Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako ordezkarien agerraldia Eusko Legebiltzarrean

Bizkaie! 2014-03-19 09:37   Euskerea berbagai

Eusko Legebiltzarraren Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol batzordearen aurrean agerraldia izan eben bart Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako ordezkariek. Guztien izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu eban berbea eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren sorrerea, izaerea eta zereginak azaldu zituan. Laster ehun urte beteko dituan erakunde honen erronka eta helburu nagusiak be aitatu zituan.

Eusko Legebiltzarraren Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol batzordearen aurrean agerraldia izan eben bart Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako ordezkariek. Guztien izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu eban berbea eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren sorrerea, izaerea eta zereginak azaldu zituan. Laster ehun urte beteko dituan erakunde honen erronka eta helburu nagusiak be aitatu zituan.

Euskaltzaindia zelan sortu zan gogoratu ostean, erakundearen helburu nagusiak gogoan izan ditu euskaltzainburuak: Euskerea ikertzea, arautzea eta haren erabilerea sustatzea. Beraz, bere izaera zientifikoa eta akademikoa, alde batetik, eta gizarteagazkoa, bestetik, azpimarratu behar dira.

Hainbat arlo jorratu ditu Andres Urrutiak bere agerraldian, besteak beste orain arte emon diran pausurik nabarmenenak, bai eta etorkizunari begira Euskaltzaindiak mahai gainean dituan 11 erronka eta 5 ildo nagusiak be.

Holan, XXI. mendean egin diran pausurik nabarmenenak kontuan hartuz, hainbat puntu aitatu ditu Andres Urrutiak. Horreen artean, Euskaltzaindia ikerketa-erakunde lez autortua izan dala esan dau, diru-baliabideen kudeaketa eragingarria egiten dala azpimarratu, edota hizkuntza industriakaz, unibersidadeakaz, euskalgintza eta euskal gizartearen herri-erakundeagaz, elkarteakaz eta hedabideakaz lankidetza-bideak jorratu eta areagotu dirala ohartarazo dau. Euskera agerkariaren barriztatze prozesua -aldizkari zientifikoen mailea dauka-, webgunearen erabarritzea, eta argitalpenen zabalkundea hobetzea, horreek be nabarmendu ditu euskaltzainburuak.


Erronkak eta ildo estrategikoak

Erronkak nabarmendu ditu jarraian. Hona horreetako batzuk: finantzaketa-bide barriak lortu; egituraz kanpoko erakunde eta profesionalakazko alkarlana eta lankidetza-sistemak hobetu eta areagotu; Euskaltzaindiaren jarduera arauemoilea eraginkorragoa egin; hizkuntzearen corpusari buruzko aholku eta konsulta zerbitzuetan, erakunde eta profesionalei zerbitzu-eskaintza hobea ziurtatzeko pausuak egin; ahozko hizkera-moldeak landu eta hizkuntza mintzaturako erregistroak, lehentasunezko gizarte-esparru eta segmentu jakinetara zabaltzeko egitasmoak bultzatu; euskalgintzako eragile eta hizkuntzalaritzako profesionalek Euskaltzaindiari eskatutako egitasmoei lehentasuna emon...


Bost arlo estrategiko zehaztu ditu Zuzendaritzeak 2011-2016 aldirako:

- Ikerketea eta araugintzea indartzea zein sustatzea.

- Euskaltzaindiaren lana gizarteratzea eta gizarteagazko hartu-emonak indartzea.

- Euskaltzaindiaren lana are ikusgarriagoa egitea zerbitzuen bidez.

- Erakundearen barruko lana eraginkorragoa bilakatzea, lan egiteko moldeak gaurkotuz, prozesuen arabera jardun eta erakundearen barruko antolaketea erabarritu, eta eraginkor bihurtuz.

- Euskaltzaindiaren jardunari eusteko eta areagotzeko asmoz, finantzaketa-bide barriak lortzea, diru-iturriak dibersifikatuz eta erakundearen finantza-egoera egonkorra lortzeko bideak jorratuz.


Bestalde, epe berean gauzatzeko, helburuak zerrendatu ditu. Horreen artean:

- Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren 4 liburuki barri kaleratzea.

- Hiztegi Batuak 63.000 berba jasotea.

- Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak hiztegiak 43.000 berba jasotea. Bigarren argitaraldia.

- Euskal Hiztegi Etimologikoa argitaratzea.

- Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lana eguneratzea eta moldatzea. Ondoren, lanaren laburpena egitea.

- Euskara Batuaren Eskuliburua argitaratzea.

- Euskerearen Historia Soziala egitasmoa burutzea.

- Lexikoaren Behatokiak 60.000.000 testu-berba jasotea.


2013-2016 aldirako bestelako helburuak, barriz, honako honeek dira:

- Onomastika zerbitzua berrantolatu eta erispideak ezartzea. Euskal Corpus Onomastikoa gizarteratzea.

- Hizkuntzearen Kalidadearen Behatokia zerbitzuaren sorrerea.

- Ikertzaileen figura sortzea eta barruratzea Akademiaren egituraren barruan.

- Euskaltzaindiaren batzordeek be lanean jarraitzea eta Euskaltzaindiaren zerbitzuak eragingarriak izatea euskal gizartearen aurrean.

- Hizkuntza industriakaz, herri-erakundeakaz, unibersidadeakaz, euskalgintzearen eta euskal gizartearen alkarte eta erakundeakaz, hedabideakaz eta abar lankidetza bideak areagotzea, euskerea goratzeko eta are hobeto kokatzeko etorkizunari begira.

- Euskaltzaindiaren ekarria proiektatzea euskal gizartean euskerearen lurralde guztietan.

- Kudeaketa gardena eta hurrekoa. Eskuartean daukazan baliabideak ahalik ondoen eta eragingarrien erabilteko asmo sendoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu