Euskal zinemagintzeak partaidetza handia izango dau Nanteseko Zinemaldian
2014-03-31 12:21 BarriakAurten apirilaren 3tik 15era izango dan Nanteseko Festival du Cinema Espagnol jaialdiak inoizko euskal partaidetzarik handiena izango dau, eta euskal zinemeari eskainitako Fenêtre Basque sailak aurkeztuko dauen programa potoloagaz batera, Alex de la Iglesia. La passion de tourner liburua aurkeztuko da.
Aurten apirilaren 3tik 15era izango dan Nanteseko Festival du Cinema Espagnol jaialdiak inoizko euskal partaidetzarik handiena izango dau, eta euskal zinemeari eskainitako Fenêtre Basque sailak aurkeztuko dauen programa potoloagaz batera -zortzi film luze, horreetako bi sarituak izateko aukerakaz, eta Kimuak 2013 bildumako zazpi film labur, hiru lan sarituen zerrenda ofizialean sartzeko aukerakaz-, Alex de la Iglesia. La passion de tourner liburua aurkeztuko da.
Etxepare Euskal Institutuak jakinarazo dauenez, Rouge Profond argitaletxeak editau dau zinemagile bilbotarrari buruzko liburua, Euskadiko Filmategiagaz eta Etxepare Institutuagaz alkarlanean. Euskal zinemaz argitaratzen dan era honetako lehen liburua da, frantsesera itzuli dana eta nazinoarteko zabalkundea izango dauena.
Era berean, jaialdiko Filmer au feminin/Le feminin atalean bi euskal produkzino sartu ditue, bertako jarduera desbardinetan euskal zinemagileen partaidetzea izango da, eta beste hiru euskal film be eskainiko dira jaialdiko hainbat ataletan. Gainera, Barbara Goenaga izango da epaimahaiko buru eta Imanol Uribe epaimahaikide.
Nanteseko jaialdian euskal zinemeak dauen presentzia gure mugetatik harago programarik osotu, aitagarri, beterano eta egonkorrena da. Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak urtero ahalegin berezia egiten dabe foro honetako programazinoan partaidetzea bermatu eta euskal sortzaile eta artistak bertara joatea ahalbidetzeko, izan be, jaialdi hau leiho zabala da Frantziako merkatu zinematografikoan sartu eta ikuslego frantsesarengana heltzeko (27.000 ikusle 2013an).
2001. urtetik euskal produkzinoak urtero izan dira jaialdi honetan, urte horretan hasi baitziran elkarren arteko hartu-emonak Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz. Etxepare Euskal Institutuak hartu eban lekukoa gero, eta ordutik presentzia indartuz joan da: gaur egun Fenetre Basque saila sano garrantzitsua da jaialdian eta euskal produkzinoek presentzia nabarmena dabe programako beste atal, foro eta jarduera batzuetan.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea Nantesko zinemaldiko inaugurazinoan izango da, eta amaieran, barriz, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Euskal Institutuko zuzendaria.
Fenetre Basque 2014
Fenetre Basque sailak ondorengo film luzeak proiektauko ditu, aurkezpen gehienetan zinemagileen presentzia izango dalarik: Asier ETA biok (Aitor eta Amaia Merino), Amaren eskuak (Mireia Gabilondo), Una esvástica sobre el Bidasoa (Alfonso Andres eta Javier Barajas), Violet (Luiso Berdejo), Tres 60 (Alejandro Ezcurdia), El Rayo (Fran Araujo eta Ernesto de Nova), Las brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia) eta Encierro (Olivier van der Zee).
Kimuak 2013 bildumeari jagokonez, Cólera (Aritz Moreno), Zela Trovke (Asier Altuna), Democracia (Borja Cobeaga), Hotzanak, for your own safety (Izibene Oñederra), Minerita (Raul de la Fuente), Una hora, un paso (Aitor Iturriza eta Bernat Gual) eta A political story (Lander Camarero) ikusi ahalko dira.
Azkenik, Alex de la Iglesia. La passion de tourner liburuaren aurkezpena apirilaren 5ean egingo da, 16:00etan, Cosmopolis aretoan, eta zinemagilea bera be bertan izango da. Egileak Jesus Angulo eta Antonio Santamarina dira, eta Rouge Profond argitaletxeak kaleratu dau, Euskadiko Filmategiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Nanteseko jaialdiaren babesagaz.
Euskadiko Filmategiaren ibilbideko 35 urtetan, ez da behin be lortu euskal zinemagintzeari buruzko liburu bat beste hizkuntza batera itzuli eta nazinoarteko zabalkundea emotea, eta kasu honetan, banaketea Frantzian, Belgikan, Suitzan eta Quebecen egingo da.
Amaitzeko Filmer au feminin / Le feminin sailean, Amaren eskuak (Mireia Gabilondo) eta La buena nueva (Helena Taberna) izango dira ikusgai, eta Gabilondok, Tabernak eta Aizpea Goenagak mahai-inguru batean be parte hartuko dabe. Azkenik, Panorama sailean Blancanieves (Pablo Berger) eta Las Brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia) proiektauko dira, eta Miel de Naranjas (Imanol Uribe) filmaren emonaldi berezia egingo da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!