Haimar Arejita: 'Itoizen musikea oraindino oso presente dago'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-04-28 11:44   Barriketan

Espaloian taldeko gitarra-jolea

Gaizka Salazar (bateria), Daniel Asua (bajua), Alex Arana (ahotsa eta gitarrea), Ander Ertzilla (saxoa) eta Haimar Arejita gitarristea dira Espaloian taldea, eta azkenengo horrek ipini eban martxan proiektua urrian. Itoiz taldeari egindako omenaldia da Espaloian, euren musikea ezagutarazoteko ahalegina. Lau teilatu kantatik harago. Zuzeneko bakarra eskaini dabe orain arte, Gernikako Lekuek jaialdian, baina laster daukiez hitzordu gehiago, maiatzaren 1ean Iruñean, eta 2an Bermeon.


1.- Zelan sortu zan Espaloian proiektua?

Betidanik gustau izan jat Itoiz, txikitatik. Behin, arratsalde baten, irailean edo urrian, otu jatan lagun batzukaz geratu behar nintzala euren bersino batzuk joteko. Taldea behar neban baina. Lagunei banan-banan galdetzen joan nintzan, eta holan sortu genduan taldea, arratsalde batean. Nire asmoa zan Espaloian diskoa oso-osorik jotea, plazer hutsagaitik, inongo bestelako asmo barik. Ander saxofoi-jolea beranduago sartu zan.


2.- Ez zan planifikautako gauzea izan, beraz.

Ez, egun bateko kontua izan zan.


3.- Eta kantak lagun artean jotetik kontzertua emotera, zelan egin zenduen salto hori?

Joten hasi ginan eta ikusi genduan nahiko ondo geratzen zala. Orduan jakin neban Gernikan Lekuek jaialdia egingo zala. Antolatzaileetako bati azaldu neutsan Espaloian proiektuagaz beharrean gengozala, eta ia lekurik baegoan guretzat jaialdian. Holan bota neutsan. Ahalegina egingo ebela esan eustan, Itoiz bere talde kutuna zala ganera... Azkenean, kontzertuaz aparte, Itoizeko kideekaz barriketaldia be antolatu eben.


4.- Kontzertu bakarra emon dozue, Gernikan. Zelan ikusi zenduen zeuon burua inoren kantak kantetan?

Ba, oso ondo joan zan. Apur bat urduri, lehenengoa zan eta. Kristoren arrakastea izan eban, saio polita izan zan. Juan Carlos Perez be bertora etorri jakun. Eta publikoa be lujuzkoa euki genduan.


5.- Oraindino jentea mobiduten dau Itoizek, ezta?

Bai , Itoizen musikea oraindino oso presente dagoala esango neuke.


6.- Espaloian diskoko kantez gan, besterik jo zenduen?

Disko osoa kantau genduan, bederatzi kantak. Baina ez zan nahikoa, eta Itoizen klasiko ezagunenak sartzea pentsau zan: Musikaz blai lanetik Ustela, Marea gora, Happening baserrian eta Lo egin; Itoiz diskoko Lau teilatu; Ezekiel-eko Ezekielen prophezia; eta, Ambulance-ko Elurretan. Hamasei abesti dira danetara. Abesti mitikoak dira, klasikoenak, behar diranak jo.


7.- Zergaitik ipini deutsazue egitasmoari Espaloian izena?

Ba, asmoa zanez Espaloian diskoa jotea, ba burua larregi kantsau barik, izen hori ipintea pentsau genduan. Eta izen erraza da gogoratzeko.


8.- Estetikea be kontuan hartu dozue, kontzertuen kartela eta Espaloian diskoaren azalak badaukie loturea, ezta?

Gure asmoa da taldea ahalik eta gehien gogoratzea, diskoaren esentzia hartu eta zuzenera eroan, Itoiz bizirik egongo balitz lez.


9.- Zuzenean jo, baina uste dot ez zenduela Itoiz zuzenean egundo ikusi...

Ba, gure taldean Anderrek bakarrik ikusi zituala uste dot. Umeak ginan desagertu zanean. Bueno, umeak be joaten dira kontzertuetara, baina gure kasuan ez jakun subertau. Eta hemen inguruan askotan jo eben ganera. Penea. Nire gurasoak kontzertuetara joatekoak ziran, baina ez ninduen inoiz eroan Itoiz ikustera, mekaguen la letxe! Penea daukat, bai.


10.- Kantak moldatuta ala ahalik eta antzekoen joten dozuez?

Lehenengo gauzea egin genduana izan zan baimena eskatzea, Itoizeko kideak jakinaren ganean ipini. Juan Carlos Perezi idatzi geuntsan, berak gero besteei azaltzeko. Gernikako kontzertua baino lehen izan zan. Ondo ikusi eben, euren onespena jaso eta aurrera egin eban proiektuak.

Ahal danik eta antzekoen egiten dogu, moldaketa oso gitxi dagoz. Batzuetan eurek zuzenean egingo leukien lez joten dogu, eurek itxitako zuzeneko bideoetan moduan, eta bestela guk geure interpretazinoa egiten dogu.


11.- Eta Juan Carlos Perezek zer dino interpretazino horren inguruan?

Gernikako kontzertura Juan Carlos Perez bera eta Antton Fernandez teklistea etorri ziran. Oso pozik geratu zirala uste dot, asko gustau jakien, hori esan euskuen behintzat. Hasieratik amaierara energia handia euki genduala esan eben. Esperientzia positiboa izan zan, euren abestiak 25 urteren ostean zuzenean entzutea, eta ganera eszenografia asko jagonda, ez eben espero. Errespetuz jo genduan, ahalik eta ondoen zainduta, mimo askogaz.


12. Azken baten zuena omenaldi baten antzekoa da.

Bai, duda barik, omenaldi bat da. Gure asmoa da jenteak Itoiz ezagutzea, zuzenean zelangoa izango litzatekeen erakustea eta gazteenei helarazotea ezagutzen ez dituen hainbat kanta.


13.- Egia esan askok Itoizen hiru kanta edo ezagutzen ditue, baina ganerakoak...

Ikasle piloa daukat musika eskolan, eta Itoizen kantaren bat ipintean deutsiedanean... ba Lau teilatu eta asko gehiagorik ez dabe ezagutzen, idearik be ez! Arrabioa emoten deust, baina ulertu be egiten dot. Ia lortzen dodan jentea Itoizegaz engantxetea. Talde hain garrantzitsua izanik, historiak justizia egitea nahi dogu. Taldearen lanaren zati garrantzitsua ulertu eta ezagutuz justizia egitea, ikustea kristoren abesti potenteak egin zituela. Sasoirako oso aurreratuak ziran, Euskal Herrian behintzat. Kristoren altxorra itxi deuskue, eta hori behintzat ezagutzea nahi dogu, aukerea emotea.

Nire lagun batek, neska batek, geugaitik deskubridu dau Itoiz. Flipau egin eban. Talde moderno batek ez dau Itoizen modu berean joten, soinu modernoagoa da, beste energia bategaz, garaikideago. Ordutik Itoizen zale egin da. Oso pozik gagoz lorpenagaz, kar, kar...


14.- Hurrengo kontzertua Iruñean daukazue, gero Bermeon... Martxea hartu dozue.

Maiatzaren 1ean, Iruñean joko dogu, Txantreako jaietan, Alto voltaje taldeagaz. AC/DC taldearen bersinoak egiten ditue, eta oso oso onak dira. Eta hurrengo egunean, maiatzaren 2an, Bermeoko Kafe Antzokian daukagu kontzertua. Bagilean, Zamudion, gero Santurtzin, garagarrilean... Kontzertu batzuk badaukaguz, gure asmoa Itoizen musikea ezagutarazotea da.


15.- Eta badaukazue zeozer grabetako asmorik?

Hori kontu delikadua da. Ez daukat Itoizen kantak grabetako ezelako gogorik. Horreek lehendik grabauta dagoz, gauza motza-edo begitanduten jat, arraroa, grabauta dagozanak barriro grabetea.


16.- Tributo talde ugari dago azkenaldian, modan dagoz?

Bai, uste dot baietz. Kalean kartel piloa ikusten doguz, bai. Panorama musikala hain dago txarto norbere kantak egiteko, ba talde batzuk beste talde baten kantak hartu, ikasi eta joten hasten dira. Nostalgikoak garanez ganera, kanta guztiak dakiguz eta erraza da. Ni ez nago kontra, ni ez naz eredu, baina ez dakit, ez jat larregi be gustetan tributo taldeak ikustea. Baina, egia esateko, batzuk oso onak dira. Ondo eginda badago, eta taldea bera ikusteko aukerarik ez dagoenean, ba gustura ikusten da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu