Zinebik ‘Hileko Dokumentala’ sareagaz bat egin eta beste jaialdi batzuetan saritutako filmak ekarriko ditu Bilbora
2014-03-14 09:54 BarriakBilbora ekarriko daben ekimen honi esker, hilean behin, dokumental baten aldi bereko estreinaldia egingo da Espainia, Txile, Kolonbia eta Argentinako 53 aretok osotutako sareaan, generoaren zaleei nazinoarteko beste jaialdi batzuetan aukeratu edo saritu baina gerora ia-ia banaketa komertzialik ez daben lanez gozetako aukerea emonez.
ZINEBI Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak jarraipena emongo deutso martitik aurrera urte osoko programazinoari Hileko Dokumentala izeneko zikloaren bidez. Parallel 40 banaketa-etxeak eta DocsBarcelona Nazinoarteko Dokumental Jaialdiak Atera Filmsegaz lankidetzan Bilbora ekarriko daben ekimen honi esker, hilean behin, dokumental baten aldi bereko estreinaldia egingo da Espainia, Txile, Kolonbia eta Argentinako 53 aretok osotutako sareaan, generoaren zaleei nazinoarteko beste jaialdi batzuetan aukeratu edo saritu baina gerora ia-ia banaketa komertzialik ez daben lanez gozetako aukerea emonez.
Holan, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, hilebeteko azken eguenetan, Coliseo Zirkuituko Multizineetan (José María Escuza, 13), zientzia, ekonomia edota gizarte arloko gaurkotasun handieneko gaiak aztertzen dituen dokumentalak estreinauko dira. Sarrerearen prezioa 3,70 eurokoa izango da.
Hileko dokumentala ekimenaren aurkezpenean izan dira Ernesto del Río Zinebiko zuzendaria, proiektua koordinetan dauen Laia Aubia Parallel 40ko banaketa-arduraduna eta Miren Aperribay, Atera Filmseko zuzendaria.
Filmen izaera barritzaileari erreparauta —mundu osoko jaialdien azken edizinoetan aurkezten dabilzan tituluak tarteko dirala—, aukeraketea zehaztuz joango da ondorengo hileotan. Hala eta guztiz be, bagilera arteko programazinoa finkatuta dago dagoeneko, etxebizitza-merkatuaren krisia, genetikoki eraldatutako elikagaien segurtasuna eta LHC partikula-azeleragailuaren lana lako gaien inguruan.
Martitik bagilera bitarteko programazinoa
Zikloari hasierea emongo deutson dokumentala martiaren 27an izango da ikusgai, eguenez. Denontzako etxeak (Houses for all) izenburuko dokumental alemaniarra da, Gereon Werzelek zuzendutakoa. Alemanian, Frantzian eta Holandan saritutako lan honek Espainiako burbuila inmobiliarioaren hondakinak arakatzen ditu, herrialde osoko paisajean itxi dituan urigintza arloko ondorioak erakusteko asmoz.
Apirilaren 25ean, eguena, Familia bat alokatu, S.A. (Rent a family Inc) ikusi ahal izango da. Kaspar Astrup Schroder zuzendariaren lan honek, jentaurreko ekitaldietan bezeroen senidearena egiten daben antzezleak kontratetan dituan Ryuchi izeneko enpresari japoniarraren mundu hermetikoan sartuko gaitu. Jarduera hau sekretua da eta Ryuchik berak familiari ezkutatzen deutso zein dan bere benetako lana, bizitza pertonala mugatuz eta enpresearen izena -Animoa jaso nahi deutsut- sortzailearentzako ironia gordina bihurtuz.
Maiatzaren 24rako programauta dagoan lanak elikadura-segurtasunaren eta gure dietan txertatuz doazen transgenikoen auzi kezkagarria izango dau aztergai. GMO: Genetikoki Eraldatutako Organismoa filman, Jeremy Seifery zuzendariak holako produktuak konsumiduteak dakarzan ondorioen benetako ezagutzaz gogoetea egin dau.
Amaitzeko, bagilaren 28an, Genevara hurreratuko gara, Partikulen Fisikako Europar Laborategiko (CERN) teknikariek Big Bang-aren jatorria azaldu guran Hadroi Talkagailu Handiaz (LHC partikula-azeleragailuaz) egiten dagozan ahalegina ezagutzeko. Mark Levinson zuzendariak nazinoarteko ospea lortu dau Particle Fever izeneko lanagaz, Higgs-en bosoia dalako garrantzi zientifiko handiko kontua, urtetan horren bila ibili diran ikertzaileen bizipen eta sentipenetatik abiatuta azaltzeagaitik.
Parallel40 film dokumentalen zabalkundean espezializau da azken 18 urteotan eta horretarako, 2005ean, Hileko dokumentala ekimena sortu eban, gaur egun Espainia, Txile, Argentina eta Kolonbiako 55 aretok osotutako sarea dauena (orain Bilbo batu jake). Areto horreetan, hilean behin, nazinoarteko ospea dauen film dokumental luze baten aldi bereko estreinaldia egiten da. Honen sortzailea, Joan Gonzàlez, DocsBarcelonaren zuzendaria eta Memorimage jaialdiaren programatzailea da. Igaz, EDN Award saria eskuratu eban hogeita hamar urteko karrerearen eskerronez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!