Emakume zinema-zuzendariak zikloa Artium Museoan
2014-03-06 14:40 BarriakEmakume zinema-zuzendariak zikloa martiaren 6an hasiko da, Susanne Bier zinemagilearen En un mundo mejor pelikuleagaz, 2010ean ingelesezkoa ez zan pelikula onenaren Oscarra eta Urrezko Globoa irabazi zituana eta Europako zuzendari onenaren saria. Filmak borondatezko mediku baten eta honen familiaren bidez gatazka-egoeretako mendekuaren eta barkamenaren arteko dilema morala planteetan dau.
Gasteizko Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Emakume zinema-zuzendariak zikloa aurkeztu dau, martiaren 8an ospatzen dan Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz loturik. Gracia Querejeta, Susanne Bier, Samira Makhmalbaf eta Miranda July dira ziklo honetarako hautatutako zuzendariak, eta honeek azken hamarkadan egin dituen eta nazinoarteko zenbait sari jaso dituen pelikulak. Islamiar herrialdeetako emakumeen burrukea, belaunaldien arteko gatazkak eta egungo gizartean personen arteko komunikazino-zailtasunak dira zikloko lau pelikuletan jorratzen diran gai batzuk. Pelikula guztiak jatorrizko bersinoan proiektauko dira eta, Gracia Querejetarena kenduta, gaztelaniazko azpitituluakaz. Proiekzinoak martiaren 6, 7, 13 eta 14an izango dira, 20:00etan, Artiumen Emonaldi aretoan. Sarrerearen prezioa 2 eurokoa da saioko, baina lau pelikuletarako txartel bat eros daiteke 6 euroan. Artiumen Adiskideentzat sarrerea doban da.
Emakume zinema-zuzendariak zikloa martiaren 6an hasiko da, eguena, Susanne Bier zinemagile daniarraren En un mundo mejor pelikuleagaz, 2010ean ingelesezkoa ez zan pelikula onenaren Oscarra eta Urrezko Globoa irabazi zituana eta Europako zuzendari onenaren saria. Kritikoek goraipatua, drama garaikide boteretsu lez aitatua, filmak borondatezko mediku baten eta honen familiaren bidez gatazka-egoeretako mendekuaren eta barkamenaren arteko dilema morala planteetan dau.
Barikuan, hilak 7, Samira Makhmalbaf zuzendari iraniarraren A las cinco de la tarde proiektauko da. Canneseko 2003ko Nazinoarteko Jaialdian epaimahaiaren saria jaso eban pelikula honek. Afganistaneko emakumeei emoten deutse berbea, eta euren bardintasunaren eta ezagutzaren aldeko eguneroko burrukeari. Filma hareetako baten istorioa da; politikan jardun nahiko leuke eta egunen batean presidente izatera heldu, baina aldi berean ikusten dau burkak, tradizinoak eta erregimen matxisteak oso erro sakonak dituala bere herriko gizarte-bizitzan.
Hurrengo astean, hilaren 13an, eguena, Miranda July estadubatuarraren Tú, yo y todos los demás pelikulea eskainiko dabe. Mundu garaikideko isolamenduaren erdian beste persona batzuekaz hartu-emonak izateko ahaleginaren behaketa poetiko eta zehatza da. Personaiak, jente arrunta, beren gogoeta intimoenez berba egiten daben izaki distiratsu bihurtzen dira, barruko oldar sekretuei jarraitzen deutsen eta egiazko gizatasun momentuak bizi dituenak, batzuetan ukitu surrealista bategaz. Laguntasuna bilatzen dabe oinazezko bideetatik eta azkenean, munduan bateren bategaz konektetea lortzen daben momentu laburretan topetand abe aringarria. Lan honegaz Miranda Julik opera prima onenaren saria jaso eban Canneseko Jaialdian, eta epaimahaiaren saria Sundancekoan.
Emakume zinema-zuzendariak zikloa Gracia Querejeta madrildarraren azken pelikulearen proiekzinoagaz amaituko da. 15 años y un día filman nerabe gatazkatsu baten eta honen aititaren (militar erretiratua, Argiaren Kostako herritxu batean bizi dana) arteko hartu-emon gogorrak jorratzen dira. Azken Oskar sarien aurre-hautaketan Espainia ordezteko aukeratua, nahiz eta azkenean aurrera ez atera, 2014ko Goya sarietan pelikula onena eta zuzendaritza onena sarietarako hautagai izan zan eta pelikula onenaren saria irabazi eban 2013an Malagako Jaialdian. Zuzendariak berak dinoanez, doktrinamendu asmorik bako pelikula bat da, eta ez dau etxezuloko gai bat jorratzen, helduen eta nerabeen arteko ikaste-alkartruke bat planteetan dau, Mendebaldeko edozein tokitan erraz uler daitekeena'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!