Pablo Bergerren 'Blancanieves' emongo dabe Bilbon, zuzendariak berak aurkeztuta

Bizkaie! 2014-06-27 12:37   Barriak

Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Blancanieves filma emongo dabe bariku honetan, bagilaren 27an, Bilboko Olabeaga auzoko udaltegian, iluntzeko 21:30ean, zuzendariak berak aurkeztuta. Gainera, aurretik, Mama izenburuko bere lehen film laburra be izango da ikusgai.

Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Blancanieves filma emongo dabe bariku honetan, bagilaren 27an, Bilboko Olabeaga auzoko udaltegian, iluntzeko 21:30ean, zuzendariak berak aurkeztuta. Gainera, aurretik, Mama izenburuko bere lehen film laburra be izango da ikusgai, Fas Zine Klubak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako emonaldian. Edonor sartu ahal izango da, aretoko jesarlekuak bete arte.

Pablo Bergerrek (Bilbo, 1963) hamar Goya sari eta Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zituan 2012an zuri baltzezko film mutu honegaz, 1920ko hamarkadako Espainiara atzera egiten dauen Edurne Zuri ipuin klasikoaren berrirakurketa bitxiagaz. Carmen (Macarena Garcia) da protagonista, zorigaiztoko toreatzaile baten (Daniel Cacho) alabea, amaorde gaizto baten (Maribel Verdu) agindupean hezitakoa. Aita hilten danean, amaordea Carmen hilten ahaleginduko da, baina ipotx toreatzaile batzuek erreskatau eta Edurne Zuri izena jarriko deutsie.

Zinemagile bilbotarrak, Torremolinos 73 filman eta New Yorkeko unibersidadeko Tisch School of the Arts eskolako prestakuntza-aldiaren ondoren egindako Truth and Beauty film laburrean -Emmy sarietarako izentau eben- erakutsitako talentua eta umorea berretsi zituan Blancanieves filman.

Olabeagako udaltegian -Fas Zine Klubak bertan dauka egoitzea- egingo dan ekimen honek jarraipena emoten deutso Chico y Rita filmaren igazko proiekzinoak, Fernando Trueba zuzendaria tarteko zala, izan eban arrakasteari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu