Zaparrada ume konparsea sortu dabe Zenbat Gara eta Kurkuluxetan alkarteek

Bizkaie! 2014-06-20 11:14   Euskerea berbagai

Kurkuluxetan eta Zenbat Gara kultur alkarteek Zaparrada ume konparsea sortu dabe Algara konparsearen magalean, besteak beste, Bilboko Aste Nagusian euskeraz biziteko, berba egiteko eta ondo pasetako ume bilgunea eregiteko eta umeentzako gune erreferentziala bilakatzeko helburuakaz.

Kurkuluxetan eta Zenbat Gara kultur alkarteek Zaparrada ume konparsea sortu dabe Algara konparsearen magalean, besteak beste, Bilboko Aste Nagusian euskeraz biziteko, berba egiteko eta ondo pasetako ume bilgunea eregiteko eta umeentzako gune erreferentziala bilakatzeko helburuakaz. Era berean, umeen protagonismoa suspertu nahi dabe, eta guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak eta komunikazinoa euskeraz mantentzeko eta bultzatzeko dinamika eta aukerak jorratu.

Zaparrada ume konparsea Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dabe bart. Maddi pirateak eta Ane Monna personaiak emon dabe proiektuaren barri, eta Algara konparsako Pellot piratea, Oskola eta Karramarroi lako personaiez inguratuta egon dira.

Umeentzako eta umeek osotutako konparsea izango da Zaparrada, Bilboko Aste Nagusian zehar. Umeentzako antolatzen diran ekitaldi edo ikuskizun ofizialetatik kanpo, oso dinamika eskasa atontzen eta bultzatzen baita umeei begira, hau da, oraindino ez dogu umeek merezidu eta nahi daben protagonismoa eukitea lortu, adierazo dau Maddi pirateak.

Bilboko Aste Nagusian herri parte-hartzea oso sustraituta dago, herri ekimenetik sortutako jai eredua baita Bilbokoa, baina, herri parte-hartzeaz berba egiten dogunean, bertan sektore eta adin guztiak sartu behar doguz, azken finean Aste Nagusia danona dalako.

Gure apustua erabileran dago, milaka ume D eredutik pasetan badira be, kalean eta giro lasaian ia beti erderara joten dabelako. Beraz, gure asmoa errealidade horri bueltea emoten ahalegintzea da, azaldu dau Ane Monna personaiak.

Zaparrada konparseak Gartxot filmeko Xune personaia aukeratu dau logotzat. Asisko Urmenetak sortua, Xune sorkuntza eta sormena adierazoten dauen personaia biziduna da: ule more soltea dauen neskatxa alaia.

Konparsa barrian izena emon nahi dabenek umegunea@zenbatgara.com helbidera idatzi leikie. Horrezaz gan, datorren astean Bilboko Arenalean karpea jarriko dabe Zaparradakoek.

Egitarauari jagokonez, abuztuaren 17an izango da lehen ekimena, arratsaldeko 17:00etan: kalejira zaratatsua. Antzerkiaz, tailerrez, batukadaz, ipuin kontalariez eta disko festaz gozetako aukerea izango dabe aurten Bilboko ume eta gazteek, beti be komunikazino hizkuntzea euskerea izanik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu