'Bertsolaritza irakaskuntzan' programea diruz laguntzeari itxi deutso Nafarroako Hezkuntza Sailak

Bizkaie! 2014-04-08 18:50   Bertsolaritzea

Nafarroako Bertsozale Alkarteko lehendakariak adierazo dauenez egoera horrek egoera larrian jarten dau ez bakarrik Bertsolaritza irakaskuntzan programea, baita Nafarroako Bertsozale Alkartearen proiektua bera be. Horregaitik, Hezkuntza sailari eskatu nahi deutsagu bere konpromisoak bete daizala eta Bertsolaritza irakaskuntzan programea modu duin eta iraunkorrez finantzau daiala.

Nafarroako Bertsozale Alkarteak jakinarazo dauenez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak Bertsolaritza irakaskuntzan programea diruz laguntzeari itxi deutso 2013ko irailetik. Horren aurrean, Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Alkarteko lehendakariak, Hezkuntza Sailari bere konpromisoak bete daizala eskatu deutso eta Bertsolaritza irakaskuntzan programea modu duin eta iraunkorrez finantzau daiala.

Alaitz Rekondok gogorarazo dauenez, 1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek Bertsolaritza irakaskuntzan programea jaso dabe. Ordutik hona milaka gaztetxuk aukerea izan dabe ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasoteko. Hain zuzen, 2013-2014 ikasturtean Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako 1.434 ikasle dabilz bertsolaritzea eskola orduetan jasoten.

Urte horreetan guztietan, Nafarroako Bertsozale Alkartea arduratu da programearen kudeaketaz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailagaz izan dituan kontratuen bitartez.

2013ko irailean, Hezkuntza sailak Nafarroako Bertsozale Alkarteari jakinarazo eutson ez ebela pagauko programarako egoan diru-partidea, beste lehentasun batzuk egozalakoan. 2014ari begira egoerea moldatzen saiatuko zala agindu euskun Hezkuntza Sailak, baina apirilean gagoz eta gaur gaurkoz Bertsolaritza Irakaskuntzan programarako ez dabe euro bakar bat be bideratu.

Nafarroako Bertsozale Alkarteko lehendakariak adierazo dauenez egoera horrek egoera larrian jarten dau ez bakarrik Bertsolaritza irakaskuntzan programea, baita Nafarroako Bertsozale Alkartearen proiektua bera be. Horregaitik, Hezkuntza sailari eskatu nahi deutsagu bere konpromisoak bete daizala eta Bertsolaritza irakaskuntzan programea modu duin eta iraunkorrez finantzau daiala.

Agerraldi berean, Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Alkarteko idazkariak, azken urteotan Bertsolaritza Irakaskuntzan programeak Hezkuntza Sailaren aldetik jasan dituan traba eta murrizketen barri emon dau. Besteak beste, gogora ekarri dau 2011n Nafarroako Bertsozale Alkarteak aitatu programea emoteko hiru urterako kontratua sinatu ebala Hezkuntza sailagaz, baina Sailak urtebete beranduago bertan behera itxi ebala sinatutako kontratua.

Horrezaz gan, 2012ko bagilean programea bertan behera itxiko ebala jakinarazo eban Hezkuntza Sailak. Zorionez, orduan jaso genduan babesari esker, atzera egin eben eta 2012-2013 ikasturtea abiatzea lortu genduan.

Azkenik, programarako partideak azken urteotan izan dituan etenbako murrizketen barri emon dau Arburuak. 2009an, 52.000€ bideratu zituan Hezkuntza sailak, 2012an, 32.800€ eta orain 0€. Lau urtetan etenbako beherakadea izan dau programeak eta 2009agaz konparauta, 765 ordu gitxiago emoten dira gaur egun.

Egungo egoerea holan laburbatu dabe Nafarroako Bertsozale Alkarteko ordezkariek: Nafarroako Bertsozale Alkarteak segiduten dau bere konpromisoak beteten eta zailtasun handiz Bertsolaritza Irakaskuntzan programeari eusten. Bien bitartean, Hezkuntza sailak segiduten dau programea diruz-laguntzeari uko egiten, bere etorkizuna egoera larrian jarriz.

Beatriz Casanova NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Alkarteko ordezkariak eta Iruñeko Patxi Larraintzar ikastetxeko zuzendariak be hartu dau parte prentsaurrekoan, programea jasoten daben ikastetxeen babesa agertzeko.

Bertsolaritza Ikastetxeetan programeak dituen onura pedagogikoak nabarmendu ditu Casanovak; Horregatik, gure babes osoa agertu nahi deutsagu programari eta Hezkuntza Sailari horren beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria dan Bertsolaritza irakaskuntzan programea diruz laguntzen segidutea eskatzen deutsagu. Ikastetxeak bere eskaria banan-banan Hezkuntza sailera bideratzen dagozala jakinarazo dau NIZEko ordezkariak.

Azkenik, talde parlamentarioakaz hartu-emonetan dagozala jakinarazo dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta apirilaren 29an Nafarroako Parlamentuan gai honen inguruko lan saio bat egingo dabela aurreratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu