Mikel Inuntziaga: 'Zintzotasuna topauko dozue disko honetan, makillaje gitxi dauka'
2014-06-02 11:43 BarriketanHamaika kantagaz osotu dau bere lehenengo diskoa, Berreginez, Mikel Inuntziaga musikari zornotzarrak. Ahotsa, gitarrea eta looper pedalak, ez dau besterik behar Inunek. Horregaz kapaz da eszenatokia bere kantakaz beteteko. Urdulizko Tio Peten grabau ditu abestiak, taula ganean lez, makillaje asko barik. Orain, diskoa zuzenean aurkezten dabil, hurrengo hitzordua Bilboko Baobab tabernan dauka, bagilaren 22an.
1.- Lehenengo diskoa atera barri dozu, baina aspalditik zabilz musika munduan, ezta?
Bai, aspaldi hasi nintzan musika kontuetan. Taula ganera 15-16 urtegaz igongo nintzan, beti be modu apalean. Nahiz eta lehenengo diskoa orain atera, euki dot nire ibilbidetxua. Betidanik izan dot musikeagazko gustua, pasinoa.
Hamabi urtegaz-edo gurasoek gitarrea oparitu eustien, eta haregaz sasikantak egiten hasi nintzan, asmautako hizkuntza baten. Hamabost urtegaz gitarra elektrikoa erosi neban, nire lehenengo taldea heavya izan zan. Beste talde batzuk be euki dodaz, beste proiektu batzuk. Eta azkenean heldu naz Berreginez disko honetara.
2.- Hasieran gaztelaniaz abesten zenduan, eta orain euskeraz, zelan ba aldaketea?
Kantak egiten, benetako melodiak eta hitzak, 20 urte nituala hasi nintzan. Nire lagun musikariek gaztelaniaz idazten zituen euren kantak, eta neuk be, giroagaitik edo, gaztelaniaz egiten nituan abestiak. Baina heldu zan momentu bat ez nebala nire burua gustura ikusten erderaz kantetan. Urte gitxi batzuk dira saltoa emon dodala, eta behin betikoa izango da, askoz be gusturago sentiduten naz euskeraz kantetan. Koherenteagoa da nire buruagaz.
3.- Urteak daroazuz joten, baina orain dator diskoa, zer dala eta momentu honetan?
Nik kasu handia egiten deutsat nire senari, eta orain hilebete gitxi senak esan eustan diskoa aterateko momentua heldu dala. Orain arte gauza desbardin asko egin dodaz, proiektu askotan ibili naz, baina ez dot aukerarik ikusi diskoa aterateko, eta beharrik be ez dot sentidu.
4.- Zer topauko dogu Inunen Berreginez lehenengo lanean?
Zintzotasuna topauko dozue disko honetan, egia. Makillaje gitxi dauka. Zuzenean grabau neban Tio Pete estudioan. Nik neuk grabau dot, bakarrik, hiru egunean, bariku, zapatu eta domekea. Nire ahotsa, gitarrea eta looper pedalak, oihartzun desbardinak egiten dituana. Diskoan ez da gitarrea eta ahotsa bakarrik entzuten, erritmoak dagoz, eta beste elementu erritmiko batzuk. Pedalek joko handia emoten dabe, erritmoak eta gauza desbardinak egiteko aukerea emoten dabe zuzenean.
5.- Grabazinoa, ganera, bideoan jaso dozu, eta youtuben ikusi daiteke...
Nik argi neukan gura nebala jenteak ikustea zelan izan dan grabazinoa, grabetako modua oso garrantzitsua da. Horregaitik erabagi neban diskoa bera grabetan nengoen bitartean, bideoan jasotea. Nire youtube kanalean dagoz ikusgai bideoak.
6.- Egiten dozun musikea sailkatzen ausartuko zinateke?
Galdera hori egiten deustienean, erantzuna beti da: pop estiloa. Musika estiloen zerrenda amaiezina egin neike, eragin eta ñabarduna desbardinak dagoz eta nire musikan. Musika amerikarra ikusten dot nik nire kantetan, soula, rocka, folka be hor dago. Baina, orokorrean hartuta, popa dago. Askotan garrantzi handia emoten jako zein estilo egiten dogun azaltzeari, baina horren ganetik dago kantearen kalidadea, hori da garrantzitsuena.
7.- Kantak zeuk idazten dozuz, ala laguntzaileren bat daukazu?
Nik idazten dodaz normalean, baina badaukat lagun bat, Iñaki mendizabal, asko lagundu deustana kanta batzuen berbakaz. Eta nik asko eskertzen deutsat. Nik errazago egiten dodaz melodiak hitzak baino. Kasu honetan maila altuko berbak dira, eta oso gustura hartzen dot bere laguntzea.
Egun bakotxa desbardina da, batzuk grisak eta beste batzuk koloretsuagoak, eta nire kantak be antzera. Euskerea eta Euskal Herriaren egoerea sarri agiri dira, metaforak erabiliz bada be. Bestelako gaiak dagoz, Haritzen artean abestiak emakume baten historia kontetan dau, sexu gau baten inguruko beste kanta bat dago...
8.- Autoprodukzinoa da Berreginez, zergatik hartu dozu ardura hori?
Nik erabagitako gauzea da, ez dot aterik jo diskoa aterateko, neuk hartu dot autoprodukzinoa egiteko aukerea. Diskoa kaleratzeko nahikoa baliabide izan dodanean neure kontu ateratea erabagi dot. Esangura horretan, gauza naturala izan da. Gaur egun dagozan baliabideekaz autoprodukzinoa oso interesgarria da, behintzat nire kasuan. Lehenengo diskoa izanda, nik uste dot aukera logikoa dala norberak berea egitea. Abentura oso polita egiten nabilela uste dot, ez naz bape damutzen autoprodukzinoaren bidea hartu izanaz.
9.- Zeuk bakarrik grabau dozu diskoa, eta zuzenean be zeuk bakarrik defendiduko dozu?
Diskoaren grabazinoa zuzenean izan zan, ondo grabauta, mikrofono onakaz, baina zuzenekoa izan zan. Eta kontzertuetan, zuzenean, be gauza bera egin nahi dot. Oso antzekoa da grabazinoan entzuten dana eta zuzenera daroadana. Modurik koherenteena dala uste dot.
10.- Taldea osotzeko tentazinorik ez daukazu?
Taldean eta bakarrik ibilitakoa naz, gustetan jat taldean ibiltea, baina proiektu honetan nire burua kapaz ikusi dot lan hau bakarrik defendiduteko. Oso gustura nago pedalakaz, lortzen dodan emoitzeagaz, eta zuzenekoekaz be bai. Momentuz holan jarraituko dot, baina etorkizunean... ikusiko dogu.
11.- Non topau geinke Berreginez diskoa?
Modu apalean hasi naz, barria naz eta honetan. Nire diskoak Zornotzako Urtza tabernan, Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian eta Mr. Jam musika-eskolan erosi daitekez. Nire helbide elektronikora edo facebookera idatzi ezkero, posta arruntez be bialtzen dodaz diskoak. Eta kontzertuetara be beti daroadaz diskoak saltzeko.
12.- Aurrera begira, ze asmo edo ameseta daukazuz?
Oinak, zorionez, lurrean daukadaz, ez daukat ames utopikorik, ez ames arrarorik. Suabe, apal ibili behar dot, eta apurka-apurka aurrera egin, nire bidetxua egin, astiro bada be. Beti aurrera egin, ames zelebre barik.
Berreginez diskoko bideoak ikusteko, hemen. Sare sozialetan be badago Inun, Facebooken eta Twiterren.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!