Aitor Arregi oñatiarraren 'Zarautzen erosi zuen filma' be Kimuak zigilupean banatuko dabe
2014-06-10 14:35 BarriakKimuak 2014 katalogoa honako film laburrek osotzen dabe: Aitor Gutiérrezen Anomalo, Lander Camareroren A Serious comedy, Kote Camachoren Don Miguel, Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Artelekun produzidutako Sailor's grave proiektu kolektiboa, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi nuen.
Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diran film laburrak, aurkeztutako 63 proposamenen artean egindako aukeraketearen arabera. Aurtengo epaimahaiak aho batez egin dau aukeraketea.
Kimuak 2014 katalogoa honako film laburrek osotzen dabe: Aitor Gutiérrezen Anomalo, Lander Camareroren A Serious comedy, Kote Camachoren Don Miguel, Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Artelekun produzidutako Sailor's grave proiektu kolektiboa, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi nuen. Genero nagusiak jasoten ditu eta hizkuntzen ordezkaritzea orekatua dago, euskerazko bi, gaztelerazko bi eta dialogorik ez daukien beste bi baitagoz, arabieraz filmautako azken bategaz.
Aitatutako zuzendarietatik bik oraintsu izan dabe loturea Kimuakegaz. Asier Altunak eta Lander Camarerok pasa dan edizinoan hartu eben parte Zela Trovke eta A Political Story lanakaz.
Altunaren Soroa Jorge Oteizaren Hildako bakoitzak hatz salatzaile bat uzten du zerurantz olerkian oinarrituta dago. Bergarako zuzendaria 2012an hasi zan testua lantzen, baina Zela Trovkek hain zuzen eragin eutson parentesi bat egin behar izatea. Genero esperimentalagaz jolasten dau, poesia bisualaren esparruan.
Lander Camareroren A Serious Comedy Iraken filmauta dago, arabieraz. Herrialde haretan hogeita hamar urtean egin dan lehen komedia da, bilbotarraren aurreko laburraren tonu beretsuan landua. Oraingoan, Iraq Short Film Festivaleko zuzendariak bere jaialdian umorezko lanik jasoten ez dabenagaitik arduratuta, egoera honi konponbidea emoteko egiten dauen plana kontetan deusku.
Bilbokoa da baita Aitor Gutiérrez zuzendaria. Freelance dabil lanean eta zirkuitu independenteetara zuzendutako hainbat film labur egin ditu. Anómalo suspensearen ganeko broma bat da eta Óscar Ladoire, Paco Sagarzazu eta Zorion Egileor aktoreak ditu protagonista.
Kote Camachok zuzendu dauen Don Miguel krisiaren eta finantza sistemearen gaineko satirea da, irudi erreala animazino bihurtzen dauena. Oiartzungo zuzendari honen La gran carrera filma 2010ean egon zan Kimuaken eta sari garrantzitsuak jaso zituan. 2013an, Alkartea zuzendu eban eta orain Atxuriko milagrua proiektua prestetan dabil.
Hubert Le Blonen azken hegaldia film biografikoa da, Koldo Almandozen aurreko lanakaz konparauta oso desbardina narratiba aldetik. Hubert Le Blon hegazkinlari frantziarra 1910ean hil zan Kontxako hondartzan bere biplanoan aireko erakustaldia egiten egoala. Garaiko irudiak eta Isabel Hergueraren animazinoa nahastauta egin dau jazoeren barritzea, Le Blonen emaztearen ikuspuntutik kontauta.
Koldo Almandoz eta Isabel Hergueraren parte-hartzea Sailor’s Grave (Marinelaren hilobia) animazinozko lan esperimentalean be azaltzen da. Lan hau Donostiako Arteleku zentroak estaduko eta nazinoarteko hainbat erakundegaz sarean egindako produkzino-lantegi baten emoitzea da. Vuk Jevremovic, Cecilia Traslaviña, Juan Camilo González, Isabel Herguera, José Belmonte, Carlos Santa, Richard Reeves, Wang Liming, Prof. Cheng Kemei eta Koldo Almandoz dira egileak.
Azkenik, Aitor Arregi zuzendari oñatiarrak Zarautzen erosi zuen filma aurkeztu dau, jasandako kalte baten ordainagaz obsesionauta dagoan emakume baten istorioa. Nagore Aranburu, Ainere Tolosa eta Gotzon Sanchez dira protagonistak. Zuzendari legez Kimuaken dagoan lehen aldia bada be, berak idatzitako eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Lagun Mina aukeratua izan zan 2012an. Film luze formatuan be eskarmentu handikoa da, Lucio (2007) eta Sahara Marathon (2004) dokumentalak eta Goya sarirako izentau zituen Glup (2004) eta Cristobal Molon (2006) animazinoak zuzendu ditu.
Kontuak kontu, katalogo barria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostia Zinemaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!