Maria Merce Marçal, Georg Trakl eta Aime Cesaireren antologiak argitaratu ditu Susak
2014-03-24 14:13 KultureaBeñat Sarasolak zuzendutako Munduko Poesia Kaieren lehenengo hiru liburuak aurkeztu barri ditu Susa argitaletxeak. Maria Merce Marçal, Georg Traklen eta Aime Cesaireren poemak aukeratu eta euskeratu ditue Itxaro Bordak, Anton Garikanok eta Iñigo Aranbarrik, hurranez hurran.
Beñat Sarasolak zuzendutako Munduko Poesia Kaieren lehenengo hiru liburuak aurkeztu barri ditu Susa argitaletxeak. Maria Merce Marçal, Georg Traklen eta Aime Cesaireren poemak aukeratu eta euskeratu ditue Itxaro Bordak, Anton Garikanok eta Iñigo Aranbarrik, hurranez hurran.
Susa etxeak abenduan iragarri ebanez, urtero mundu osoko sei poeten antologiak kaleratuko ditue; hiru udabarrian, eta ganerako hirurak, udagoienean. Eta hemen dagoz lehenengo hirurak. Maria Merce Marçal (1952-1998) poeta katalanaren testuak Itxaro Bordak itzuli ditu. Joan dan mendeko olerkigintza katalanaren kanonean izena hartzen dabilen egilea dala nabarmendu eben aurkezpenean. Berrogeita sei urte baino ez zituala hil zan. Llobres del Mall argitaletxearen sortzaileetako bat izan zan, eta Kataluniako PEN Club-aren bultzatzailea. Bere aktibismo politikoak isla poetikoa dau, zeozelan, bere lanean. Nortasun feminista, lesbiana, abertzala eta marxista baten artikulatze berezi bat ikusten da bere lanean. Identidade nahiko konplexu eta kontraesankorra, dino Beñat Sarasolak berbaurrean.
Georg Trakl (1887-1914) idazle austriarra erromantizismo germaniarraren eta espresionismoaren arteko katebegi funtsezkotzat daukie adituek. Anton Garikanok aukeratu eta itzuli ditu bere testuak. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako Austria-Hungariako inperioan bizi izan zan loraldi kulturalaren partaide izan zan. Karl Kraus, Sigmund Freud, Oskar Kokoschka, Adolf Loos, Arnold Schönberg eta Ludwig Wittgensteinen garaikide izan zan eta horretako batzuk ezagutu be egin zituan. Udagoieneko koloreak dira nagusi bere olerkietan, gizakia, izadiagaz batera, hondamenera hurreratzen dago. Bakardadea agiri da poema askotan, gaixotasuna eta heriotzea.
Iñigo Aranbarri arduratu da Aime Cesaireren (1913-2008) antologia osotzeaz. Martinika ugarteko poeteak 1935ean asmau eban négritude (negritudea) kontzeptua landu eban bere lanetan. Parisen egin zituan arte ikasketak, eta han idazle eta intelektual baltzakaz izan eban hartu-emonik handiena. Cesaireren poesia negrotasunaren inguruko hausnarketea dan neurrian, identidade baten eregite eta deseregite baten antzekoa be bada, azaltzen dau Sarasolak. Kritikoa zan, baina autokritikoa bere bai, zurien gailentasuna salatzen eban, baina baltzek euren egoerea zelan onartzen eben be kritiketan zan bere testuetan.
Munduko Poesia Kaieretako hurrengo hiru beharrek Carlos Drummond de Andrade, Emily Dickinson eta Miguel Hernandezen testuak batuko ditue. Koldo Izagirre, Angel Erro eta Josu Landa izango dira antologien arduradunak. Kaiera bakotxa 10 euroan dago salgai dendetan, baina harpidetzea egiteko aukerea be badago, urtero 40 euroren truke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!