Alex Txikonek Kangchenjunga igongo dau, alderdirik gatxenetik

Dabi Piedra Robledo 2014-04-08 15:33

Munduko mendirik altuenetan hirugarrena dan Kangchenjunga (8.556 m), iparraldetik igon nahi dau Alex Txikonek, Denis Urubko eta Adam Bielecki mendizaleakaz batera egingo dauen espedizinoan. Berez, ipar isurialdea ezezagunagoa da baina, ganera, bide barri bat zabaldu nahi dau espedizinoak.

Munduko mendirik altuenetan hirugarrena dan Kangchenjunga (8.556 m), iparraldetik igon nahi dau Alex Txikonek, Denis Urubko eta Adam Bielecki mendizaleakaz batera egingo dauen espedizinoan. Berez, ipar isurialdea ezezagunagoa da baina, ganera, bide barri bat zabaldu nahi dau espedizinoak. Bihar bertan urtengo dau Txikonek Bilbotik eta, Nepalera heldu eta aklimatazinoa egin eta gero, maiatzaren erdialdean igon nahi dau tontorrera.

Alex Txikon mendizale lemoarra orain dala urte batzuk egon zan Kangchenjungan, Al Filo de lo imposible telesaioaren espedizinoan, Edurne Pasabanegaz batera. Orduko haretan, baina, Pasabani laguntzea zan lehentasuna eta, beraz, ezin izan eban gailurrera heldu. Oraingo honetan, bide barri bat zabaldu nahi dau Txikonek Kangchenjungan, estilo alpinoan eta iparraldeko horma arriskutsutik. Beragaz batera joango da Denis Urubko beteranoa, kazakhstandarra eta 19 zortzimilako igondakoa. Baita Adam Bielecky poloniarra be, gazteagoa, baina alpinismoaren munduan gero eta ezagunagoa. Bihar goizeko zortziretan, Bilboko aireportutik urtengo dau Txikonek.

Nepal eta Indiako mugan dagoan Kangchenjunga, mendi oso garaia izateaz ganera, oso leku arriskutsua da. 1955ean igon eben lehenengo aldiz eta, 2013ra arte, 295 mendizale baino ez dira heldu gailurrera. 45 mendizale hil dira Kangchenjungan. Ez da tontor solte bat, izatez mendigune erraldoi bat da Kangchenjunga, zabala eta heltzen gatxa, adierazo dau Alex Txikonek. Iparraldeko isurialdetik igotea erronka gatxa izango da, bide barri bat zabalduko dabelako. Aklimatazinoa britainiarren bide klasikoan gora egingo dogu, zehaztu dau lemoarrak. Urubkok bultzatuta baina, tontorrera heltzeko, inork ibili bako horma bat erabiliko dabe. Burukomin nagusia serac tarte bi dira, edur jausiak eta bestelako istripuak ez jazoteko adi ibili beharko dabe. Ganera, goialdea zabala danez, 8.000 metrotik gora gau bi pasau beharko ditue, azkeneko zatia teknikoki gatxa da, konplexua. Kangchenjungako espedizinoa ohi baino luzeagoa izango dala dino Txikonek, alde batetik oinarrizko kanpamendura heltzeko bide luzea dagoalako eta, bestetik, tontorrerako bidean egun asko egin beharko dituelako, Kangchenjungako horma erraldoietan gora. Dana ondo badoa, maiatzaren 13 eta 25a bitartean heldu nahi leukee tontorrera.

Sekula erabili bako bidea zabalduko dabenez, hiru mendizaleek ez dakie ondo zer topauko daben. Gauzak garbi izan behar dira momentu guztietan, zer egin arin erabagi behar da zailtasunak dagozanean, nik zailtasunetan aurretik pentsetan dot, zer pasau leitekean eta zelan konpondu, horrek lagundu egiten dau, dino Txikonek. 8.000 metrotik gora lehendik be lo egindakoa da Txikon eta, horregaitik, alde horretatik ez dago hain arduratuta. Egoerea asko aldrebestuko balitz, leitekeana da ibilbidea apur bat aldatzea eta britainiarren bide klasikoaren zati batzuk erabiltea, unean unean erabagiten joango gara.

Alex Txikonek, Kangchenjunga igongo baleu, 12 zortzimilakoa izango leuke. Halandabe, espedizino honetan, ez dauka datu hori buruan. Egia esan, alderdi komertzialetik, babesleak erakarteko, hamalau zortzimilakoak igon nahi izateak saldu egiten dau, baina nik ez daukat horretan aparteko interesik, dino Txikonek, mendiak alkarren atzetik gehitzen joatea baino, nahiago dot beste erronka batzuk topau, egiteko moduari garrantzia gehiago emonda mendiaren izenari baino. Bere ustez, internetegaz espedizino guztiak preparetako modua horrenbeste erraztu dan ezkero, abenturearen esentzia non dagoan bilatzea da lehentasuna. 2013a oso urte oparoa izan zan eta aurten, bide beretik jarraitu nahi dot, dino Txikonek. Bihar, Kangchenjungara bidean urtengo dau eta, udarako, buruan darabil Pakistanen egingo dauen espedizino bat. Udagoienean Nepal aldera bueltetea aztertzen dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu