'Borrokak' izango da VIII. GetxoPhotoko gaia

Bizkaie! 2014-06-26 15:47   Kulturea

Begi Handi kolektiboak antolatuta, erakusketak abuztuaren 28tik irailaren 28ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan, goiko aldean aretoko erakusketak egongo diran bitartean. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da, abuztuaren 28tik 31ra.

VIII. GetxoPhoto Jaialdiaren gaia Borrokak izango da, libertateen, duintasunaren eta gizakiaren aldeko burrukak, jaialdiaren zuzendariak, Jokin Aspuruk, gaur Algortako Portu Zaharrean egindako prentsaurrekoan aurreratu dauenez. Getxoko Alkatea, Imanol Landa, GetxoPhotoko komisario Christian Caujolle eta Josune Ariztondo, BFAko kultura diputadua izan dira, abuztuaren 28tik irailaren 28 arte bitartean Getxon egingo dan jaialdi honen aurkezpenean.

Imanol Landak, Begi Handi kolektiboari bere lana eta esfortzua eskertu deutsoz aurten be, eta nabarmendu dau Getxophoto udan udalerriak dauen kultur eskaintzearen barruko jarduerea dala. Horretarako, Udalak 100.000 euroko diru-laguntzinoa emon dau. Getxophoto ezinbesteko hitzordua bihurtu da, hainbat arrazoiengaitik. Argazkilaritzearen adierazpen artistikoaren bitartez, munduan pil-pilean dagozan kultur joera barriak herritar getxotarrei eta bisitetan gaituenei helarazotea ahalbidetzen dauelako eta horrek aberastu egiten gaitualako. Era berean, Getxophotok kulturearen aldeko apustu garbia egiten duaen udalerriaren irudi freskoa eta kosmopolita eskaintzen deutsolako munduari eta hori guretzat oso garrantzitsua da adierazo dau Landa jn.ak aurkezpenean.

Igaz 75.000 persona inguruk gozau eben argazki instalazinoakaz, jaialdia sortu zanetik batutako jente kopuru handiena. 2013an, 15 erakustaldi egon ziran eta 16 artista eta 20 profesional konbidadu be bai. Danetara, 11 jarduera paralelo egin ziran eta hiru gau-proiekzino programau ziran. Aretoetan 15.000 bisitaldi zenbatu ziran eta Informazino guneak 3.000 bisita baino gehiago jaso zituan. Datu horreek, esan dau Landak, Getxophoto nazinoarte mailako ezagutza eta dibulgazinozko kultur ekitaldi legez, udalerriko sustapen ekonomiko eta turistikoa bultzatzeko beste ekintza bat gehiago legez sendo dagoala esatea ahalbidetzen deuskue.

Kulturako diputadua dan Miren Josune Ariztondok adierazo dauenez, bizi doguzanak sasoi gogorrak izan arren, azpimarratzekoa da Getxok Kultureagazko dauen konpromisoa. Aniztasunaren eta integrazinoaren Kultureagazko, euskal Kultureagazko konpromisoa, gurea kanpora eroateko eta kanpokoa Getxora ekarteko. Ezinbestekoa da kulturea giza integrazinorako, nazionartekotzeko eta benetako adiskideak egiteko baliabide garrantzitsuena da.


Christian Caujolle, komisarioa

Christian Caujolle ospe handiko kritikari frantsesa izango da jaialdiaren komisarioa, bigarren urtez jarraian. Aurtengo gaiak, Borrokak, Beste mundu batzuk izeneko hiru urteko programearen bigarren zatia da, igaz Ametsak proposamenagaz hasi zana.

Lehenengo edizinoan hasitako ildo editorialari jarraituz, begirada askotara joko dabe, dokumentaletik kontzeptuzkora, nazinoarteko begiradak izan daitezan saiatuz, gazteak eta, ahal bada, topetako dagozanak. Euren lekua topau deien nahi dogu, esan du Caujollek, euren neurria, baita bere esanahia esparru publikoan; barriro be publikoa eta kolektiboa bihurtu dan esparrua eta hori, berez, oso burruka eskuzabala da. Burrukeak ez dau biolentzia esan nahi. Hain zuzen be, era guztietako biolentzien amaiera lez amestu nahi dogu.


Mundu osoko argazkilariak

Jaialdian mundu osoko hamazortzi argazkilarik hartuko dabe parte. Egitarauaren barruan, Yemenen andrazkoek jasaten daben presino erlijiosoari buruz Boushra Almutawakel argazkilari yemendarrak egiten dauen proposamen hunkigarria; Maika Elan Vietnamgo argazkilariaren bere herrialdeko komunidade homosexualari buruzko lana, edo Raphaël Dallaporta frantsesaren personen kontrako minei buruzkoa nabarmendu ditu Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak.

Erakusketak abuztuaren 28tik irailaren 28ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan, goiko aldean aretoko erakusketak egongo diran bitartean. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da, abuztuaren 28tik 31ra. Begi Handi kolektiboak, besteak beste, Getxoko Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzinoa dauka jaialdia antolatzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu