Badator Zornotzako XV. Eleizetan egitaraua

Bizkaie! 2014-04-29 17:48   Musikea

Ganbera musikearen alorrean Euskadin gaur egun dagoan eskaintzearen barruan programarik berezienetako bat dan Eleizetan izenekoaren XV. edizinoa maiatzaren 10ean hasita izango da Zornotzako eleiza eta baseleizetan. Kontzertuen kokalekuan dago, hain zuzen, aitatau berezitasun hori, izan be, Zornotzako baseleizetan eta landa eleizetan eskaintzen baita.

Ganbera musikearen alorrean Euskadin gaur egun dagoan eskaintzearen barruan programarik berezienetako bat dan Eleizetan izenekoaren XV. edizinoa maiatzaren 10ean hasita izango da Zornotzako eleiza eta baseleizetan. Kontzertuen kokalekuan dago, hain zuzen, aitatau berezitasun hori, izan be, Zornotzako baseleizetan eta landa eleizetan eskaintzen baita.

Azken edizinoetan zornotzarren aldetik izan dauen harrera bikainari eutsi guran, honakoak dira aurten atondutako emonaldiak:

- Maiatzaren 10ean, hasiko da egitaraua, iluntzeko 20:00etan, Boroako San Pedro baseleizan. CARONNI AHIZPAK (Laura Caronni eta Gianna Caronni) izango dira bertan. Batak klarinetea joten dau; besteak, txeloa; eta biek abesten dabe. Magnetismo xarmangarria sortzen dau euren arteko doinu-sinbiosiak. Halan da be, ez dago zehatz-mehatz esaterik zein musika-arlotan kokatzen dan ahizpon proposamena. Diziplina klasikoaren eta Argentinako kantu eta musika tradizionalen, chacarerearen arteko bidegurutzean akaso. Poesiaz, liluraz eta fintasunez ez eze, malenkoniaz, urraketaz, herriminaz... beteriko errepertorioa.

- Maiatzaren 16an, barikuan, Dudeako San Migel baseleizan, 20:00etan, BOTXO BOOGIES laukotearen emanaldia izango da. Juan Crisóstomo Arriaga (Bilbo, 1806-1826) konpositore ospetsuaren omenez egituratuta dagoan kontzertua dakarzku Swing-boogie talde bizkaitarrak, gure kulturearen ondare oparoa dan errepertorioa han eta hemen zabaldu guran. Musika klasikoaren eta jazzaren buztarketea proposatzen deuskue, Arriagaren lanaren esentziari sendo eutsita.

- Maiatzaren 18an, domekan, Etxanoko Andra Mari eleiza izango dau eszenatoki, eguerdiko 12:00etan: BAROCCO SEMPRE GIOVANNE ganbera-talde txekiarraren kontzertuak. Josef Krecmerrek jardungo dau zuzendari eta Iva Kramperovak, barriz, bakarlari. Barocco Sempre Giovane ganbara-musika talde txekiarra 2004an sortu eban Josef Krecmer biolinista ospetsuak. Nahikoa azkar lortu eban erantzun ona, bai entzuleena, bai eta kritika espezializatuarena be. Barroko garaiko konposizinoak interpretetan dituzte gehienbat, bestelako estilo-garaiak alde batera itxi barik. Nazinoarte mailako hainbat jaialditara konbidetan dabe taldea, eta zuzenean emoten ditue kontzertuak Txekiako irrati eta telebistetan.

- Maiatzaren 24an, zapatuan, iluntzeko 20:00etan, XABIER ZEBERIO (Nyckelharpa) eta PELLO RAMIREZ (Akordeoia) izango dira San Bartolome baseleizan. Eskarmentu handiko musikariak dira biak, musikea antzera ulertu eta bizi dabenak. Esperimentau nahiak eta sorkuntzarako aukera barriak bilatzeko pasinoak eraginda, eurek egindako lanen eta folklore gaien bersinoek osotuta dagoan errepertorio anitza eskainiko deuskue. Proiektu bitxia benetan eurena, entzumenerako eta ikusmenerako proposamen originala eta ikusgarria (Nyckelharpa eta akordeoi kromatikoa). San Bartolome baseleizan Eleizetan programearen barruan eskaintzen dan lehenengo kontzertua da aurtengoa.

- Biharamunean, maiatzaren 25ean, domekan, eguerdiko 12:15ean, Bernagoitiko San Migel eleizan izango da Manuel Francok (akordeoia) Jorge Ramónek (klarinete baxua) eta Juan Luis Royok (klarinetea eta rekintoa) osotutako TRIVIUM KLEZMER taldearen kontzertua. Aragoiko musikari bikain horreek osotzen daben hirukoteak Ekleztico izeneko bigarren diskora batutako kantuak joko ditue. Doinu barrituak, freskoak eta zuzenak, klezmer musikea ulertzeko daben era bereziaren erakusgarri. Birtuosismoagaz eta pasinoagaz batera, Europako ekialdetik datorren musika mueta horren ezaugarri diran emozinoa eta sentikortasuna.

Kontuak kontu, autobus zerbitzua jarriko dabe antolatzaileek, debalde, kontzertuetara joateko. Irteerea Gudari kaleko autobus geltokian izango da kontzertua baino ordu erdi arinago (45’ lehenago Bernagoitiko kontzerturako).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu