Gregorio Monrealentzat, 2013ko Euskadi Ikerkuntza Saria
2014-04-28 17:56 sariak-autortzakHistorialari eta legegizon nafarrak jasoko dau Euskadi Ikerkuntza Saria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak jakinarazo dauenez.
Historialari eta legegizon nafarrak jasoko dau Euskadi Ikerkuntza Saria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak jakinarazo dauenez.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu nagusi, Euskal Autonomia Erkidegoko eta handik kanpoko ikertzaileek egiten dituen ahaleginak bultzatzen. Jaurlaritzeak urtero deitzen dau Euskadi Ikerkuntza Saria; urte bakoitietan, Gizarte Zientzien eta Humanidadeen arlorako egiten da deialdia, eta urte bikoitietan Zientzia eta Teknologiarako. Irabazleak 40.000 euro jasoten ditu.
Gregorio Monreal Zia(Etaiu,1942) Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun emeritua da Nafarroako Unibersidade Publikoan (NUP), eta bere irakasle lanik handiena bertan eta Euskal Herriko Unibersidadean garatu dau.
Deustuko Unibersidadean ikasi eban, Madrilgo Konplutensean doktorau. Hainbat unibersidadetan izan da irakasle, eta Nevada-Renoko eta Paris XII -an irakasle konbidau jardun dau. Eusko Ikaskuntzako presidentea izan zan 1992 eta 1996 artean, eta Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Unibersidade Institutuaren sortzaile eta zuzendari zientifikoa ere izan da. 1981-1985 tartean EHUko errektore izan zan.
Monrealen jardueran lau ikerketa arlo nagusi nabarmentzen dira. Lehenengo, euskal lurralde historiko peninsularretako erakunde politiko administratiboen historiari eskainitako ikerketea dago.Bigarren, iturrien edizino kritikoan egindako lana dago: zeregin honetan, The Old Law of Bizkaia lana da azpimarratzea, ingelesez argitaratua eta Bizkaiko Jaurerriko Zuzenbidea nazinoartean ezagutarazo ebana. Hirugarren ikerketa lerroan, XIX mendeko euskal foralidadearen krisiaz eginiko lanak dagoz, eta azkenik, euskal pentsamendu politiko tradizionalaren historian egindako alan.
Euskal Herriko ikasketa historiko eta juridikoen barrikuntzan egin dauen aparteko ekarpena nabarmendu dau Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaiak. Bere ikerketetan, euskal erakunde publikoen garrantzia azaleratu dau, herri baten nortasunaren erakusle gisa, eta mendeetan iraun dauen parte-hartze eta askatasun espirituaren erakusle moduan, epaimahaiaren arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!