Bilboko Kalealdiak 24.500 ikusle erakarri ditu, 2013an baino %10 gehiago

Bizkaie! 2014-07-08 14:36   Kulturea

Garagarrilaren 1etik 5era bitartean egin dan Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizinoak 24.500 lagun inguru erakarri ditu, aurreko urtean baino %10 gehiago. Jentearen parte-hartze handia eta ikuskizunen aniztasuna eta kalidadea izan dira Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak balantzea egiterakoan nabarmendu dituan alderdi nagusiak.

Garagarrilaren 1etik 5era bitartean egin dan Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizinoak 24.500 lagun inguru erakarri ditu, aurreko urtean baino %10 gehiago. Jentearen parte-hartze handia eta ikuskizunen aniztasuna eta kalidadea izan dira Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak balantzea egiterakoan nabarmendu dituan alderdi nagusiak.

Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizinoko programazinoak (Ibon Areso alkatea tarteko zala inauguratu zan) jente-kopuru handia erakarri dau ikuskizunik gehienetan. Batez besteko kalidade-maila handia eta genero eta formatu aniztasun zabala izan dira zirku-emonaldiak, jantzea, mimoa, clowna, malabarismoa, performance artistikoak eta abar buztartu dituan ziklo honen ezaugarri nagusiak.

Arriaga Antzokiaren alboko aldean eta Arenaleko karpan ezarritako eszenatoki barriak izan dira aurtengo barrikuntzarik aitagarrienetakoak. Lekuaren neurriagaitik jente-kopuru mugatua hartu dauen karpako formatu barriaren arrakasteari erreparauta, antolatzaileek, datorren urtean Etxebarria Parkera eroan eta aforoa handitzeko aukerea aztertzeari ekin deutsie.

Ikuspuntu artistikoari jagokonez, Bilbon 1989an sortutako Hortzmuga antzerki-konpainia beteranoaren muntaia barriaren estreinaldia izan da jaialdiaren XV. edizino amaitu barriaren osogairik nabarmenenetakoa. Nola izenburuko lana Arriaga Antzokiaren alboko aldean aurkeztu eben barikuan eta zapatuan, garagarrilak 4 eta 5, eta konpainiak berak azaldu dauenez, bi orduko antzezpen hau personen barruko munduen mundua da, desbardina izatea arrunta dan mundua, istorio bat kontetako bestelako mundua.

Jente gehien erakarri daben ikuskizunen artean, La Salamandre konpainia frantziarrak musikea, jantzak eta suaren erabilerea buztartuz Arriaga plazan eskaini eban muntaia ikusgarria aitatu behar da. Sacekripa talde frantziarrak umorea eta fantasia batuz osotu eban Marée Basse lanak be Arenaleko karpea goraino betetea lortu eban bertan eskainitako sei saioetan, eta La Mini Compagnieko artista frantziarrek be jentetza ederra erakarri eban Enivrez-vous! zirku eta musika ikuskizunari esker.

Bestetik, Naoto Okada japoniarra dogu aurten nabarmendu diran artistetako bat, yo-yoagaz erakutsi eban birtuosismoagaitik, bai eta Pirinioetako Zirkuaren Galearen barruan taularatu zan Laos bikote akrobatiko argentinarra be. Era berean, Kukai Jantza Konpainiaren Gelajauziak koreografiak publikoaren atxikimendua lortu dau Bilboko Kalealdiaren XV. edizino honetan.

Jaialdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dau, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu