren emoitzea da, hain zuzen, gaur Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzearen ordezkariok aurkezten dogun ebazpena, azaldu dau.
Holan, euskereak Iparraldean gainditu behar dauen erronkeak aparteko garrantzia dauela azpimarratu dau, eta euskerea belaunaldiz belaunaldi transmitidutea dala erronka nagusi hori. Hori dala eta, arlo horretan indar berezia egiteko deia egin dau, euskerea gureganaino ekarri dauen katea etetea nahi ez badogu. Erronka nagusi horren barruan, lau lan alor azpimarratu ditu Baztarrikak: familia transmisinoa, hezkuntzearen maila guztietan euskerea txertatzea, helduen euskalduntzea eta gizarte erabilerea areagotzea.
Azkenik, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan dau bide horretan aurrera egiteko oinarrizkoa dala euskereak lege babes nahikoa izatea be, eta, esangura horretan, Frantziako Estaduak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berrestea beharrezkoa eta eraginkorra litzatekeela adierazo dau. Edozelan be, euskerea bizibarritzeko langintzak ezinbesteko baldintza bat dauka: herritarren atxikimendua. Eta danon bultzadea behar da atxikimendu hori zabaltzeko eta sendotzeko. Bai instituzinoena, baita askotariko eragile sozialena be. Euskerea, danon ondare dana, danon hizkuntza be izan daiten. Euskerea bihotzetik ezpanetara eroateko. Holan, eta holantxe bakarrik, izango dalako euskerea gero eta danonagoa, gero eta gureagoa, esan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!