Udan makinatxu bat aukera euskerea ikasteko

Bizkaie! 2014-06-30 17:30   Euskerea berbagai

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, batetik, goraipatu egin dau euskaldun barriek euskereari eta hizkuntza bizikidetzeari egiten deutsien ekarpena; eta, bestetik, euskal hiztunei erabilerearen aldeko mezua luzatu deutse: euskerea gogotik eta bihotzetik ezpanetara eroatea da euskereari egin geinkion mesederik handiena.

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Joseba Erkiziak, HABEko zuzendariak, udan euskerea ikasteko dagozan aukerak aurkeztu ditue gaur, Bilbon dagoan Euskadiko Artxibo Historikoan. Ekitaldian Jon Urdangarinek, barnetegien ordezkariak, Juan Carlos Murillok, euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariak, eta Mª Paz Martinek, udal euskaltegien ordezkariak be parte hartu dabe. Eurekaz batera beste lau persona ezagun igon dira taula gainera beren esperientziak kontetan; euskerearen ganean izan dituen bizipenak kontau ditue Reyes Prados, ETBko aurkezleak, Aitor García Erauzkin, Euskalteleko presidenteak, Gemma Zabaleta, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izandakoak, eta Javier Ruiz de Larrinaga, 2014ko Espainiako ziklokross txapeldunak.

Ikaslearen profila:

Euskaltegi eta barnetegietan jente askok emoten dau izena urtero euskerea ikasteko. Eta udan, zelan ez, gauza bera gertatzen da. Urteko hile honeek aukera ezin hobea dira urtean zehar egin ez diranak egiteko. Holan, eskolak amaituta edota laneko oporrak hartuta, gizon eta emakume askok denpora tarte hau aprobetxetan dabe barnetegi batean edota euskaltegi batean izena emoteko. Igazko udan, 5415 ikaslek emon eben izena guztira.

Ikasleen profilari jagokonez (igazko datuak dira), aitatzekoak dira datu honeek:

- Udako ikasleen artean, igaz, emakumeak izan ziran gehienak. %65,8, hain zuzen be.

- Udan zehar euskerea ikasi eben ikasleen adinaren batez bestekoari jagokonez, 34 urtekoa izan zan.

- Urtean zehar ikasi ebenak, ostera, nagusiagoak izan ziran, 37 urte zituen batez beste.

- Udan euskerea ikasi eben ikasleen %20, 16-20 urte bitarteko gazteak izan ziran.

- Maileari jagokonez, udako ikasleen %25 0 eta 1go (B1) mailen artekok ikastaroetan izan ziran. 1go eta 2. mailen (B2) artekoetan, barriz, %27 izan ziran. Azkenik, 3. mailan (C1) ikasi eben ikasleak %44 izan ziran.

- Lurraldeari jagokonez, udan izena emon eben personen %58,2 bizkaitarrak izan ziran. Gipuzkoarrak, barriz, %18,8, eta arabarrak, %17,6.


Euskerea ikasteko eskaintzea:

Gaur egun, euskerea modu askotan ikasi daiteke eta aukera desbardin horreei esker gero eta jente gehiago animetan da. Bi multzotan banatu daitekez aukerak: alde batetik, euskaltegiek eskaintzen dituen ikastaro trinkoak eta, bestetik, barnetegien eskaintza zabala.

- Ikastaro trinkoak. Honeek betiko ikastaroak dira eta, beti legez, iraupen askotakoak dira.

- Barnetegiak. Bi mueta desbardindu beharko litzatekez. Arruntak, alde batetik, eta bereziak, bestetik. Arruntak, urte osoan zehar dagoz, hau da, urteko garai desbardinetan barnetegiotara joateko aukerea dago. Hemen ere iraupen mueta asko dagoz.

Udan zehar, barriz, bereziek hartzen dabe protagonismo handiena. Urteek aurrera egin ahala gero eta eskaintza zabalagoa emotea bilatzen da eta aurten bada aukera zabal eta interesgarri bat. Aurten, adibidez, pilota barnetegiak egingo dira. Esku pilotara jokatuz, adibidez, euskerea ikasteko aukerea egongo da. Familia osoko barnetegiak be beste aukera interesgarri bat izan daitekez. Hemen, familia osoa doa barnetegira eta kide bakotxak ikastarodeszaerdin batean parte hartu leike, bere maila eta nahien arabera. Baina hau ez da guztia. Barnetegi ibiltariak egingo dira aurten be. Esangura horretan, euskerea trekking eginez ikasi ahal iznago da edota, baita bizikletaz goazen bitartean be. Aukera horreek guztiek euskerea ikasteko beste formula bat bilatzen dabe. Jai-giro bategaz lotutako ikasketak dira, dibertiduz euskerea ikastea, hain zuzen.

HABEko zuzendari Joseba Erkiziak eskertu egin deutse euskaltegi eta barnetegiei udan be aktibidadeari eusteko -eta eusteko ez eze zabaltzeko- egiten daben ahaleginagaitik, oso garrantzitsua ikusten dauelako euskerea ikasteko aukerak eta eskaintzea ugaritzea, baita udan be.

Azkenik, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, batetik, goraipatu egin dau euskaldun barriek euskereari eta hizkuntza bizikidetzeari egiten deutsien ekarpena; eta, bestetik, euskal hiztunei erabilerearen aldeko mezua luzatu deutse: euskerea gogotik eta bihotzetik ezpanetara eroatea da euskereari egin geinkion mesederik handiena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu