Itziar Nogerasek 'alderdikeria eta konpromiso falteagaitik' itxi dau Donostia 2016
2014-04-03 15:40Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusi zanak prentsaurrekoa emon dau Donostian, kargua ixteko errazoiak emoteko. Proiektuak blokeo teknikoa daukala esan dau, eta alderdikeriaz erabili dala.
Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusi zanak prentsaurrekoa emon dau Donostian, kargua ixteko errazoiak emoteko. Proiektuak blokeo teknikoa daukala esan dau, eta alderdikeriaz erabili dala. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateagaz batzartu zan atzo, eta bere erabagia berretsi egin eutson. Izagirrek, Nogerasen ebatzia minduta eta harrituta hartu eban, eta egitasmoa bera krisian eta ezegonkor dagoela onartu. Donostia 2016ko Patronatuak ezohiko batzarra egingo dau barikuan, hilak 4, 12:30ean.
Konponbide bako blokeo teknikoak eragin dau Nogerasen dimisinoa, kazetarien aurreko agerraldian azaldu dauenez. Zuzendaritza eta proiektuagazko konpromiso falta erabatekoa egoala nabarmendu dau, eta proiektua herritarrak batu ordez banatu egiten dituan alderdikeriaz erabilten dabilzala ganeratu. Orain zazpi hilebete hartu eban kargua Nogerasek, eta ordutik egoera hori agirikoa zan, bere esanetan.
Beste errazoi batzuk be emon ditu, berbarako, pasa dan astegoienean El Diario Vasco egunkariak Hiriburu Kulturalaren programea filtrazino baten bidez argitaratu izana. Kaltea sano handia dala azpimarratu dau, eta ondorio latriak dituala komunikazino-planean, proiektu batzuen lan pedagogikoan eta lantalde eta eragileen konfiantzan, besteak beste. Horren erantzulea Fundazinoaren Patronatua dala azpimarratu dau, izan be patronatukideei bakarrik bialdu ei eutsien informazino hori. Patronatua osotzen dabe Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Espainiako Kultura Ministerioak.
Prentsaurrekoaren ostean, bertan egozan Donostia 2016ko lantaldeko kide batzuk txaloka agurtu dabe Nogeras.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!