Gorka Menendez Baceta: Kultura modernoak herri jakituriari emon deutson izena da sorginkeria berbea

Koldo Isusi Zuazo 2014-06-09 10:54   Barriketan
Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak liburuaren egilea

Galdakoztarra, 1986an jaioa. EHUn Ingurumen Zientzietan lizentziau ondoren, Biodibersidade, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestinoaren masterra eskuratu eban 2009. urtean. Ordutik hona etnobotanikeari buruzko doktoretza-tesian lanean dabil Madrilgo Unibersidade Autonomoan. Journal of Ethnopharmacology lako zientzia-aldizkarietan artikuluak argitaratu izan ditu eta horrezaz gan, landareen erabilera tradizionalaren inguruan hainbat ikastaro eta berbaldi emoten ditu Euskal Herrian zehar.

Jakituria tradizionala plazara ekarriz, egunotan argitaratu dau Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak Ediciones Betaren eskutik eta liburu hori atxakiatzat hartuta, ondoko barriketaldia izan dogu egileagaz.


1.- Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak liburuak gure herri-medikuntzea osotzen daben sendabelarrak ezagutzeko aukerea dakar. Gida praktikoa ez eze, saiakera etnografikoa be bada. Zein izan da zure asmoa?

Doktorego-tesia izan da egin dodana Karrantza, Gorbeialdea eta Arabako bailaratan jakituria tradizionaleko sendabedarrak gogoan hartuta, arlo etnobotanikoa zehatz esateko. Liburuari jagokonez, asmo dibulgatiboagaz egindako gida bat da, edozeinek irakurri eta ulertzeko modukoa; saiakera etnobotanikoa edo etnografikoa be bada, ikerketa lana be badagoalako tartean. Liburura 118 landare batu dodaz erabilerearen arabera ordenauta, hau da, landarerik erabilienak lehenengo agertzen dira eta datu lez esango deutsut mantzanillea dala lehenengoa. Landare garrantzitsuenen fitxea eta amaieran errezeta batzuk be topauko ditu irakurleak liburuan, ukenduak, enplastuak eta abar egiteko.

Prozesuari orain 6 bat urte edo ekin neutsan, lehenengo inkesta eta alkarrizketak egiten hasi nintzanean.


2.- Informanteak topetako arazorik izan dozu?

Ez. Galdakoztarrak izanik, Gorbeia inguruan, Arratialdean eta familia eta lagunak be badaukadaz eta lehenengo kontaktu horreetatik abiatuta, berez jatortzuz besteak, esan gura dot batek beste baten barri emoten deutsula eta holan nahikoa erraz sortu dot informanteen sarea. Pasau jat bateren batek berba egin gura ez izatea baina kasu gehienetan ez dot arazorik izan eta jenteak ondo hartzen zaitu. Gitxi gorabehera 180 bat informanteren laguntzinoa izan dot Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak liburua egiteko. Horrezaz gan, Idoia Biurrun botanika irakasleak be asko lagundu deust landareen deskribapenak eta egiten.


3.- Katarroaren kontra eztia eta limoi ura hartzea danok ezagutzen dogun botikea da baina badira infusinoak be...

Bai. Infusinoak ugari egozan eta gurean baegoan lehen erremedio bat katarroa baino gehiago, gripea eta kalenturea kentzeko, hau da, asunekaz plegazinoak emotea lepoan, asunek hartu eta igurtzaldiak egitea lepoan.

Infusinoetan mantzanilla ura hartzea zan ohikoena lehen, pulmoni bedarra be baegoan eta enplastu eta erritualak be ugari izaten ziran osasuna jagoteko.


4.- Ezagutzen ez zendualako edo beste arrazoiren bategaitik, liburura batutako sendabedarren artean bateren bat nabarmenduko zeunke?

Ba, ez dakit. Berbarako, ario bedarra, latinez elleborus viridis, bedar berezia da ze gurean asko hartu izan da bizigoak kentzeko, bizigoak dira tripetako zizareak; bedar oso pozointsua da eta gurean asko emoten jaken umeei.


5.- Sendabedarrak, kataplasmak, kuranderak... sorginkeriakaz be lotu izan dira...

Bai. Niretzako kultura modernoak herri jakituriari emon deutson izena da sorginkeria berbea, zeozelan jakituria hori gitxiesteko asmoz. Osasuna eta gorputza ulertzeko modu bat izaten zan, erritualetan oinarrituta eta ez horrenbeste maila zientifikoan, printzipio aktibo legez hartuta. Sorginkeriak baino erritualak izaten ziran, gaur egun be badagoz holakoak eta ez jakuz hain arraro egiten. Esaterako, erritualaren indarra da ekintza bat egiten dozunean sinbolikotasun horrek daukan indarra eta gaur arora ekarrita, medikuarengana joateak berak eragin ona, positiboa euki leike norberaren osasunean; askotan efektu plazeboa legez ezagutzen dogun horrek erritual sinbolikoaren bitartez funtzionetan dau, gure buruak gaitasuna dauka gure gorputza osatzeko. Medikuagaz daukaguzan hartu-emon horreek, medikuaren autoridade horrek eragin zuzena izaten dau gugan eta emoten deuskuezan pastillak baino eragingarriagoak izaten dira.


6.- Gure nagusiek gordetako ahozko tradizinoa da zure liburuaren ardatza eta Arratialdeko berbakeran galtzear dagozan berbak berreskuratzea da Geure Berbategie proiektuaren oinarrietako bat. Ba al da loturarik bien artean?

Bai. Gure Berbategie proiektuaren bultzatzaile nagusienetakoa Illintia alkartea izan da, zehatzago esateko Angel Larrea eta liburu hau argitaratu ahal izateko diru-laguntzinoa emon dau eta ez hori bakarrik, izan be, Angel Larrea laguntzen, zuzentzen eta tiraka be izan dot liburua aurrera eroateko animetan.

Geure Berbategie, Arratialdeko berbakerearen berezitasunak batu eta erabileran eragina izateko helburuak daukaz eta arlo horretan ekarpentxua egin dogulakoan nago.


7.- Oraintsu argitaratutako Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak liburua etnobotanikearen arloan oinarritutako tesiaren parte da, oso oker ez bagagoz. Zeintzuk dira zure helburuak?

Tesiak hiru zutabe ditu; bata sendabedarren jakituria batzea da, bestea lehenagoko basalandare jangarriak, hau da, basoan berez ernetako landara, fruta eta barazki silbestreak eta holakoak eta, hirugarren arloa, barriz, baaserriaren kudeaketea, lehango zelan lantzen ziran soloa, basoa eta hori guztia eta zelan aldatu diran gauzak gaur egun. Sendabedarren arloan, lehen erabilten ziranak aztertzeaz aparte, sendabedarrak zergaitik galtzen diran, zeintzuk galtzen diran gehiago eta errazago be interesetan jat.


8.- Tesia noiz aurkeztuko dozu?

Oraintxe nago idazten eta ezustekorik ezean, zemendian edo irakurri gura neuke.


9.- Euskal Herriko Hazien Sareagaz lankidetzan be bazabilz. Zertan? Zeintzuk dira alkartearen ardurak?

Bai. Sendabedarren gaia ez eze, bertoko haziena be ez dot baztertzen eta Euskal Herriko Hazien Sareagaz hartu-emonak dodaz, bai. Hazien sarearen helburuetako bat da lehenagoko haziak berreskuratzea, hazien-banku bat sortzea eta horretarako metodologia etnobotanikoagaz alkarrizketak zelan egin, zelan jaso hazia, zelan identifikau, katalogau eta hori guztia asko interesetan jat eta lankidetzan gustora nabil.


10.- Agroekologiari buruzko graduondoko barria antolatu dau UEUk aurten eskaintzeko. Lehenengo sektorearen ganorazko biziraupena bermatuta al dago?

Galdera potoloa eta sano gatxa erantzuteko. Lehenagoko baserriaren eredua gaur ezerezean dago; familiarentzako jarduera nagusi izateari aspaldi itxi eutson baina jarduera eredu hori bertan behera dago. Gaur egungo ia eredu gehienek produzidu eta merkaturatzea dabe oinarri. Merkaturatze hori modu intensiboan, extensiboan edo ekologikoan egin daiteke. Gai interesgarria da eta niretzako merkatuaren logikan ibiltea baino logika kanpesinoago baten oinarritutako eredua izango litzateke interesgarriena. Era berean, merkaturatzeko prozesu horretan, konsumo taldeentzako produkzinoan, produkzino ekologikoan eta espezializau dira asko eta gai interesgarria da. Hor dago lehenengo sektorearentzako urtenbidea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu