Alex Txikon: 'Mundua beste era batera disfrutetako gogoa daukat'

Koldo Isusi Zuazo 2014-04-14 11:45   Barriketan
Mendizale lemoarra

Azken aldion entrenamendu saio gogorrak egin ostean, Kanchenjungara (8.586) bidean da dagoeneko Alex Txikon lemoarra. Denis Urubko kazakhstandarragaz eta Adam Bielecki poloniarragaz batera, Doug Scott, Pete Boardman eta Joe Taskerrek 1979an iparraldetik zabaldutako bidean gora egingo dabe, estilo alpinoan eta oxigenorik barik. Bide barria zabaltzea da asmoa. Berez, zortzimilakoen artean gatxenetakoa dan mendian biderik gogorrena aukeratu dabe. Ez dira edozein espedizinokideak: Urubkok 19 zortzimilako igon ditu, horreetako asko bide teknikoetatik eta Gasherbrum II eta Makalu neguan igon ditu. Bielecki, barriz, poloniar himalayismoaren izarra da, proiekzino handiko mendizalea eta dagoeneko zortzimilako bi igon ditu neguan, Broad Peak eta Gasherbrum I. Alex Txikoenk ez dau aurkezpen larregi behar; 10 zortzimilako igon ditu, neguan be badaki altueran egotea zer dan eta bide teknikoak maite ditu.

Hona hemen espedizinoaren aurkezpenaren atarian eta hegazkina hartzeko bezperan kontau deuskuzanak:


1.- Kanchenjungara (8.586), munduko 14 mendirik altuenen artean, hirugarrena eta gogorrenetakoa dan horretara zoaze eta bide arrunta baztertu eta iparreko bidea aukeratu dozue. Beti zailtasunaren bila...

Bai. Kanchenjunga 2009an ezagutu neban, Al filo de lo imposiblerako Edurne Pasabanegaz eta hegoaldeko bidetik ekin geuntsan orduan eta aurten, barriz, iparraldetik egingo dogu gora. Zailtasunak zailatasunaren ganean ze bide barria zabaltzen saiatzeaz aparte, aklimatazinoa be iparraldeko bide klasikoan zehar, britainiar bidean egingo dogu. Lehenengo asmoa 8.000 metro ingurura heltzea da eta hor ikusiko dogu gauzak zelan dagozan, gure indarrak eta animoa zelan dagozan eta orduantxe erabagiko dogu bide barria zabaldu ala ez.


2.- Talde txikia, gogorra batu zarie eta igoerea estilo alpinoan eta oxigeno barik egitea da idea...

Taldea txikia eta erronkea, barriz, handia; proiektua sano interesgarria da eta oso gogotsu gagoz hirurok. Hirukote polita osotzen dogula pentsetan dot eta mendia bardin antzean ulertzen dogula, apareju edo traste lar barik, mendia eta gu aurrez aurre. Ganera, Urubko lagun handia da, oso jatorra eta Bielecki be ezagutzen dot eta oso ondo konpontzen gara. Igaz, dakizunez, Nuptse eta Lotse inguruan hurreko lagunakaz, Tamayogaz eta Madariagagaz egon nintzan eta aurten be asmoa badago baina montzoiaren ostean edo, irailetik aurrera.


3.- Zelako zailtasunak izango dozuez Kanchenjungako iparreko bidean?

Zailtasunak etxetik urten aurretik hasten dira. Aurrekontua osotzeko gauzak gogor dagoz eta prozesu horretan hasten dira gorabeherak. Edozelan be, heldu da eguna, 9an hegazkina hartu eta Katmandun hasiko da abenturea. Nepal ekialdean, Indiagaz eta Tibetegaz mugan kokatzen da Kanchenjunga. Mendira hurreratzeko bide luzea da Kanchenjungarakoa baina hori be disfrutetan jakin behar da. Autobusez pare bat egun eta oinez beste 9 edo egin beharko doguz beheko kanpalekura heltzeko. Pausuz pausu joatea gustetan jat. Ganerakoan, iparraldetik doan bide klasikoa sano gatxa da eta guk bide barria zabaldu gura dogu, estilo alpinoan. Zailtasun tekniko handiei ez eze, arriskuei aurre egin beharko deutsegu 8.000 metrotik gora, granitozko 200 metro inguruko horma bertikala topauko dogu eta hor ez da bromarik izango; hormearen erdialdean seracsak be topauko doguz eta bizkor baina seguru ibiltea tokauko jaku izotz eta edur-jauzien arriskua txikiagotzeko.


4.- K-2, Everest, Kanchenjunga eta Nanga Parbat falta jatzuz munduko 14 zortzimilakoen tontorrak zapaltzeko. Hamalau tontorretara heltzea al da zure asmoa?

Lehen esan deutsut, 2009an tontorretik oso hur geratu nintzan, esperientzia ederra izan zan eta sei personako taldean, Jorge Egocheagagaz batera biok izan ginan bakarrak ia-ia tontorrera heldu ginanak. Igoera polita egin genduan eta helburua bete zan. Baina hori ez zan nire Kanchenjunga, hau bai, ostera. Kontuak kontu, zerrendea osotzearena ez da sekula izan nire helburua. Azken urteotan, mapamundiari begiradatxua emoten badeutsagu nire abentura ia danak Asian, pare bat zentimetroko tartean kokatzen dira eta egia esan behar badeutsut, mundua beste era batera disfrutetako gogoa daukat, gauza desbardinak eginez.


5.- Kanchenjungak tibetarrez, edurretako bost altxorrak esan gura dau, bost tontor diralako...

Bai. Ez da tontor nagusi bat, bost tontor dira, horreetako lau zortzimila metrotik gorakoak; euskal igoera bat be bada Yalung Kangera (8.505) Benantzio Iruretagoiena eta Josu Bereziartuaren eskutik. Azken aldion polemikatxua be badago gai honetan, ez dirala zortzimilako subsidiarioak, zortzimilakoen zerrendara batu beharko litzatekezala eta abar. Gure kasuan, barriz, tontor nagusira goaz, horrexek eskaitzen deuskuzalako zailtasunik gogorrenak azkenengo metroetan

Beste alde batetik, gure inguruetan be oraintsu argitaratu dabe Euskal Herriko Mendien Katalogoa eta hor badira nobedadeak, berbarako, Hiru Erregeeen Mahaiak lehen baino 18 metro gehiago dituala orain eta Gorbeiak, barriz, metro bat gehiago.


6.- Zuonagaz batera beste espedizino batzuk be izango dira Kangchenjungan: Marco Confortolarena: Kangchenjunga Aosta Valley Expedition 2014, Carlos Soriarena: BBVA Carlos Soria Kangchenjunga 2014 eta Jorge Egocheaga eta Martín Ramosena...

Bai baina hegoaldetik doaz horreek eta beraz, ikusi be ez gara egingo. Mendia bat izan arren, hurreratzeko bideak be sano desbardinak dira, guk bederatzi egun beharko doguz beheko kanpalekura heltzeko eta eurek gitxitxuago. Telefono bidez eta komunikauko gara baina esan deutsudan lez, bakotxak bere asmoak ditu.


7.- Saltsa guztietako perejila zaitugu eta azken aldion base saltoak be egin izan dozuz, azkenenegoetarikoa Bizkaia Zubitik. Kangchenjungan be ez da gatxa izango salto egiteko lekuren bat topetea, ezta?

(Barre algarea). Ez, ez, ez. Nahikoa lan izango dogu Kangchenjungan eta beste burukominik ez dot behar. Irailera arte edo ez dot beste saltorik egingo.

Bizkaiko Zubitik salto egitearena, barriz, In Aurora plataformearen Ur basokada baten alde kanpaineagaz bat eginda esperientzia polita izan zan, desbardina. Metro gitxi dagoz saltoa egiten dozunetik uretan sartu arte, 48 bat metro dira eta behean Nerbioi dago, atara kontuak. Abiada handian sartu nintzan uretan eta min apur bat be hartu neban.


8.- Txikon Xtreme, Herritmo, Aizkora hotsak goi mendietan... Geratu barik zabiz...

Bai, oso gustora. Txikon Xtreme telebistarako proiektua izan da, euskeraz landutakoa. Esperientzia aberasgarria izan da guretzako eta ganera audientzia datu onak lortu doguz; Euskal Herriko leku desbardinetan ibili gara, paraje eta jente asko ezagutu dot eta ezagutzen ez nituan abentura eta kirol batzuetan sartzeko modua be izan dot. kamera aurrean zein atzean, gustora ibili naz.

Bestetik, mundu guztiak daki azkoran be ibilten nazela, apustuzalea be banazela eta herri kirolak eta musikea eta jantzak buztartzen dituan Herritmo ikuskizunean be oso gustora ibili naz Oreka Tx, Kukai eta Kalakan taldekoakaz.

Aizkora hotsak goi mendietan dokumentala be ederra izan zan; G-1, G-2 eta K-2 mendiak bi hilebetean igotea zan helburua baina bidean, beste erronka batzuk izan genduzan, izan be, Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Xabier Errogaz batera azkora erakustaldiak egin genduzan. Pakistanera zortzimilakoen bila egindako bidaia road movie moduan planteau zan. Kotxean Europa guztia zeharkatu genduan helmugara heltzeko: Felix Baltistan Fundazinoa Skardu herrian, Karakorumen erdigunean. Bidaiarako erabili genduan kotxea bertan itxi geuntsen fundazinoaren arduradunei.


9.- Azken aldion Adidas etxe potoloaren irudia zara eta horrek asko erraztu deutsuz gauzak baina beste laguntzaile batzuk be badozuz oraingo espedizinorako...

Bai. Ez jat gustetan beti eskean ibiltea baina espedizinoak sano karuak izaten dira. Beraz, igazko zein aurtengo babesle guztiei eskerrak emon behar deutsiedaz ze hemen ez gagoz egun baztuetarako, betiko gagoz. Adidasen kasuan, Adidas kirolari izentau nabe eta hori oso inportantea da. La Caixa banketxearen laguntzinoa be ez dot ahaztu gura; K35, Oiartzungo enpresea, teknologia barrien aldetik, satelite bidezko konekzino danak eskaintzen deuskuzana; Vicinay Kateak enpresa bizkaitarraren laguntzinoa be asko estimetan dot; eta Gorbea Rent eta techRock be ezinbestekoak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu