Bilboko Liburu Azokea irakurzaleen topagune izango da maiatzaren 28tik bagilaren 8ra
2014-05-28 15:24 KultureaBertoko eta kanpoko idazle ugari batuko ditu 44. Liburu Azokeak Bilboko Arenalean. Aurten, 54 erakusmahai egongo dira, maiatzaren 28tik bagilaren 8ra bitartean. Dolores Redondo idazle donostiarrarentzat da edizino honetako Zidarrezko Lumea.
Bertoko eta kanpoko idazle ugari batuko ditu 44. Liburu Azokeak Bilboko Arenalean. Aurten, 54 erakusmahai egongo dira, maiatzaren 28tik bagilaren 8ra bitartean. Dolores Redondo idazle donostiarrarentzat da edizino honetako Zidarrezko Lumea.
Hamaika egunetan hamaika ekitaldi antolatu dituela esanez, hasi dau aurkezpena Asier Muniategi Liburu Azoken koordinatzaileak. Liburu-aurkezpen eta sinadurez gan, topaketak be izango dira egunotan, Bilbon, berbarako Nobela Baltzaren IX. Topaketea, bagilaren 2an, eta Nobela Erromantikoaren I. Topaketea, bagilaren 5ean. Felix Linares kazetariak zuzenduko ditu biak, lehenengoan Jon Arretxe, Jose Javier Abasolo, Fran Santa eta Ramiro Pinilla batuko ditu, eta bigarrenean, Angeles Ibirika, Pilar Cabero, Ava Campbell eta Iratxe Zabala.
Clara Montero Kultura Sustatzeko zuzendariak Liburu Azokearen atzean sektorea dagoela nabarmendu dau, liburugintzan lan egiten daben guztiak dagoz. Eta azokea merkatua eta jaia dala ganeratu dau, egileekaz hartu-emona izateko aukerea emoten deuskulako. Izan be, hitzordu bat baino gehiago egongo da idazleekaz: Federico Moccia maiatzaren 30ean, Toti Martinez de Lezea maiatzaren 31n eta Alex Sardui bagilaren 7an, besteak beste.
Musikea entzuteko aukerea be izango da, maiatzaren 31n, Mikel Urdangarinek kontzertu akustikoa eskainiko dau, azokako karpa nagusian. Et azkenengo egunean, bagilaren 8an, Zuberoako Maskaradea helduko da Bilboko Arenalera, 13:00etatik aurrera.
Irakurle eta liburusaltzaileek emoten daben Zidarrezko Lumea saria Zaindari ikusezina (jatorrizkoan, El guardián invisible) nobela ezagunaren egilearentzat izan da. Azokearen aurkezpenean emon deutsie oroigarria. Pozarren dagoala esan dau idazle donostiarrak, eta jentea liburuak erostera animatu dau. Azokan liburuak erostera animau nahi dot jentea, baina ez orduan bakarrik, urte osoan egitera animetan dodaz, adierazo dau. Hasieratik liburusaltzaileen babesa izan ebala gogoratu eta eskertu dau, niretzako eta danontzako oso garrantzitsuak dira.
Sari gehiago be izango dira Azokan. Bernardo Atxagak Atea-Laboral Kutxa Saria jasoko dau maiatzaren 29an, Días de Nevada lanagaitik. Galtzagorri alkarteak Urrezko Lumea hartuko dau, bagilaren 2an, eta Miren Agur Meaberi Zazpi kale Saria emongo deutsie, Kristalezko begi bat nobeleagaitik, bagilaren 5ean.
Urtero lez, liburu guztiek %10 merkeagoa erosi ahalko dira Liburu Azokan. Eta liburu bat erosten dauenak kafea debalde hartzeko aukerea izango dau Bilboko Zazpi Kaleetako kafetegi batzuetan, 1995etik martxan dagoan Kafe bat, liburu bat ekimenari esker. Ganera, Bizkaiko Kultur Txartela erabili daiteke azokako saltokietan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!